Iragan berri den asteburuan Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroan izan diren suteen biharamunean garrek suntsitutako parajeei erreparatu diegu, eta irudiak latzak dira. Ibardin, Larhun edo Lesakan hartutakoak dira argazki bilduma honetan bildu ditugunak.
Orotara 2.000 bat hektarea kiskali ditu azken urteetan Bidasoa aldean ezagututako suterik handienak. Horietako kasik 1.000 Nafarroan, bereziki Lesakan eta Beran; 750-800 Biriatu eta Azkaine artean; eta bertze 400 Irun aldean. Azken garrak igande gauerdian itzali zituzten, profesionalen eta boluntarioen asteburu osoko ahaleginari esker, nahi orduko ailegatu ez zen euriaren laguntzarekin.
Berako abeltzain batek honelaxe laburbildu zion NAIZi bere aurrean zeukan panorama: «Honek basamortua dirudi, edo Marte. Negar egiteko gogoa ematen du».
Landaredia kaltetzeaz gain, suak azienda aunitz hil zituen: behi, ardi, ahuntz, behor zein pottoka… denetarik. Pinudiak deusetarako balio ez dutela gelditu dira, bertako basoa da erre den gehiena eta galera handia da ondare naturalarentzat. Bizilagun ugari beren etxeetatik atera behar izan zituzten, baina zorionez ez zen inor zauritu, nahiz eta uneren batean horren beldur ere izan ziren.