NAIZ
BOGOTA

2021eko lehen bi hilabeteak, Kolonbian bake akordioa sinatu zenetik odoltsuenak

Bakerako Jurisdikzio Bereziak jakitera eman duenez, 2021. urte honetako lehen bi hilabeteotan talde hilketak bikoiztu egin dira aurreko bi urteekin alderatuta eta odoltsuenak izan dira 2016an bake akordioa sinatu zenetik.

Sarraskiak eta talde hilketak etengabeak izan dira Kolonbian urte hasiera honetan. (Luis ROBAYO/AFP)
Sarraskiak eta talde hilketak etengabeak izan dira Kolonbian urte hasiera honetan. (Luis ROBAYO/AFP)

Kolonbiak bizi duen etengabeko sarraskiari zifrak jarri dizkio Bakerako Jurisdikzio bereziak: urtarrilaren 1etik 21era bitartean, hiru egunetik behin talde hilketa bat gertatu da herrialdean.

Hala, 2021eko lehen bi hilabeteetan 16 sarraski erregistratu dira, 2019ko zortzi sarraskiekin eta iazko seiekin alderatuta, denbora-tarte berean. Buruzagi sozialen aurkako mehatxu eta eraso fisikoen kopurua ere altuena da bakea sinatu zenetik; 39 salaketa izan dira, hain zuzen ere.

«2021ak heriotza-mehatxuen hazkunde nabarmena agerian utzi du», azaldu du Ikerketa eta Akusazio Unitateak, Kolonbiako ‘El Espectador’ egunkariak jaso duen azken txostenean.

Bakerako Jurisdizkio Bereziak esku artean daukan informazioaren arabera, indarkeria ekintza gehienen atzean Aguilas Negras dago, Kolonbiako Autodefentsa Batuetan (AUC) mertzenario izandakoek osatzen duten talde narkoparamilitarra.

«Argi eta garbi identifikatzeko moduko aginte-hierarkiarik, lurralde-kontrolik eta herritar zibilekin harreman iraunkorrik ez duen arren, Bakerako Jurisdikzio Bereziak delitu-ereduak aztertu ditu, mehatxuek jatorri koordinatua eta planifikatua dutela adierazten dutenak», dio txostenak.

«Askotan, indarkeria ekintza anonimoa izatea bilatzen da; izan ere, talde armatu antolatuek nahiago dute agintariek eta komunitateek ez identifikatzea», gaineratzen du.

Bakerako Jurisdikzio bereziak emandako azken datuek zalantzan jartzen dute Kolonbiako Gobernuak eta agintariek 2016an Habanan zigilatutako bake akordioak gauzatzeko egindako lana.

Hala, 2021ean, desmobilizatutako gerrillari bat edo buruzagi sozial bat hil dituzte hiru egunetik behin. Euren komunitatearen buru ziren hildakoen %60 indigenak ziren, eta 1.700 pertsona inguruk euren etxeak utzi behar izan dituzte indarkeriaren ondorioz.