Jon Ormazabal

Oinatz Bengoetxearen grina ez da sekula agortzen (22-11)

Atzean dominatu duen atzelari bat gabe, partida bikaina jokatu duen leitzarrak motzean lotu du Urrutikoetxea, bere tanpan harrapatu du eta behetik gora egin duen Aranguren batekin bigarren puntua eskuratu dute.

OInatz Bengoetxeak partida borobila jokatu du. (Aritz LOIOLA/FOKU)
OInatz Bengoetxeak partida borobila jokatu du. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Ez dakigu Berri Txarrak taldeak zenbaterainoko pisua duen Oinatz Bengoetxearen bizitzaren soinu bandan, baina «pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori» abesten zuten Lekunberrikoek eta espiritu hori inork baino hobeto islatzen du leitzarrak frontoi baten barruan.

Pilotazaleek maite dute Oinatz, sarrera bat erosteak, ahal zenean, merezi izatea lortzen duten horietakoa izan da beti aurrelari nafarra eta Binakako honetan bere azken partida izan daitekeenean ere bere alea utzita joateko moduan da, espero den bezala, hurrengo astean Iñaki Artolak bere lekua berreskuratzen badu. Kantxan transmititzen duen pilotaria da Bengoetxea VI.a, baita Markinako gaurkoa bezalako partida hotz eta erritmo gabeetan ere eta horregatik lortu du leku bat pilotazale guztien bihotzetan. Askotan haizea kontran zuela aritu bada ere, Artola-Aranguren bikotea bizirik dela utziko luke, Urrutikoetxea-Imazi 22-11 irabazita, hauengandik puntu bakarrera eta averagea alde dutela utzita.

Txanpon beraren beste aldea lirateke Zaratamokoa eta oiartzuarra, sailkapeneko euren posizioa zertxobait hobea den arren, isiltasuna, komunikazio eza eta tristura baitira oraintxe islatzen dituzten sentsazioak. Gaurko lehiari erdi aldera arte hala-nola heldu badiote ere, 8-9 aurretik joan dira, goitik behera amildu dira inolako erreakziorako gaitasunik erakutsi gabe.

Oinatzen tranpan

Eta hori, txapelketa honetan gutxitan gertatu ez den bezala, atzean ez den egon piloteoan erraz nagusitu den pilotaririk. Hasieratik nahiko gozakaitz hasi du partida Aitor Arangurenek, baina bere aurrelariaren grinak kutsatuta edo, lana bederen jarri du eta behetik gora egin du, apenas pilotarik galdu gabe. Ander Imaz ere ez da batere galtzaile aritu, baina era beren ez da bere aurkariari bizkarra erakusteko gai izan eta honek Mikel Urrutikoetxea bere tranpan lotzeko bidea eman dio Oinatz Bengoetxeari.

Markinako Unibertsitatea frontoi oso luzea izanagatik, motzean ibili du leitzarrak bizkaitarra eta joko bizi horretan bere saltsan aritu da nafarra. Era guztietako efektu eta erremateekin, partida borobila jokatu du Bengoetxeak eta Zaratamokoak gantxo onen bat gurutzatu badu ere, ezinean aritu da Oinatz horren eroso aritzen den «kaleko» pilota horretan.

FITXA TEKNIKOA:

Bengoetxea VI.a-Aranguren: 22

Urrutikoetxea-Imaz: 11

Pilotakadak: 451. Iraupena: 53,10 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-8, 8-8, 8-9, 13-9, 13-10, 21-10, 21-11 eta 22-11. Sakeak: 2 Bengoetxea VI.ak eta 0 Urrutikoetxeak. Tantoak: 11 Bengoetxea VI.ak, 1 Arangurenek, 6 Urrutikoetxeak eta 1 Imazek. Hutsak: 3 Bengoetxea VI.ak, 1 Arangurenek, 5 Urrutikoetxeak eta 3 Imazek. Gorabeherak: Markinako Uni-an jokatu da jardunaldiko bigarren partida.