Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Lointek Gernika Bizkaia azkenera arte saiatu da baina Valentzia pasa da Kopako finalera (57-46)

Colhado eta Corneliusek jokatu ahal izanda ere, bizkaitarrak fisikoki gutxiago izan dira etxekoak baino. Orotara, 58 jaurtiketatik 18 bakarrik asmatu dituzte gernikarrek eta hirugarren laurdenean jasotako 22-13ko partzialak aukerarik gabe laga ditu. Gironak eta Valentziak jokatuko dute finala.

Belen Arrojo eta Paula Ginzo Raquel Carrerari baloia lapurtu nahian, azkenera arte ahalegin betean. (FEB)
Belen Arrojo eta Paula Ginzo Raquel Carrerari baloia lapurtu nahian, azkenera arte ahalegin betean. (FEB)

VALENTZIA BASKET 57 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 46

Kopako finaletik at geratu da Lointek Gernika Bizkaia. Hirugarren bider jokatu du talde bizkaitarrak Kopako finalerdia, eta hirugarrenez galdu egin du. Hala ere, azkenera arte lehiakor izaten saiatu da Valentzia Basket ahal guztidunaren aurrean. Saiatu da, ahalegindu da, baina 58 saiakeratik 18 aldiz bakarrik saskiratuta –20 hirukotik 4 bakarrik barrura– eta 12 jaurtiketa libretik 6 bakarrik sartuta, nekez irabazi liteke. Valentziari ere asko kosta zaio Mario Lopezek zuzentzen duen taldea botatzea, baina hirugarren laurdeneko 22-13ko partzialak erabaki du azkenean finalerdia, eta domeka eguerdian Valentzia Basket eta Girona izango dira aurrez aurre finalean.

«Oso harro nago taldeak egin duenarekin. Aste zaila izan da baina azkenera arte lan handia egin dugu, bihotza bertan utzita, baina ez da nahikoa izan. Hirugarren laurdenean hanka egin digu Valentziak eta ahalegindu gara, baina bihotzak nahi bazuen ere, zangoek gehiago ezin zuten», onartu du Belen Arrojok partida amaitu berritan.

Colhado itzuli da

Partida hasi aurretxoan albiste onak jaso ditu Gernika Bizkaiak. Nadia Colhadori eginiko mediku analisiek emaitza onak eman dituzte eta hala, pibot brasildarrak gutxienez beroketa egin ahal izan du, Mario Lopezen esanetara jartzeko, eta minutu batzuek jokatzerik ere izan du. Laura Cornelius herbeheretarrak ere, bezperan belaunean kolpea hartu arren, jokatu ahal izan du, nahiz eta ez den oso fin aritu.

Partida bera, ordea, ez da hain ongi hasi, berehalako baten 12-6 aurreratu baita etxeko taldea. Defentsako transizioa ederto asko egin dute bizkaitarrek, baina uztaipean komeni baino makalago aritu dira hasteko, eta erasoan, aldiz, Roundtreek bere mailako jokalari batek huts egin ezin dituen pare bat erasotan kale egin du, Valentziari erraztasunak emanez. Hala, Mario Lopezek ez du beste erremediorik izan hutsartea eskatzea baino.

Valentzia Basketen defentsak ez dio arnasarik hartzen laga Gernikari –alde ederra Teneriferen aurkako partidarekin!– eta aldea bizkaitarrek nahi baino gehiago zabaldu ahal izan dute etxekoek, aurreneko laurdenaren amaierara 19-10 iritsi baitira Leticia Romerok sartutako hiruko baten ostean.

Lointek Gernika Bizkaiaren defentsa ere ona izan da, baina valentziarrek askoz joko oldakorragoa egin dute, zalantzarik egin gabe. Zorionez, 22-12 atzetik jarri ostean, Roundtreek eta Bjorklundek hiruko bana kateatu dituzte eta bizkaitarrak 22-18 hurbildu dira, 24 segundora jokatu beharrean errebotea hartu eta iritsi ahala aurreneko jaurtiketa aukera baliatuta.

Partidan sartzeko baliatu dituzte bi hirukook bizkaitarrek, baina aurkarien artean Rebeca Allen azaldu da hiruko batekin. Horrez gain, jaurtiketa libre larregi huts egin ditu aukeran talde gernikarrak eta azken minutuetan, ostera ere ito egin da Valentziaren defentsarekin. Hala, atsedenaldira markagailua 31-24 dela iritsi dira Mario Lopezenak.

Hankasartzeari, zigorra

«Hanka sartzen dugun bakoitzeko zigortzen gaituzte!», bota die Mario Lopezek bere jokalariei hirugarren laurdeneko hutsarte batean, desesperaturik. Izan ere, entrenatzaile bizkaitarrak aginduak emanagatik, bere jokalariek neurri baten presaka jokatu dute aldageletatik bueltan. Aurkariaren abantailari buelta eman beharraren beharraz, behar baino hankasartze gehiago egin dituzte gernikarrek eta Valentzia Basketek, Mario Lopezek esan bezala, ez du barkatu.

