Joan den urtarrilaren 31n, hemezortzi urteren buruan, ateak itxi zituen Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak, arrazoi ekonomikoak tarteko. Hainbeste kontzertu eta emanaldiren plaza izandako kulturguneak luzaro bidaide izandako arazo ekonomikoei, covid-19ak eragindako desastreak eman zien errematea. Egoera ikusita, hilabete batzuk aurretik, irailean, Plateruenako kooperatibako bazkideek agoniari bukaera ematea erabaki eta likidaziora jo zuten.
Arazoa guztien begien bistan zegoen aspalditik: ostalaritza, euskara eta kultura batzen zituen kafe antzokiaren eredua hilzorian zen Durangon, batez ere ostalaritzak ez zuelako jada bere partea ematen, besteak beste, gizartearen ohitura aldaketak tarteko. Egoera zail horretan, pandemiak eragindako osasun neurriekin, etorkizuna ezin beltzagoa begitantzen zen eta, azkenean, 2020aren bukaerarekin bat, ateak itxi eta eraikina Udalaren esku gelditu zen.
Albistea tsunami txiki baten antzera erori zen euskal kultur munduan. Plateruena ez baitzen Durangora bakarrik mugatzen zen plaza; Landakoko hiltegi zaharraren gainean eraikitako kulturgunea erreferentea zen gure kultura txikian bertan egindako lan eskergari esker.
Eta orain, zer? Guztia besterik gabe bukatuko al da? Galdera horiekin barruak nahasita, kezkok eragindako bor-borra akuilu, gauzak mugitzen hasi ziren Durangon. Alde batetik, Udalak atzo bertan jakitera emandako prozesu herritarra martxan jartzea erabaki zuen; hau da, Emun aholkularitza enpresak gidaturik, ekainera arte herrian iritziak eta ekarpenak jasoko dituen prozesua. Aldi berean, urritik herritar talde bat martxan dago Durangon kulturgunearen etorkizuna ziurtatzea helburu. Larunbatean, lehen bilera irekia egingo dute herrian.
Hausnarketa prozesua
Bederatzi lagunek osatzen dute ‘Plateruena ta gero zer’ herri plataformaren talde eragilea. Gazteak dira nagusi –35 urtetik beherakoak gehienak–, eta, kafe antzokia ixteko erabakia hartu zenean, beraien kontu martxan jartzea otu zitzaien. Batzuk Plateruenako kulturgintzako langileak ziren, beste batzuk herriko mugimendu sozialeko kideak edo kulturgintzan ibilitakoak.
Ane Arbeo eta Markel Sanchezekin egin dugu hitzordua kafe antzokiaren ondoan. Ane, herri mugimenduetatik dator; Markel, Berbarako zuzendaria da eta azken urteetan kooperatibaren zuzendaritzako partaidea izan da. Dena den, orain norbanako gisa ari dira, herrian luzaro izandako kultur ondare emankorra nola mantendu, indartu eta, batez ere, berritu dezaketen aztertzeko. Kontuan hartu behar den zerbait bota du Anek: «Durango erreferentziala da Azoka garaian, baina Durango ez da bakarrik abenduko zubi horretan gertatzen dena». Egun horietatik kanpo ere kultur munduari leku egiteko beharra ikusten dute. Kulturgintza bideratu, bultzatu eta sustatzekoa. Izan ere, herrietan ere bizitza kultural handia dago.
«Dinamizatzaile» papera bete nahi dute, gehitu du Anek, herriko sortzaile, kultur elkarte eta eragileak bildu eta mugiarazteko. «Hau ez da zerotik hasten den zerbait: orain 18 urte helburu batzuekin sortutako eraikin bat jasotzen dugu oinordetzan, orain esku publikoetara pasatzen dena. Guk argi dugu eraikin hori sorrerako helburuetara bideratu behar dela: euskara eta kultura. Euskararen sustapenera eta kulturara bideratzeak, hori bai, ez du esan nahi estrategia aldatu behar ez denik», gehitu du.
«Naturaltasunez euskaraz funtzionatuko duen gunea, horrela ikusten dugu», gehitu du Markelek. Esaterako, orain arte kafe antzokian ostalaritzak zuen berebiziko garrantzia erabat desberdina izango litzateke etorkizunerako duten ‘ikusmen’ horretan. Egoera puntualetan –kontzertuetan, adibidez– lekua izan lezake, baina ez litzateke proiektuaren ‘bihotza’.
