Oihana Llorente Arretxea

Haur literatura genero berdintasunaren aliatu bilakatzeko ekimena

Ipuinak urrutira bidaiatzeko txartelak izan daitezke, baina jendartearen ispilu ere badira; balioak, usteak, beldurrak betikotzen dituzten tresnak. Parean elkartekoek betaurreko horietatik aztertu dituzte haur literaturako milaka liburu eta proposamen parekidea osatu.

Lliburuak eta ipuinak, parekidetasunaren aldeko tresna izan daitezke
Lliburuak eta ipuinak, parekidetasunaren aldeko tresna izan daitezke

Ipuinak bidaiatzera gonbidatzen gaituzten hegazkinak dira. Haiekin urrutira egiten dugu hegan, ezagutzen ez ditugun paisaia berriekin topo eginez. Batzuetan baina, gure azala zeharkatu eta barru-barruan ditugun leku ezezagunak ere bistaratu ditzakegu lerro artean.

Bizitza osoan dira beharrezko halako bidaiatxoak, baina are garrantzitsuagoak dira haurtzaroan. Gurasoekin lotura afektiboa eraikitzeko tresna aproposak izaten dira ipuinak, bai eta lantzeko errazak ez diren gaiez aritzeko abagunea ere. Heriotza edo sexualitatea moduko gai potoloak, arinagoak bihurtzen dira ipuin batekin landuz gero.

Eskolan ere baliabide ezin aproposagoa da ipuina, izan ere, berebiziko garrantzia dute haurren garapenean. Bizitzaren beraren leihoa da ipuina, baina baita ispilua ere. Amorrua zer den erakusten digute ipuinek, bai eta tristura, beldurra edo bakardadea ere.

Gure barrua islatzen duen bezala, baina, inguratzen gaituen gizartearen ispilu ere badira ipuinak. Gure jendartearen balioak, jarrerak, ezagutzak aurkitzen ditugu maiz lerro artean. Eta tamalez, dezente dira ipuinetan betikotu beharko ez ziren ereduak.

Hala uste du, bederen, Parean elkarteak eta hari horri tira eginez aritu da Irungo Eguzkitza eskolan, haur eta nerabeei eskaintzen zaizkien ipuin eta liburuak genero ikuspegitik egokiak diren edo ez ikertzeko.

Zehazki, liburutegian katalogatuak dituzten 4.000 liburuetatik 400 aztertu dituzte eta Eguzkitza eskolako zuzendaritzako lantaldea eta irakasleak ere protagonista izan dira ikerketan, haiekin egindako bi lan saiotan partekatu baitituzte ikerketaren emaitzak.

Ipuinek irudimena eta jakin-mina pizten dituztela jakina da; zoritxarrez, ordea, hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzitzen eta mantentzen laguntzen duten tresnak ere badira, Pareaneko kideen iritziz. Eta tamalez errealitate hau ez da horren ezaguna. Ibai adibidez, makinista, pilotu, suhiltzaile edo mediku lanetan topatu dute liburuen azal ezberdinetan. Kattalinek, baina, ez ditu lanbide guztien ateak zabalik aurkitu. Zaintzari lotutako lanen gehiengoa sorbalda gainean amek edo amonek eramaten dutela frogatu dute eta oso gutxitan, gutxiegitan, aurkitu dute liburuetan familia eredu tradizionalari ihes egiten dion aukerarik.

Haur literaturan genero ikuspegia txertatzearen beharra eta garrantzia mahai gainean ipini nahi izan du ikerketa lan honek eta ateratako ondorio eta emaitzak ez dira nolanahikoak. Hainbat alderdi aztertu dituzte: ipuinen idazleen generoa, pertsonaia nagusiak, lerro artean edo iruditan agertzen diren estereotipoak, emakumezko pertsonaiek lan munduan duten presentzia, baita zaintzak ipuinetan duen lekua edo ageri diren familia egoerak eta kultura aniztasuna bera ere.

Adierazle hauek irakasle eta gurasoentzat baliabide bat izan nahi dute, haurrei zuzendutako ipuinak genero ikuspegiari erreparatuta egokiak diren edo ez jakiteko.

Azterketatik, praktikara

Haurrei zuzendutako ipuinak eta generoa harilkatuz, berdintasunean oinarri duen jendartea estu lotzeko asmoz ekin zioten iaz eskola honetako liburutegiaren ikerketa egiteari. Pareanen egitasmoa baina, ez da egoeraren azterketa batean gelditu eta berdintasunean hezteko lanean lagungarri izan nahi duten ipuin eta liburuak gida batean bildu ditu. Lan horretan, gainera, Iruñeko Katakrak liburu denda eta editorialaren laguntza izan du.

