Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Interview
Jone Laspiur
Aktorea eta abeslaria

«Izendatua egotea bera sekulakoa da, ez nau urduritzen gerta daitekeenak»

Aneren grinak eta, era berean, zaurgarritasunak, pantaila handia zeharkatu du. Patricia Lopez Arnaizekin eskuz esku egin duen antzezpen lana txalotu du Zinema Akademia espainiarrak Goya sarietarako izendatuz. Ez da txikikeria, Jone Laspiurrek bere lehen protagonista lana baitu.

Jone Laspiur. (ARGAZKIAK: Maialen Andres/FOKU)
Jone Laspiur. (ARGAZKIAK: Maialen Andres/FOKU)

Burgosko landetxe batean bilduko dira ‘Ane’ filmagatik Goya sarietara izendatuta daudenak asteburu pasa. Elkarren babesean era birtualean biziko dute bihar sari banaketa. «Bakoitzak bere etxetik bizitzea arraroa izango litzateke», esan du Jone Laspiurrek (Donostia, 1995).

Film onena, gidoi onena eta zuzendari berri onena; arlo horietan dago izendatuta David Perez Sañudoren lana. Filmeko bi aktore protagonistak ere izendatuta daude, Patricia Lopez Arnaiz eta Jone Laspiur.

Urduritasun handiko uneak izan ohi dira, nahiz aitortu lasai dagoela.. «Izendatua egotea bera sekulakoa da, ez nau urduritzen gerta daitekeenak. Hain pozik nago eta hain zaila da Goya saria irabaztea, galarako askoz lasaiago nagoela», esan du.

Sarien inguruko mugimendu horrek, bai, gehiago eragin dio. «Aste mugitua izan da, hedabideen elkarrizketak, jantzien aukeraketa... dena ondo ateratzea nahi duzu», onartu du.

Izendapena erabateko sorpresa izan zen. «Oraindik ez dut erabat digeritu, ez nuen espero. Goizeko 10etan klasera joan nintzen eta 11.00etan izendapenak jakinarazi zituztenean ezustean harrapatu ninduen. Berehala etxera joan nintzen, arropaz aldatu eta Zinema Akademiara korrika iristeko; eromena izan zen», oroitu du barrez.
Arte Ederren ikasketak 2017an amaitu eta Ikerketa eta Sorkuntza Masterra egitera abiatu zen Madril aldera, iaz.

Baina zinemak jo zion atea, ezustean. Eta bide berria ireki. Ia ustekabean, hiru proiektu harilkatu ditu pantaila handian, bata bestearen atzetik: ‘Akelarre’ (Pablo Aguero) eta ‘Ane’ film luzeak eta ‘Polvo somos’ filma laburra. Horrez gain, ETBko ‘Alardea’ telesailean ere ikusi dugu, berriz ere David Perez Sañudoren aginduetara.

Honen guztiaren sorrera Eibarren kokatzen da, Koban taldearen –Laspiur kantaria zen– kontzertu batean. «Maite Arroitajauregi Mursegok –bera soinu banda prestatzen ari zen– aipatu zidan casting-a egiten ari zirela “Akelarre” filmerako. Musikarekin harremana zuten neska gazteen bila ari ziren».

Esperientzia polita izan zen. Proiektu korala zen hura, aktore talde zabal bateko parte izan zen, ez zuen ‘Ane’-ren pisu interpretatiborik. «Denok ginen hasi berriak eta batera egin genuen bidea. Elkarrekin joan ginen gure pertsonaia, haren pertsonalitatea, osatzen».

Lehenengo aldi hura ekoizpen handi batean izan zen, gainera. «Pentsa dezakezu zinema horrela dela, baina gero konturatzen zara ezetz. Zorionekoa izan nintzen. Grabazio potentea izan zen, oso fisikoa, elkarrizketa gutxirekin».

‘Ane’ bestelakoa izan zen. «Ni pelikularen erdialdean agertzen naiz eta ordura arte zer gertatu den ez da esplizituki azaltzen. Hori dena guk geure kabuz landu behar genuen, barne istorioa argi izan pertsonaia eraikitzen joateko».

‘Polvo somos’ etorri zen ondoren. Gasteizko ehorztetxe batean filmatu genuen. Handik bi astera covid-19 agerraldia egon zen eta denok konfinatu gintuzten», gogoratu du. Hainbat sari jaso ditu Esti Urresolaren lanak –Ane zen bere pertsonaia– eta oroitzapen onak ditu aktoreak. «Lehenengo aldia zen emakume batek zuzentzen ninduena eta beste klima bat sortzen da kasu horretan. Itziar Aizpuru, Klara Badiola, Goizeder Blanco, niretzat erreferenteak diren aktoreekin lan egitea gozamena izan zen».

