NAIZ

Jean Grenet, Baionako auzapez ohia, zendu da

Baionako auzapez izan zen Jean Grenet hil da. Urte luzez eskuinaren erreferentea izan zen politikaria bere etxean zendu da, 81 urte zituela.

Jean Grenet, Baionako auzapez ohia. (Gaizka IROZ)
Jean Grenet, Baionako auzapez ohia. (Gaizka IROZ)

Baionako auzapez izan zen gaur goizean hil da. Udal mandatatari ohia bere etxean zendu da, 81 urte zituela, eritasun luze baten ondorioz.

Jean Grenet 1939an jaio zen Baionan. Medikua formakuntzaz, hogei urtez Baionako alkate izan zenak beste hainbat kargu publiko bete zituen.

Didier Borotra, Biarritzen, Michèle Alliot-Marie Ziburu-Donibane Lohizunen, eta Jean Grenet Baionan. Ia Ipar Euskal Herri osoan bezala Lapurdin hamarkada luzez zentro-eskuinak izan zuen nagusitasunaren ikur izan ziren hiru politikari horiek.

Bere aita zenari Henri Greneti segida hartuz Lapurdi hiriburuko alkate bilakatu zen ogibidez, aita bezala, mediku zen Jean Grenet. Abantzu hogei urtez jardun zuen auzapez.

Orotara Greneten dinastia 56 urtez jaun eta jabe izan den Lapurdi hiriburuko herriko etxean.

Baita haratago ere. Jean Grenetek bere aitak okupatu zuen beste eserlekua hartu zuen. Pirinio Atlantikoen departamenduko kontseilari izan baitzen hiru urtez, 1992tik 1995 arte.

Zentro eta eskuinaren hainbat talde bere baitan hartuz 1978an Valery Giscard-d'Estaing frantziar presidente ohiak sortu zuen UDF alderdian abiatu zuen bere ibilbide politikoak Jean Grenetek, horretan ere bere aitaren itzalpean. Ondoren, RPRn jardun zuen eta, finean, zentro-eskuinaren marka berri batekin, UMP taldearekin, bat egin zuen.

Jean Grenet 1989an heldu zen Baionako Herriko Etxera, hasieran kontseilari gisa jardun zuen eta 1993tik aurrera auzapez-orde bezala.

1995. urtean Baionako alkatetza eskuratu zuen eta handik frantziar mailako mandatu bat xerkatu zuen. Hartara, 2002tik 2012ra frantziar Asanbleako diputatu izan zen. Zezenzale amorratua, tauromakiari buruzko lan taldean jardun zuen frantziar parlamentuan.

Baionarra oroz gainetik

Zezenak, errugbia eta peñak. Horiek ziren Greneten ustez Baionaren nortasun adierazle nagusiak.

Bere hiriari buruz zuen ikusmolde horri atxikia, politikari eskuindarrak ez zuen inoiz gustuko izan euskara eta euskal kulturaren alde bereziki 80-90. hamarkadetatik aurrera Lapurdiko hiriburuan suspertu zen herritar mugimendua.

Hala eta guztiz ere erakunde ordezkari gisa urteak aurrera joan ahala jokabide orekatuagoa hartu zuen, hala nola Euskaltzaindia edo Seaska bezalako elkarteekin harremanak zertxobait goxatuz.

Hainbeste maite zituen Baionako besten «irudia zikintzeko» saio bat bezala hartu zuen, neurri handi batean, bortizkeria sexistari buruzko lehenengo salaketa publikoek.

Hala, Baionako besten bilana egiteko agerraldian, 2005ean, bi bortxaketa salaketen harira «emazteen janzkera»ri buruz egin zuen aipuak ika-mika handia piztu zuen.

Jean Grenetek ez zuen begi onez ikusi Ipar Euskal Herrian erakunde bat sortzeko egitasmoa. Izan ere Biarritz-Baiona-Angelu hirigunea elkarlanean jartzeko, elkargo baten bidez, lan eskerga egin zuen.

Euskal departamenduaren sorrerarekin aurka agertu zen hasiera batean eta horren ondotik Euskal Elkargoa sortzera eraman zuen prozesuan kontrako jarrera hartu zuen.

Alta, bere udal taldekide izan ondoren bere eserlekua hartu zuen Jean-Rene Etchegaray bilakatu zen 2017. urtean hiru lurraldeak bere baitan hartzen duen lehenengo erakundearen buru. Baionako auzapezak dolumin mezua plazaratu du gaur sare sozialen bidez Jean Greneten heriotzaren berri izan ondoren.

Pertsona hurbila, hiriari estuki lotua, nortasun handikoa, «oroz gainetik baionarra»... hala definitu dute gaur Jean Grenet berarekin harreman estua izan zutenek.

Hala nola, Pirinio Atlantikoen departamenduko presidente den Jean-Jacques Lasserrek mezua plazaratu du «biziki preziatu zuela gizona eta berarekin urteren poderioz ehundutako harremana» nabarmenduz.

Max Brisson senatari miarriztarrak unibertsitatea Baionan garatzeko xedex Jean Grenetek «eraman zuen borroka» nabarmendu du.

EAJ-PNBren ustez «euskara, euskal kultura eta Lurralde Elkargo berezi baten alde apurka apurka engaiatutako Euskal kostaldeko arduradun politikoen belanauldi baten parte izan zen» Jean Grenet.

Bestalde, Greneten bihotzeko kirol taldea zen Aviron errigbi taldeak agiri plazaratu du bere lehendakaria izan zenaren familiari elkartasuna agertuz.

Dolu gisa hiriko banderak maste erdian jartzeko agindua eman du Jean-Rene Etchegarayk. Horretaz gain dolumin liburua ezarria izan da Herriko Etxean «hiria sakonetik maitatu zuen» agintari ohiaren familiaren aldeko elkartasun mezuak jasotzeko.