Oso ezaguna da Maixabel Lasaren jarduera eta oso ezaguna ere Icíar Bollaín zinegilearen lana. Bi bideak uztartu dira orain; ostegun honetan jakitera eman denez, Lasari buruzko filma errodatzen hasia da Bollaín, Gipuzkoan eta Araban hain zuzen ere.
Juan Mari Jauregi Gipuzkako gobernadore zibila izandakoaren alarguna da Maixabel Lasa, bai eta bere biktima izaeratik elkarbizitzaren aldeko apustu sendoa duen Maria Jauregiren ama ere. Ibilbide politikoa ere egina du, Lakuako Gobernuaren menpe zenbait kargu betez.
Aurreratu denez, ETAk Jauregi hil eta hamaika urte beranduago Tolosako atentatua egiteagatik zigortutako preso batekin (eta bigarren batekin) Maixabel Lasak izan zuen bilera da pelikularen ardatz nagusia. Behin baino gehiagotan kontatu ditu aurrez aurreko haiek Lasak. Dokumental bat ere osatu zen horrekin duela bi urte, Jon Sistiagaren ‘ETA, isiltasunaren amaiera’ seriean txertatzeko.
Bollaínen ustez, «gizatiartasunaren ikuspegitik oso sakona izan zen Maixabelen urrats hura: hiltzaileekin jasandako mina adierazteko aurrez aurre jartzea, soilik haiek eman ditzazketen erantzunak eskatzea, eragindako mina deitoratzen dutela entzun eta zintzoa ote zen egiaztatzea».
Blanca Portillo eta Luis Tosar
Bollaínen hamaikagarren filma izango da hau. Isa Camporekin batera osatu du gidoia. Estatu mailako aktore ezagunek hartuko dituzte protagonisten paperak: bilera horien mahaiaren bi aldeetan Blanca Portillo eta Luis Tosar egongo dira. Maria Cerezuelak eta Urko Olazabalek ere parte hartzen dute. Beste euskal izen-abizen ugari ere badakartza lanak: Alberto Iglesias soinu-bandaren arduradun, Mikel Serrano arte zuzendari, Javier Aguirre argazkigintzan...
Kowalski Films (Koldo Zuazua) da ekoizlea eta EiTBk, Lakuako Gobernuak eta Gipuzkoako Aldundiak bultzaten dute RTVE, Movistar eta Kultur Ministeritzarekin batera.
Bollaín madrildarraren lana gizarte kontuetan nabarmendu da: ‘Flores de otro mundo’, ‘Te doy mis ojos’, ‘Mataharis’, ‘En tierra extraña’, ‘Yuli’, ‘La boda de Rosa’... Euskal gatazka ez du orain arte gai gisa hartu.