Gidak hezkidetza oinarri duten eta euskaraz idatziak diren ipuinen erakusleiho bat izan nahi zuen arren, euskaraz ez dauden “Ezinbestekoak” izeneko atala ere badu. Sail honekin agerian jarri nahi izan du Pareanek gure herri txikia inguratzen duten bestelako kulturek aurrerapauso itzelak eman dituztela haur literaturan genero ikuspegia txertatzeko bidean. Gurera iritsi ez diren aurrerapausoak eta, beraz, gure haur literaturak ere generoaren bidea ibil dezan lan horiek euskaratzeko aldarria luzatu nahi izan du Parean elkarteak lan honekin. Haien aburuz, «premia nabaria da, orain borondatea da behar dena».

 

ZENBAIT ONDORIO

• Idazleak

Eguzkitza eskolan dauden liburuen %65 baino gehiago gizonek idatzi dituzte.

Pertsonaia nagusia

Pertso naia maskulinoen kopurua femeninoena baino handiagoa da. Soilik liburuen %29,3k dute emakume edo neska bat protagonista.

Haur eta gazteei zuzendutako ipuinetan sarri agertzen da protagonismo mota banatua, baina halakoetan ere neskek eta mutilek ez dute narrazioan garrantzi berdina.

Haur hezkuntzan maiz dira animaliak protagonista eta euskaraz haren sexua argi erakusten ez bada ere, gaztelerazko bertsioetan animalia protagonista gehienak arrak dira.

Emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egiten dion ekarpen sozial eta historikoa jasotzea ere bada hezkuntzaren funtzioa, baina emakumeen presentzia duten ipuin eta liburuak egon badaude ere, kopuruan as koz urriagoak dira.

• Ikuspegi androzentrikoa eta estereotipoak

Tamalez, gizarteko beste esparru ezberdinetan bezala, estereotipoak eta rolak oso presente daude haur eta gazte literaturan.

Adinean aurrera joan ahala, baztertu egiten dira haur hezkuntzarako pentsatuak diren azal koloretsu eta deigarriak. Horien ordez, baina, azal binarioak erabiltzen dira, arrosa eta urdina nagusituz.

Pertsonaien ekintzetan arreta jarriz gero, mutil protagonistek mugimendu handia dute, egoera ezberdinei aurre hartuz. Neskak ordea, egoera lasaiagoetan ageri dira, askotan itxaroten, egoerei aurre hartu gabe. Autonomia eta erabakitzeko gaitasunik eza sumatu daiteke askotan.

Deskripzioetan ere aldeak nabarmenak dira. Neskatoak txukunak, garbiak eta antolatuak ageri dira gehienetan eta emakumeen edertasunari neurriz kanpoko garrantzia eman ohi zaio.

• Zaintza

Ipuin eta liburuek zaintzari merezi duen garrantzia eman beharko liokete baina oso gutxitan ikusarazten da zaintzaren balioa. Aztertu ditugun liburuetatik, %34,1ean bakarrik agertzen da zaintza eta umeak soilik zainduen paperean kokatzen dituzte ipuinek eta ez zaintzaile gisa.

Gainera, zaintzak eta etxeko lanek emakumeen gain jarraitzen dute maila handi batean eta liburuen bidez zabalt zen den iruditegian hala da %95ean.

• Espazioa

Zaintza lanek eragin zuzena dute espazioan. Protagonista eta pertsonaia maskulinoak agertoki oso bestelakoetan ikusten baditugu ere, pertsonaiak emakumezkoak direnean gehiene tan espazio pribatuan ikusten ditugu.

• Emakumea beste egitekoetan; lan ekintza

Haur eta gazteei zuzendutako ipuinetan, emakumeei lan ekintza mugatuagoa eskaintzen zaie, hala kopuruari dagokionez nola lanbide motei dagokienez. Datuei erreparatuz gero, aztertutako ipuinen %13an ageri da emakumea zaintza ez den bestelako paper batean.

Emakumeak ez dira langile moduan islatzen eta hala agertzen direnean oso profesio feminizatuetan ageri dira batik bat. Gainera, tamalez, adinean gora doazen irakurleei zuzendutako liburuetan oraindik agerikoagoa da bereizkeria hau, benetan arriskutsua.

Familia egoera eta jatorri aniztasuna dira aztertutako beste adierazle batzuk, eta batean zein bestean aniztasun maila eskasa topatu dute.