Haritz Larrañaga

Kasu Ostalariak Kexu kolektiboko bi kide Baionako komisaldegian eta sostengua atarian

Kasu Ostalariak Kexu kolektiboko 30 lagunek ekintza sinbolikoa egin dute Baionako komisariaren atarian «araudi sanitarioak ez errespetatzeagatik» deklaratzera deitu dituzten bi kideei sostengua erakusteko eta kirisi sanitarioa hasi zenetik pairatzen duten presioa salatzeko.

Karine Orellana eta Bettan Bordagarik eskaini dute prentsaurrekoa komisariaren atarian. Guillaume FAUVEAU
Karine Orellana eta Bettan Bordagarik eskaini dute prentsaurrekoa komisariaren atarian. Guillaume FAUVEAU

Café des Pyrénées ostatuko Sandrine eta Xina Dulong deitu zituzten Baionako komisarian deklaratzera iazko urriaren 6an ustezko arau-hauste sanitario bat egin zutelakoan. Haiei sostengua erakusteko eta ostalariek jasaten duten presioa salatzeko ekintza sinbolikoa egin dute komisaldegiaren atarian Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboko kideek.

Deialdiaren zergatia jakin gabe bertaratu dira Sandrine eta Xina Dulong Baionako komisaldegira, ezarritako orduan, goizeko hamarretan. Bi ostalariak deitu zituen polizia ez da agertu ere egin, ordea. Aitzitik, komisaldegira zergatik deitu dituzten jakin ahal izan dute: «araudi sanitarioak eta berme keinuak» ez errespetatzea egozten diete.

Frogarik ez

Iazko urriaren 6an arratsaldeko 17:45ean Café des Pyrénées osatatuaren aitzinean, Pannecau karrikan, jendea pilatuta eta maskara gabe zutik jaten ari zela dio salaketak, baina Xina Dulongek jakinarazi duenez, «ez dute argazkirik edo frogarik erakutsi, deus, ez dago jakiterik gure bezeroak ziren ala ez, zeren gure tabernaren aitzinean bada oinezkoentzako pasabidea eta bertan jendea maiz pilatzen da, ezerk ez du frogatzen gure bezeroak zirenik». 

Edonola ere, orain komisario judizialaren esku dago txostena eta Café des Pyrénées ostatuko kideek isun bat jaso dezakete. Azaroaren 19an lehen aldiz Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboa aurkeztu zutenetik ordezkari ezagunenetako bat izan da Xina Dulong.

Paradoxikoki, 2020ko ekainaren 2an ostatuak ireki ahal izateko baldintzak ezarri zirenetik Café des Pyrenées ostatua lehena izan zen Baionako Udalak Qualiconsult enpresaren bitartez esakini zuen ‘Covid-19 kalitate sanitarioa’ ordezkatzen duen ziurtagiria jasotzen.

Ostatuko jabeak jaso dezaketen zigor posibleekin baino arduratuago azaldu dira tabernak irekitzeko etorkizunean izan daitezkeen baldintzekin. «Tabernak irekiak zirenean guk ikusten genuen poliziak ibiltzen zirela behatzen eta argazkiak ateratzen, beraz, berriz tabernak irekitzeko aukera dugunean ere horrela izango da?», galdetu du Dulongek.

Berdintasun eskaera

«Denentzako trataera berdina» eskatzen dute ostalariek, izan ere opor garaian hondartza inguruetan eta zenbait eremutan elkarretaratze handiak eta jendetsuak baimenduak diren artean, osatalariek presio handia jasaten dutela salatu dute Karine Orellana eta Bettan Bordagaraik, Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboko bozeramaileek: «Batzuei soka lasaitzen dieten bitartean, tabernariei soka tenkatzen diete», nabarmendu dute.

Aulkietan binaka lotuta Baionako komisariaren atarian ezarri diren 30 bat ostalarik adierazi dutenez, «Kasu Kasu Ostalariak Kexu kolektiboa sustenguz eta elkartasunez bildu da goiz huntan, pairatzen dugun herstura izigarriaren salatzeko».

Ostalariek oroitarazi dutenez Estau frantsesak «galdegin protokolo zorrotzak plantan ezarri» zituzten iazko udan, «bai langileak eta baita bezeroak babesteko ere». Ostalariek neurriak arduraz betetzea dagokiela onartzen dute, nahiz eta nekagarria den. Ordea, «baztertuak» direla sentitzen dute. «Estatu frantsesaren erabakiengatik bazterturik, errepresioa eta presioa gehitzen direlarik, zainetan gira eta ahalgabe sentitzen gira», aldarrikatu dute.