Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Interview
Jon Azkue
Bidasoa-Irun taldeko jokalaria

«Azken minutuetan partzial handiak egoten dira eta une horietara prestatuta iritsi behar gara»

Jon Azkue (Orio, 1994) hamargarren denboraldia ari da egiten Bidasoa-Irun taldean. «Garrantzitsu» sentitzen da Jacobo Cuetararen gidaritzapean eta uste du garrantzi hori orekatua dela taldekideen artean. Kopako "hil ala biziko" neurketara begira, arlo psikologikoa ere landu dutela onartzen du.

Jon Azkue Anaitasunaren aurkako derbian. (Gorka RUBIO / FOKU)
Jon Azkue Anaitasunaren aurkako derbian. (Gorka RUBIO / FOKU)

«Kale edo bale», hori da Koparen dinamika. Bidasoa-Irun hirugarrenez jarraian sailkatu da Kopako azken fasera eta azken bi denboraldietako arantza kentzeko helburuarekin bidaiatu du Madrilera (ostegun goizeko 6.30etan abiatu dira). Iaz final laurdenetan Benidormek bidali zuen etxera Bidasoa-Irun eta aurten mendekua hartzeko prestu dira gipuzkoarrak (ostiralean, 15.00etan). Soilik final hipotetiko batean gurutzatuko lirateke Bartzelona ahalguztidunarekin eta beraz, Europako txapelketa jokatzeko txartela eskuratzea dute xede Jacobo Cuetararen mutilek, Jon Azkue erdiko jokalariak, Madrilera bidea hartuta, NAIZi azaldu dion legez.

Zein sentsazioekin bidaiatzen du taldeak? Fisikoki nola aurkitzen da?
Lesio ezberdinak zituen jendea errekuperatzen joan gara gutxika-gutxika eta aste honetan hobeto entrenatu ahal izan dugu, jende gehiagorekin. Nahiz eta aurreko neurketa galdu [Bada Huescaren aurka, hirugarren sailkatua, 29-23], uste dut momentu onean gaudela eta aurreko urteko arantza ateratzeko gogo dezente ditugu.

Zozketan Benidorm egokitu bezain laster aipatu zenuen arantzarena. Porrot gogorra izan zen iazkoa?
Txapelketa honek Europako txapelketa jokatzeko txartel bat ematen du eta gogorra izan zen lehenengo partiduan kanporatuak izatea; eta, are gogorragoa ikustea nola Benidorm finalera iristen zen, Europarako sailkapen hori lortuz. Ligan gauzak zailtzen zirela ere ikusi genuen. Aurten antzerako zerbait gertatu daiteke beraz, mentalizatuta goaz lehenengo bi neurketak irabazi behar ditugula Europako txartela lortzeko.

Mentalizatuta goaz lehenengo bi neurketak irabazi behar ditugula Europako txartela lortzeko

Bidasoa Kopako finalera iritsi zen azkeneko aldian zuk pare bat urte edukiko zenituen (1995-1996). Garrantzitsua da Bidasoa-Irun batentzat horrelako final batean berriro ikustea, ezta? [Asobal Kopako finala jokatu zuten 2018-2019. denboraldian]
Urte dezente pasa dira, Bidasoak ere gorabehera dezente izan ditu urte hauetan. Nahiz eta azken hiru urteetan Kopako azken faserako sailkatzea lortu dugun egia da ezin izan dugula final horretara iritsi. Oso polita izango litzateke klubarentzako berriro horrelako txapelketa batean finala jokatzea.

Liga erregularrean itxura ona eskaintzen zabiltzate azkenekoz igo zinetenetik [2016. urtean].
Asobal Kopa ere ondo eman zaigu [2018-2019an finalera iritsi ziren] baina Errege Koparekin ez dakit zer daukagun azken hiru alditan final laurdenetan kanporatuak izan garela. Egia da horrelako txapelketak oso ezberdinak direla, asteburu berean hasi eta bukatu egiten dira. Lehenengo neurketa, normalean, urduritasun dezenteko partida izan ohi da eta zaila da hori kudeatzea. Argi dago 60 minututan zehar dena eman beharko dela, une txarrak ere egongo dira eta horiek ahalik eta ondoen kudeatzen jakin behar da. Ahal den moduan aurrera atera behar da.

Aste honetan zer landu duzue gehienbat?
Gehienbat guri dagokiguna, gure lana. Benidormen bideoak ikusi ditugu, arerioa analizatu dugu eta taktikoki entrenatu dugu beraien bideoetatik abiatuz. Era berean, gure lanean ere asko zentratu gara badakigulako gure lana ondo egiten dugunean eta gure burua ondo ikusten dugunean askoz hobeak garela.

Beti esan ohi da liga eta Kopako neurketek ez dutela zerikusirik. Prestatzeko orduan ere ezberdintasunak daude?
Esan bezala, lehen neurketa urduritasun askokoa izan ohi da eta askotan ez duzu nahi bezain ondo jokatzen. Baina prestaketa aldetik, partidu bat izaten jarraitzen du eta aurkaria analizatzerako garaian nahiko antzerakoa da. Egia da gehiago hartzen direla kontuan neurketako tarte batzuk, agian sensibleagoak izan daitezkeenak, azken minutuetan normalean partzial handiak egoten dira eta momentu horietara prestatuta iritsi behar gara.