Durangaldea ardatz
Plateruena eraberritu eta desberdina Durangaldeko ‘haztegia’ izatea nahiko lukete taldeko partaideek. Bertan dagoen sormenaren hauspoa eta iturburua izan dadila, azken finean. «Kultur sorkuntzari buruz hasi ginen hizketan eta konturatu ginen Durangaldean kezka kulturalak dituzten profesional eta herritar asko daudela. Baita hori garatzeko espazio falta bat dagoela ere, badaudelako kultur espazioak, San Agustin, Musika eskola, museoa… adibidez, baina kultura jasotzeko espazioak dira, ez hainbeste kulturan aritzeko, esperimentatzeko guneak», nabarmendu du Anek.
Azken finean, «kafe antzokiaren eredutik kulturgune eredura pasatzea» dute xede, Markelek argitu duenez. «Plateruenak zerbitzu publikoa izan behar du, kultur sorkuntzarako mekanismoak, tailerrak, ikastaroak eta espazioak eskaintzeko gunea. Gainera, ikusten dugu egin beharko dela apustu bat instituzioen aldetik, kirol azpiegituretako inbertsioetan egiten den bezala, baina kulturan. Durangok kultur zerbitzu publiko bat izan dezala, orain gehienak pribatuak direlako».
Talde eragilea herriko elkarte desberdinekin elkartu da azken hilabeteotan, iritziak eta ekarpenak jasotzea helburu. Pandemia garai zailotan, Durangoko kutsatze maila altua dela eta, orain dela bi asterako aurreikusita zeukaten bilera publikoa atzeratu egin behar izan zuten. Azkenik, aste honetako larunbatean egingo dute lehen bilera publiko hori, goizeko hamar eta erdietan, Zabarrarra eskoletan.
«Talde eragileak proiektuaren oinarrizko proposamen bat egin du, hau da, zirriborro bat osatu du. Lerro batzuk oso argi ditugu eta zutabe horien inguruan eraiki nahi dugu proiektu herritar bat», gehitu du Markelek. «Gure asmoa proiektua garatzea eta Udalari aurkeztea da», jarraitu du. «Bidean egon daitezke beste proiektu batzuk ere, baina uste dugu gurea proiektu herritarra dela. Egitasmo publiko eta herritar baten arteko hibridoa da: alde publiko bat badago, bai, baina baita jendea inplikatzeko gaitasuna ere».
Durangoko Udalak Plateruena birpentsatzeko zabalduko den prozesu herritarraren aurkezpena egin zuen atzo. Bada, bertan, Mariam Bilbatua Durangoko kultura zinegotziak honakoa adierazi zuen martxan den herritar egitasmoari buruz: «Ezagutzen dugu ekimena eta harremanetan gaude beraiekin. Bi prozesu izanik, hainbat unetan elkarrekin aritzeko aukera izango dugu. Eta, noski, aukera hori baliatu egingo dugu».
Udalak prozesu parte hartzaile bat jarriko du martxan
Hasiera batean, otsailean zen berritzekoa Durangoko Udalaren eta Plateruenako kooperatibaren arteko kontratua. Bada, behin kafe antzokiko kudeatzaileekin sinatutako hitzarmena bertan behera gelditu dela egiaztatuta, Durangoko Udalak hausnarketa prozesu parte hartzaile eta herritar bat abiatuko duela iragarri zuen atzo.
Eraikina Udalaren esku geldituko denez, bertan zer egin, zer funtzionamendu eredu izan beharko lukeen erabaki nahi da, eta hori herritarren partaidetzarekin egin nahi dute. Hori bai, prozesua ez dute asko luzatu nahi. Datozen asteetan lanean hasiko dira; helmuga, ekaina.
Herritarrei zabaldutako prozesu parte hartzailea bideratzeko, Udalak aholkularitzan aritzen den Emun kooperatibaren laguntza jasoko du. Atzo egindako prentsaurrekoan, Udalak lanok kudeatzeko sortutako ‘talde motorra’ aurkeztu zuen. Udaleko teknikariak eta Kulturako zinegotzia, Mariam Bilbatua, eta Emun kooperatibako kideak daude talde horren barnean. Arrasaten egoitza nagusia duen kooperatiba da Emun –Andoain, Bilbon eta Berriozarren ere baditu ordezkaritzak–, eta euskarak eta berrikuntza sozialak bat egiten duten proiektuei aholkularitza eskaintzen espezializatuta dago.
Txerra Rodriguezek, Emunen izenean, datozen hilabeteetan emango diren pausuen ildo nagusiak argitu zituen. Bost lantegi egingo dituzte herriko talde, eragile eta sortzaileekin apirilean zehar eta, hor jasotako irizpide eta ekarpenekin, behin diagnostiko batera iritsitakoan, maiatzetik aurrera mintegiak egin nahi dituzte.
Mintegi horietan Plateruenaren etorkizunak nondik nora joko duen finkatuko da: esaterako, ostalaritzako zerbitzua mantenduko ote den edo zer motako eredu eta edukiak izango dituen aurrerantzean.