Atzerritarren Legea, zaintza sistema eta multinazionalak feminismoaren jomugan

Bilbo Feminista Saretzen plataformak deituta, Bizkaiko hiriburuko hainbat tokitatik martxa egin dute gaur goizean Atzerritarren Legea, zaintza sistema eta Iberdrola bezalako multinazional handiak salatzeko eta feminismo antiarrazista eta antikapitalista aldarrikatzeko.

Mugimendu feministak eta pentsiodunek bat egin dute aurtengo Martxoaren 8an. (Oskar MATXIN/FOKU)
Mugimendu feministak eta pentsiodunek bat egin dute aurtengo Martxoaren 8an. (Oskar MATXIN/FOKU)

‘Sistema arrazista arrakalatu. Erresistentzia feministak ehuntzen’ lelopean mugimendu feministak Bilboko kaleak hartu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren karira eta martxa baten bitartez Atzerritarren Legea, zaintza sistema eta multinazional handiak salatu ditu pentsiodunen mugimenduarekin batera. Aurtengo martxoaren 8a pandemiak baldintzatu du eta antolakuntzatik ahalegin handiak egin dituzte uneoro segurtasun tartea mantentzeko eta kutsatzeak saihesteko.

Mobilizazio egunari hasiera emateko, elkarretaratzea egin dute Uribitarten, atzerritarren bulegoaren aurrean. Hor Atzerritarren Legea eta «joan-etorrietan milaka emakume hiltzen dituzten harresiak eta mugak» salatu dira. Emakume talde batek horma bat eraiki du fruta-kutxekin, eta, ondoren, bota eta kandelak jarri dituzte lurrean, hildako emakumeen omenez.

«Faxismoa eta autoritarismoa gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira agenda politikoan, eta kapitalaren interesa lehenesten dute Atzerritarren Legearekin batera. Horren emaitza da gure bizitzetan dagoen prekarietatea, lan eskubideak sistematikoki urratzen ari baitira», ohartarazi dute Bilbo Feminista Saretzen plataformako kideek.

«Egoera irregularrean dauden emakumeak esplotatzen eta eskubide zibil eta laboral guztiak kentzen» dituen Atzerritartasun Legea errefusatu ostean, «bizi proiektuak» suntsitzen dituzten migrazio kontrol politikak «arrazistak» direla esan dute.

Manifestariek feminismo antiarrazista eta antikapitalista baten aldeko aldarriak oihukatu dituzte, eta azken urteetako feminismoaren ereserkietako bat abestu dute: «Y ahora que estamos juntas / Y ahora que sí nos ven / abajo el patriarcado, se va a caer, se va a caer… / y ¡arriba el feminismo que va a vencer!».

Pentsiodunekin bat

Horren ostean, Mugimendu Feminista Bilboko Udaletxera joan da, non, astelehenero bezala, Bizkaiko Pentsiodunen Plataforma «pentsio duinen» aldeko mobilizazioa egiten ari zen. Hor bi mugimenduek euren borrokak batu dituzte eta, besteak beste, egungo zaintza sistema salatu dute.

Mugimendu feministako bozeramaileek nabarmendu dutenez, hiru urte baino gehiago daramatzate etengabe mobilizatzen «emakumeak soldatetan eta pentsioetan bereizten dituen genero arrakalarekin amaitzeko».

«Adineko emakumeok eta emakume pentsiodunek laneko diskriminazioaren, prekarietatearen, zainketen feminizazioaren eta bizitzari eusteko lanen ondorioak jasaten jarraitzen dugu, eta ez da gure lana aitortzen. Ez digu balio pentsio nahikoa eta bizitza duina lortzeko», adierazi dute.

Lanaldia murrizteko eta banatzeko politikak; lana eta bizitza soziala uztartzeko eta erantzunkidetasun eraginkorra izateko politika feministak; genero ikuspegia duten enplegu politikak; eta etxeko langileen gizarte segurantzako araubidea erregimen orokorrarekin erabat parekatzea eskatu dute.

Azkenik, indarkeria matxistak hildako emakumeak gogoratu dituzte eta Dolores Ibarruriren poema bat irakurri dute. «Gaur, mugimendu feministaren aurkako erasoen aurrean, ez dira pasako! ozen esaten dugu», esan du Andrea Uña pentsiodunen mugimenduko bozeramaileetako batek.

Multinazionalen boteraren kontra

Behin udaletxearen aurrean kontzentrazioa amaituta, parte-hartzaileak Iberdrolako Dorrera joan dira multinazionalek «emakumeen pobretzean eta pobrezia energetikoan» duten papera salatzeko. Iberdrola bezalako enpresek duten botere ekonomiko, politiko eta soziala gogorarazi dute eta euren negozioaren bolumena Zipreko edo Ekuatore Gineako BPGa baino handiagoa dela adierazi dute. Amaitzeko, argi-fakturak hautsi dituzte.

Arratsaldeko 19.00etan manifestazio batek Bilboko kaleak zeharkatuko ditu Jesusen Bihotzetik abiatuta. Auzoetatik zutabeak antolatu dira: 18.00etan Deustuko Done Petri Plazatik; 18.00etan Santutxuko Egunkaria plazatik; 18.00etan Errekaldeko plazatik; 18.15 Amezolatik; 18.30 Indautxu plazatik...