Eta telebista iritsi zen. Katixa izan da Laspiur ‘Alardea’ telesailean. «Klara Badiola, Itziar Ituño, Kandido Uranga... txikitatik ikusi ditudan euskal aktoreekin. Haiekin lan egitea izugarria izan zen niretzat. Paper txikiagoa zen eta, hainbesteko presiorik gabe, oso gustura bizi izan nuen grabazioa».

Antzerkira jauzi

Zineman eta telebistan lan egin ondoren, aurten Antzerki Fisikoa ikasten ari da Mar Navarrorekin. Madril eta Euskal Herriaren artean dabil. Gustura. «Esperientzia interpretatiboa gorpuztea, antzerkiarekin osatzea falta zitzaidan», esan du.
Gorputzetik lan egiteak gehiago erakartzen du, pertsonaien psikologiaren hariari tiraka hasteak baino. «Gorputzak berak askotan buruak baino gehiago daki eta gorputzetik lan eginez ezagutzen ez ditugun emozioetara iristen gara, frogatuta dago. Ariketa oso interesgarria iruditzen zait».

«Ahotsa, tonua, ahoskera, gorputza, tik-ak, koloreak, soinuak, musika, hitza, naturako elementuetatik, objektuetatik.... oso eremu zabala da eta antzerki fisikoan hori dena lantzen da; era guztietako pertsonaiak gorpuztu daitezke. Ez dut uste psikologikoki sufritu behar dugunik edo gauza dramatikoak bizi behar ditugunik drama bat gorpuzteko», jarraitu du.

Etxea teilatutik egiten hasi den sentsazioa ote duen galdetuta, baietz erantzun du. «Horregatik hasi naiz antzerkia egiten. Esperientzia fisikoa behar nuen. Bertigoa ere ematen du, hainbeste antzezle dago, hain prekarioa da lanbide hau... errespetua ere sortzen du».



Intuizioa izan zuen lagun lehenengo proiektuetan sortze prozesuan. Teknika ikasteko garaia da. «Prest egon behar duzu hartu eta emateko, aktore izateko gauza batzuk aktibatu behar dituzu. Teknika jakinda erosoago sentitzen zara eta zenbat eta helduleku gehiago izan, are hobeto», argitu du.

Baina badu beldur bat, «hasiberriaren freskotasuna galtzea». Izan, ere, horrexek, eta pertsonaiari eman dion indarrak eta grinak eraman du zaleen zein kritikarien onespena jasotzera.  

Ez dio ezeri aterik ixten, zergatik? «Gaur egun diziplinartekotasuna oso garrantzitsua da. Eta hainbeste informazio daukagu eskura, zaila iruditzen zaidala gauza bakar batek interesa piztea –onartu du–. Artea, musika, interpretazioa, denek dute harremana».

Musika ahaztu gabe

Orain alboratuta badu ere, ez du musika ahazten. Koban eta Nogen taldeak utzita, «lagunekin modu amateurrean musika egiten ari naiz. Etorkizunean agian aterako da zerbait hortik», adierazi du.

Askatzailea bezain gordina da musika Laspiurrentzat. «Zugandik ateratzen dena kanporatzen duzu, oso aske sentitzen naiz».  

Interpretazioa bestelakoa da. «Zuk proposatu eta sortu arren zuzendariaren proiektua gorpuzten duzu», argitu du.

Iazko Zinemaldian hiru proiektu aurkeztu zituen, baina ez du dena arrapaladan etorri den sentsaziorik. «Norberak modu eskalonatuan bizitzen du. Zuk prozesua bizi izan duzu lan horiek egiten zenituen bitartean». Sorkuntzak bizi du. «Oso gustura aritzen naiz, gozamena da niretzat», esan du.
 
Umetan bere jolas faboritoa trapu zaharren kaxa atera eta mozorrotzea zen. Txikitatik arnastu du etxean artea; izan ere, Asier Laspiur eskultorea du aita.

Horrez gain, aitonetako bat, Imanol Laspiur, idazlea zen eta bestea, Moises Gorosabel, Ermuko Musika Bandako zuzendaria izana. Arrate Ibargutxi amonak, berriz, ipuinak idatzi zituen. Eibarren badira sortutako idatzitako haur kantak. «Nik ere ez nekien. Maitek [Arroitajauregi] amonaren kantuak bildu eta erregistratu ditu», kontatu du.