Segura eta Urruñako hainbat herritarren arteko ekimen politiko-kulturala antolatu ohi du Iparra-Hegoa elkarteak udaberriro, azken 26 urteetan. Aurten berriz, osasun egoeraren eraginpean, ohiko egitaraua antolatzea ezinezkoa izanen zaionez, Euskal Herriko kulturgile eta herritarren elkar-ezagutza sustatzen duen elkarteak ekimen berri bat eman du ezagutzera.
‘Bizi Gira... Kutxa Bira’ ekimena martxoaren 20an abiatuko da, maiatzaren 30ean amaitu asmoz. Bidean Euskal Herri osoko hamarka herri zein diasporako hainbat leku barnebilduko ditu. Ekimenak egurrezko kutxa bat izanen du oinarri. Kutxa horretan, euskararen, lurraldetasunaren eta bestelako hamaika aldarriren islada biltzeko asmoa du. Baina Euskal Herria zapaldu baino lehen, diasporako txoko batetik abiatuko da. Izan ere, martxoaren 20an Argentinako Viedmako Euskal Etxean emanen du lehen urratsa, Euskal Herritik 12.000 kilometrora.
Hala ere, bideo bidez, helarazi dute dagoeneko lehen mezua Viedmatik Rocio eta Imanol Basterra patagoniarrek, hizkuntzaren bidez distantziak laburtuz. «Ez da distantziarik, ez gerrarik, ezta pandemiarik euskaraz bizitzea ezinezko eginen duena», dio Imanolek. «Guk euskaraz egiten badugu, zuek zergatik ez?», gehitu du Rociok.
Apirilean Euskal Herriratuko dira Argentinatik iritsitako kutxa eta mezuak, herriz herri ibiltzeko asmoz. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kutxaren iritseraren aitzakiapean hainbat herritan ekitaldi ezberdinak antolatuko dira. «Herri bat garela eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatuko dugu Kutxa Biran. Kutxa aldarriz eta ametsez beteko dugu bi hilabetean zehar».
Kutxa Birari aurkezpen publikoa emateko, Amets Arzallus bertsolariaren mezu bat zabaldu dute. Bertan, Arzallusek, «hizkuntza da oraingoz, munduak eskaini digun bizileku bakarra. Hitza da gure lurra», azpimarratzen du.
Kutxa bat, hemen eta munduan zehar, biraka. Heldu gira!
— Bizi gira... Kutxa bira! (@kutxabira) February 13, 2021
Datozen egunetan, adi !!#kutxabira pic.twitter.com/n0g7SQ8OmQ
Ekimen honetan, edozein elkarte, eragile, udaletxe edo ikastetxek parte hartzeko gonbidapena luzatu dute. Eta kutxa jasotzeko izen-emate epea otsailaren 22ra artekoa da.