Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Martxoaren 3ko biktimentzat justizia aldarrikatu dute, 45 urte geroago

Asteazken honetan alderdi eta sindikatu ezberdinetako ordezkariak hurbildu dira Zaramagara 1976an Poliziak hil zituen bost langileak oroitzeko. Badirudi biktimek aitorpena izango dutela San Frantzisko elizan egingo deren oroimenerako espazioan, baina oraindik ez dute justizia lortu.

Martxoaren 3ko biktimen argazkiak, omenaldian. (Endika PORTILLO/FOKU)
Martxoaren 3ko biktimen argazkiak, omenaldian. (Endika PORTILLO/FOKU)

Duela 45 urte Poliziak bost langile erail zituen Gasteizen. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu duenez, oinarrizko eskubideen alde ari ziren borrokan, «duintasunez».

«Horregatik irten ziren kaleetara, horregatik grebak, horregatik antolatzen ziren, eta horretan zebiltzan eliza honetan martxoaren 3ko arratsaldeko 17.00etan. Eliza gainezka eta  polizia kanpoan. Bat-batean, kristal hautsiak, ke poteak, tiroak, bost langileen bizitza segatuak, ehunka zaurituak. Terrorea», adierazi du Zaramaga auzoan dagoen San Frantzisko elizaren aurrean eguerdian egindako ekitaldian.

Bertan azaldu duen bezala, «orduz geroztik gauza asko bizi izan ditugu. Gure eskubideen alde borrokatu dugu eta egia aldarrikatu dugu». Baina zoritzarrez oraindik sarraski hporren biktimek ez dute justizia lortu. «45 urte beranduago oraindik ere esan dezakegu hemen herri duin bat dagoela, justiziaren bila eta bere askatasunaren bila borrokan jarraitzen duen herria», nabarmendu du.

Egia eta justizia ukatuak izan diren eskubideak dira. Baina, dirudienez, aitortza lortuko dute biktimek etorkizun hurbilean; izan ere, erakundeek Apezpikutzarekin akordio bat sinatu berri baitute San Frantziskoko Eliza oroimenerako espazio bilakatzeko.

Oterok Memoria Gara ekimenaren lana goraipatu du, eta «jendarte gisa, Martxoaren 3ko borrokarekin eta polizia indarkeriaren biktima guztiekiko zorra arinduko duen espazio baten edukia, eredua eta kudeaketa definitzeko unea» dela ohartarazi du. «Prozesu horretan biktimak eta Memoria Gara bezalako ekimenak izan behar dira kontuan, azken urte honetan memoriarako gune honen hurrengo faseari ekiteko oinarri gisa erabili behar den proiektu bat landu baitute», gaineratu du.

Ideia bera nabarmendu du Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak, martxan jarriko den proiektua beranduegi datorrela esanez. «Memoria berreskuratu behar da, langileek aurrera eraman duten borroka jasoz», azpimarratu du lore eskaintza egin ondoren.

Martxoaren 3ko plazan ere egon dira EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSEko ordezkariak, haien artean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Idoia Mendia lehendakariordea.

Atzoko eta guarko borroka

Azken honek topo egin du LAB sindikatuak antolatutako ekimenarekin. Hil zituzten langileak gogora ekartzeaz gain, emakumeen papera nabarmendu du sindikatu abertzaleak, orduko borroka horietan zein egungo borroketan ere. Hala, zaintza lanen aitortza aldarrikatu du, eta ostegun honetan gizarte zerbitzuetan greba eguna deituta dagoela gogoratu du.

«Bizitza erdigunean jartzea eta zaintzen ardura partekatzea da gure erronka. Izan ere, orain antolatuta dauden bezala, zaintzak jasanezinak dira. Ezin dugu beste aldera begiratu zaintza horiek ematen ari diren baldintza ez duin eta prekarioen aurrean, langile askoren esplotazioaren eta esklabotzaren bidez. Ezin ditugu zaintzaileen lan eta bizi baldintza prekarioak onartu, ezta minutu bat gehiago ere», aipatu du Zerbitzu Soziokomunitarioko delegatu Idoia Ibarrolak.


LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok ere hitza hartu du goizeko ekitaldian, «benetako aldaketa» aldarrikatzeko: «Batetik, aldaketa prozesuaren kontrola hartu nahi dugu. Ekonomiaren gaineko kontrola, politika publikoen kontrola hartu nahi dugu. Herri burujabetza nahi dugu, herriaren aldeko politikak egiteko. Boterea hartu nahi dugu, instituzioetan, kalean, lantokietan eta baita ere etxean, gizonok ditugun pribilegioak auzitan jarriz. Bestetik, sistema errotik aldatu nahi dugu. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri bat eraiki nahi dugu. Esplotaziorik gabeko eredu bat, patriarkaturik gabekoa. Eta norabide horretan, trantsizio ekosozialista eta feminista bat gauzatu nahi dugu Euskal Herrian».

Gazteen eserialdia

Gazteak ere kalera atera dira Bienvenido Pereda, Francisco Aznar, Pedro Maria Martinez, Jose Castillo eta Romualdo Barroso gogoratzeko, eta eserialdi bat egin dute Gasteizko Bake kalean. Ertzainek kalea moztu dute eta bertan egon dira gazteak joan diren arte.

 

Arratsaldeko ekitaldia

Arratsaldean, Martxoak 3 elkarteak San Frantzisko elizan egindako ekitaldian sarraskiaren salaketa bizirik jarraitzen duela argi utzi dute. «Duela 45 urte eraildakoen balioak oso presente daude martxoaren 3an eta egunero», esan du Leire Manzanosek, elkarteko kideak.

Manzanosek gogora ekarri du joan den astean erakundeek San Frantzisko eliza memoriaren gune bihurtzeko sinatu zuten protokoloa, eta Martxoak 3 elkarteak prozesu horretan parte hartu behar duela azpimarratu du.

Bestalde, «memoria integrala» aldarrikatu du «elkarbizitza eraikitzeko tresna gisa», eta, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Nazionalak «inposatu nahi duen irakurketa» gaitzetsi du. Salatu duenez, zentro honek bere kontakizunetik kanpo utzi ditu Espainiako Estatuko aparatuek eragindako biktimak.

«Zaintza, oroimena eta borroka»

Ekitaldiaren ostean, manifestazio bat egin dute Gasteizko kaleetan, 1976ko martxoaren 3ko hilketaren biktimak gogoratzeko.

Zaramaga auzoan hasi da, Asisko San Frantzisko elizaren parean, martxoaren 3ko sarraskia gertatu zen lekua, hain zuzen, Polizia Armatuak tiro egin baitzien egun hartan tenpluaren barruan langileen batzar batean parte hartzen ari ziren pertsonei.

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatu dute manifestazioa aurten, «Zaintza, oroimena eta borroka!» lelopean.