Hau da, lan mentala gehiago da?
Ligako neurketa batean bi puntu daude jokoan baina hau kanporaketa bat pasa edo ez pasa da. Nahiz eta gauzak gaizki joan, nahiz eta bost goleko desabantaila eduki, beti neurketan egoten saiatu behar da eta momentu zail horiek ahalik eta gehien minimizatu, momentu onean, aurrerapausoa ematen denean, neurketan bizirik egoteko.

Momentu zail horiek ahalik eta gehien minimizatu behar ditugu, momentu onean, aurrerapausoa ematen denean, neurketan bizirik egoteko

Zure zazpigarren denboraldia da Asobal Ligan [Arraterekin egin zuen debuta], hamargarrena Bidasoan. Pertsonalki nola aurkitzen zara?
Oso gustora, joko aldetik pisua daukat taldean eta hori gustatzen zait [18 liga neurketetan 79 gol egin ditu]. Taldea ondo dagoenean errazagoa da jokatzea eta nik nire buruarengan aurrerapauso batzuk ikusi ditut azken urteetan. Hori iruditzen zait garrantzitsuena: jokalari bezala hazten jarraitzea talde bezala hazten joateko.

Protagonista sentitzen zara?
Beno, protagonista edo… garrantzitsua. Hala ere, uste dut egun daukagun taldean denok garela protagonista, denok jokatzen ditugu minutu asko eta bakoitzari bere garrantzia eman behar zaio. Batzuk beste horiek gabe ez gara ezer. Egia da topikoa ematen duela baina ikusita talde batzuk zazpi jokalarirekin soilik jokatzen dutela eta guk denok minutu berdinak jokatzen ditugula, ba denoi eman behar zaigu garrantzi hori.

Minutuak banatze hori garrantzitsua izan daiteke horrelako txapelketa batean lehiatzeko, ezta?
Zenbat eta minutu gehiago jokatu fisikoki hobeto egoteko aukera gehiago dauzkazu, baita partiduan bertan ere. Indarrak banatzen joaten bazara estrategikoki bukaerara indartsuago iristeko aukera gehiago dauzkazu. Urtean zehar jokalari guztioi erantzukizun banatuz gero, momentu puntualetan edo behar gehiago dagoen momentuetan errendimendua hobea izateko aukera gehiago dago.

Bestalde, taldearen helburu nagusiak betetzen zabiltzate edo denboraldi hasieran Europan kaleratuak izate horrek zerbait zapuztu du?
Urte hasieran Europatik kanporatuak izan ginen eta jakina gustatuko zitzaigukela neurketa gehiago jokatzea. Ate hori itxi zen eta ordutik honantza, helburu bakarra daukagu: ligan ahalik eta postu onenean bukatzea; bigarren bada, askoz hobe baina bestela, Europarako txartela lortzea da xedea. Ea hurrengo urtera begira ea berriz Artalekun Europako partiduak ikusteko aukera edukitzen dugun.

Urtean zehar jokalari guztioi erantzukizun banatuz gero, behar gehiago dagoen momentuetan errendimendua hobea izateko aukera gehiago dago

Artaleku aipatuta, Bidasoa-Irun bati nola eragin dio neurketak zalerik gabe jokatzeak?
Gogoratzen naiz Ligan guztiz harmailak hutsik jokatu genuen lehenengo neurketa Ademar Leonen aurka izan zela eta oso arraroa da. Entrenamendu baten moduan sentitzen zara, zaleen bultzada eta berotasuna faltan botatzen dituzu. Nik beti esaten dut, jokalari naizen aldetik eskubaloia gustatzen zait zaleek ematen duten berotasun horregatik edo partiduan zehar sentitzen duzun laguntzarengatik. Faltan botatzen da.

Kontzentratzeko orduan ere zaleak lagungarri dira, ezta?
Hori da. Partidan sartzea gehiago kostatzen da, harmailak hutsak ikusten dituzu eta pistara ateratzen zarenean entrenamendu saio bateko itxura dauka kiroldegiak. Hor dago arriskua.

Kasu honetan Kopan bai egongo dira zale batzuk, 1.500 hain justu. Madrildarrak izango dira guztiak. Nola ikusten duzu erabaki hau?
Ikusleekin egiten den lehenengo kirol ekitaldi "handiena" da. Nonbait 1.500 zaletu sartzeko aukera dago segurtasun neurri guztiekin eta Wizink Center pabiloiak -Madrileko Kirol Jauregia- 15.000 jende sartzeko gaitasuna dauka. Alde horretatik, aurrerapauso bat da, egoera pixkanaka hobetzen ote doanaren sentsazioarekin behintzat. Segurtasuna errespetatzen bada erabaki ona dela iruditzen zait.