Laura Gil, Rebeca Allen Cristina Ouviña eta Leticia Romero oso aztiak dira baloiak ohostu, aurkaria deseroso sentiarazi eta beren aukerak baliatzen, eta hori dena gutxi balitz, hirukoetan eta jauriketa libreetan asmatu ezinik aritu dira laurden honetan zehar bizkaitarrak. Hala, Ouviña eta Romeroren bitartez partida ia erabakita utzi dute, Ivanovicen hiruko batek markagailua 53-37 utzi duen arte azken laurdenaren faltan.

Etsi etsian, defentsa ahal bezain beste gogortu du Lointek Gernika Bizkaiak eta Valentziari baloi pare bat ohostea lortu dute. Erasoan ezin, ordea. Azken laurdeneko lau minutuko partziala 0-4 eskasekoa izan da, eta horrez gain, pilatutako nekeak ere ez die aukerarik eman ustez errazak liratekeen zenbait saskiratze lortzeko.

«Azkenera arte aurpegia ematen jarraitu behar dugu!», bota du bere azken hutsartean Mario Lopezek, eta baita jaramon ere bere jokalariek. Partida galduta izanagatik, 0-5eko partziala erdietsi dute Nogaye Lo eta Itziar Ariztimuñoren artean, eta markagailua 55-46 itxuratu dute, bi minutu eta erdi eskasen faltan. Ezin izan dute gehiago egin bizkaitarrek, azkenera arte ahaleginduta ere.

Atseden hartzeko asti gutxi dute orain gernikarrek, asteartean Malosten bere garaian atzera geratutako euskal derbia jokatu behar baitute Kutxabank Araskiren aurka. Ostean etorriko dira Emakumeen Endesa Ligako partida gehiago eta baita Errumianara bidaia ere, Women Eurocupean aurrera jarraitzeko. Dena dela, Valentzian egin dutenarekin harro egon litezke bizkaitarrak.

PARTIDAKO FITXA

Valentzia: Cristina Ouviña (7), Queralt Casas (6), Laura Gil (10), Rebeca Allen (13) eta Marie Gulich (6) –hasierako bostekoa– Trahan Davis (4), Leticia Romero (8), Raquel Carrera (2), Anna Gomez (1) eta Laura Juskaite.

Gernika: Itziar Ariztimuño (5), Roso Buch (2), Angela Bjorklund (7), Margaret Roundtree (3) eta Nogaye Lo (12) –hasierako bostekoa– Milica Ivanovic (6), Paula Ginzo (5), Belen Arrojo (5), Nadia Colhado (1), Laura Cornelius eta Marta Alberdi.

Partzialak: 19-10, 12-14, 22-13, 4-9.

Gironak Perfumerias Avenida gainditu du

Luzapenean 78-91 nagusituta, Spar Girona taldeak Kopako azkenengo lau ekitaldiak irabazi dituen Perfumerias Avenida kalera bidali du. Hauxe izan da Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak zuzentzen duen taldeak denboraldi osoan galdu duen aurreneko neurketa. Hala, domeka eguerdian Emakumeen Saskibaloi Kopak txapeldun berria izango du.

Katalanek partidaren ekimena eraman dute aurreneko erdian eta atsedenaldira 40-44 aurretik iritsi dira. Alabaina, hirugarren laurdenean ia hankaz gora joan zaie finalerdia, Salamancakoen 20-4ko partziala erdietsi baitute. Defentsan bikain, etasoan Katie Lue Samuelson, Nina Milic eta Maite Cazorlaren eskutik hanka egin dute markagailuan Salamancakoek, eta azken laurdenera 60-48 aurretik iritsi dira.

Alfred Julbek zuzentzen dituen jokalariak ez dira kikildu, ordea. Hirukoz hiruko, Frida Eldebrink eta Chelsea Gray buruzagi hartuta, eta barrutik Reisingerova erraldoiak egindako lanari esker, buelta eman diote partidari, 6-22ko partzial baten ostean, 66-70 aurreratuta. Roberto Iñiguezenek ere aurrera jo dute eta 72na berdintzea erdietsi dute, nahiz eta Hayesek azken segundoan izan duen Salamacakoei garaipena emango zien jaurtiketa.

Baina Hayesek huts egin duen lekuan, asmatu egin dute luzapen sasoian Eldebrinkek eta Sonja Vasic serbiarrak. Gironak 1-11ko partziala lortu du eta hantxe apurtu dute partida. Perfumerias Avenidak hiruen bitartez erantzun nahi izan du, baina ez du asmatu eta hala, igande eguerdiko finalerako Spar Girona sailkatu da, azken urteotan beti Salamancakoen itzalean egon ostean.