NAIZ

Egoitzetan %98,9k jaso du bigarren dosia; Osakidetzan %82ak lehena, Ertzaintzan %87ak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitza soziosanitarioetako egoiliarren eta langileen %98,9k jaso du covid-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia. Osakidetzako profesionalen kasuan, aldiz, immunizatutakoak %41,8 dira.

Abiadura handia hartu du txertaketa Ertzaintzaren barruan. (Irekia)
Abiadura handia hartu du txertaketa Ertzaintzaren barruan. (Irekia)

Egoitza soziosanitarioetako egoiliarren eta langileen %98,9k jaso du dagoeneko covid-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Osakidetzako profesionalen artean, langileen %84k jaso du lehen dosia eta %41,8 immunizatuak daude.

Lakuako Osasun Sailak emandako datuak dira. Agertu duenez, osasun pribatuko profesionalen %81,8k hartu du lehenbiziko dosia, baita beste zerbitzu soziosanitario batzuetako profesional eta erabiltzaileen %50,6k eta haur hezkuntza eta hezkuntza bereziko profesionalen %44,2k ere.

Bestetik, Ertzaintzaren barruan, %87,6ri jarri diote lehen txertoa. Osakidetzan baino gehiago, beraz.

Osasun Sailaren estrategia aldaketa

Osasun Sailak jakinarazi duenez, koronabirusari aurre egiteko txertoen 249.810 dosi jaso dira EAEn. Horietatik 179.010 Pfizerrenak dira, 16.000 Modernarenak eta 54.800 AstraZenecarenak.

Gobernuak estrategia aldatu du, eta bigarren txertorako dosi gutxiago gordetzen ditu orain, jasotakoen %10: 25.186, alegia. Duela bi aste txertoen %22,5 bigarren dosirako altxatzen ziren.

Aste honetan, Gotzone Sagardui sailburuak iragarri duenez, bultzada handia emango diote txertaketari eta 45.263 dosi jartzea aurreikusten dute. Zehazki, 34.929 Astra Zenecarenak dira, 6.037 Modernarenak eta 4.297 Pfizerrenak. Besteak beste, Illunbe zezen plaza erabiliko dute horretarako.

Txertaketa kanpaina hasi zenetik, Osakidetzako profesionalek 179.361 txerto jarri dituzte, horietatik 152.477 Pfizerrenak, 7.013 Modernarenak eta 19.871 Astra Zenecarenak. Guztira, 54.996 pertsonari jarri dizkiete immunizatzeko beharrezkoak diren bi dosiak (53.510 laguni Pfizer eta 1.486ri Moderna).

EHUko 400 ikasle inguruk jaso dute txertoa

Bestetik, EHUko Odontologia, Fisioterapia eta Erizaintzako graduetako 400 ikasle inguruk Astra Zenecaren txertoa jaso dute astelehen honetan, osasun arloan praktikak egiten hasi aurretik.

EHUk azaldu duenez, txertaketa Leioako Campusean egin da, eta Osakidetzak jarri ditu dosiak. «Euskal unibertsitate publikoa, Osasun Saila eta Osakidetza elkarlanean aritu dira pandemiaren azken urte honetan, eta txertaketa hori beste urrats bat da ildo horretan», adierazi du.