NAIZ

Novaltiako grebalariek Lan Ikuskaritza enpresaren «konplize» bilakatu dela salatu dute

590 egun greban daramatzaten Novaltiako langileek enpresak grebarako eskubidea urratzen duela eta Lan Ikuskaritzak beste alde batera begiratzen duela salatu dute Bilbon egindako elkarretaratzean.

Novaltiako langileek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Lan Ikuskaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, enpresak eta Lan Ikuskaritzak grebaren aurrean duen jarrera kritikatzeko. 590 egun greban daramatzate plantillako 20 langile lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen «duin» bat eskatzeko.

Gaurko mobilizazioan Novaltiako langileek Lan Ikuskaritza «enpresaren konplize» bilakatu dela salatu dute. «Zuzendaritzak langileen grebarako eskubidea urratzen du behin eta berriz, Lan Ikuskaritzak beste alde batera begiratzen duen bitartean», adierazi dute.

ELA sindikatuak salatu duenaren arabera, enpresak aldi baterako lanerako enpresetako langileekin grebalariak ordezkatzen ari da, ekoizpena aurrera ateratzeko. Gainera, enpresa langileen ordutegiak eta zereginak aldatzen ari dela ziurtatu du.

ELAk deitoratu duenez, Lan Ikuskaritzak sindikatuen salaketen aurrean «aitzakiak jartzen ditu erantzuna atzeratzeko eta ezer ez egiteko».

Gainera, enpresak langileekin negoziatzeari «uko» egin diola salatu du ELAk. Era berean, Ibai Carranza batzordeko eta ELAko kideak adierazi duenez, enpresak «alde bakarretik» aurkeztu du lan baldintzen funtsezko aldaketa, «eta horrek ordutegi aldaketak eta langile kopurua doitzea ekarriko du».

Gauzak horrela, ELAk iragarri du martxoan kontzentrazioekin jarraituko dutela Novaltiako kontseilu errektoreko kide diren farmazien aurrean.