Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Krisiak sortutako aukerak erabili erabakitze eskubidea ukatzen duten estatuei erantzuteko

Xabier Barandiaranek, Roberto Uriartek eta Floren Aoizek erabakitze eskubideari buruz eztabaidatu dute Hamaika Gara eta ‘Berria’ egunkariak antolatutako solasaldian. Estatuei erantzuteko herri estrategia definitu behar dela diote, eta covidak sortutako krisia gizartea batzeko aukera izan daiteke.

Uriarte, Barandiaran, Nikolas eta Aoiz, solasaldian. (@Hamaika_Gara)
Uriarte, Barandiaran, Nikolas eta Aoiz, solasaldian. (@Hamaika_Gara)

Autodeterminazio erreferendum adostu eta ofizial baten testuinguruan nagusi dira Euskal Estatuaren alde agertzen diren herritarrak, %42,5ek alde bozkatuko lukete. Eta gehiago dira erabakitzeko eskubidearen alde daudenak, izan ere %63k, hiru euskal herritarretik bik, babesten dute etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea.

Hala jasotzen du Telesforo Monzon eLaborategiak eta Parte Hartuz EHUko ikerketa taldeak egindako Naziometroak. Asteazken honetan Xabier Barandiaran EAJko kideak, Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuak eta Floren Aoiz Iratzar fundazioko zuzendariak aipatutako inkestan jasotako datuak aztertu dituzte Hamaika Gara ekimenak ‘Berria’ egunkariarekin batera antolatutako solasaldian. Zelai Nikolas aritu da moderatzaile lanetan.

Aoizek ongietorria eman dio inkestari, «argazkia onuragarria» delako. «Ikusten da badagoela taupada bat naziogintza ikuspegitik, indartsua dena, eta oinarriak daudela naziogintza prozesua aurrera eramateko», nabarmendu du ikusten dituen arriskuak azaldu baino lehen, izan ere, berak adierazi duen bezala, «argazki honek ez digu esaten gauzak berez nora joango diren».

Etorkizuna eta norabidea baldintzatzen duten elementuak daudela gogoratu du, eta, azpimarratu duenez, «afera da ez garela Eskozia eta Kataluniarekin ikusi dugunez, espainiar Estatuaren kasuan ez dago ezer adosteko borondaterik». «Estrategikoki galdera bat dago, aurrean duzuna ez baduzu konbentzitzen, zer da egin behar duzuna? ‘Ez dugu onartuko’ horren aurrean zer egingo dugu?», galdetu du.

Hori izan da solasaldiaren ardatza. Zer egin mugitu nahi ez diren estatuak, bai espainiar Estatua, bai frantziar Estatua, mugiarazteko. Guztiek aitortu dute erantzuna ez dela erreza, baina bat egin dute gizartearen indarra ezinbestekoa izango dela zubiak eraikitzeko eta aurrera egiteko.

Uriartek azpimarratu duenez, «ez dago formula magikorik», izan ere gaur egun «konfrontazio politika» nagusi da. «Nola eman buelta? Halako ekimenekin, jendeari azalduz», adierazi du. Eta Barandiaranek «aberregintzako herri estrategia» bat definitu behar dela azaldu du. «Krisi momentu honetan, eraldaketa handiak ematen ari diren momentu honetan, sekulako erronka dugu», ohartarazi du.

Aoizek covid-19ak sortutako krisia gizartea batzeko aukera bat izan daitekeela azaldu du. «Zoritxarrez pandemia ez da bukatu, baina zorionez desgrazia handi honi kolektiboki eta herri gisa erantzuteko aukera ez da bukatu», adierazi du, eta burujabetzaren gaia eztabaidaren erdian jartzeko aukera handia dela nabarmendu du: «Ikusi behar dugu zer nolako ahuleziak izan ditugu erakunde komunak ez izateagatik. Estatua ez izateak halako egoera batean zer suposatzen digun».