Egunerokoaren osagai ezinbesteko bilakatu dira maskarak azken urtean. Mundu osoko herritarrek egunero erabiltzeak, ordea, zenbait arazo gehigarri ekarri ditu, hala nola, jada baliagarri ez direnean maskarekin zer egin. Izan ere, ez dira modu berezituan ez jasotzen ezta prozesatzen ere; eta, ondorioz, zabortegietara heltzen dira, ez badira beste leku askotan botata gelditzen, itsasoan, kasu. Iraunkortasunari eragiteaz gain, arrisku biologikoa ere badute, adibidez, zabortegietan bizi diren arratoiek edo hegaztiek kutsadura zabal baitezakete. Horretaz guztiaz jabetuta, Nantek eta Orka Residuos enpresek indarrak batu eta proiektu partekatu bat abiarazi dute, maskarak jaso, birziklatu eta bestelako produktu bilakatzeko.
Ekonomia zirkularraren bira osatzen du egitasmoak. Orain arte birziklagarriak ez ziren kondar hauek, erregai nahiz balio industrial altuko produktu petrokimiko bihurtuko baitituzte. Bazkideetako bakoitzak prozesuaren zati baten ardura du, bere ohiko jardunarekin guztiz bat datorrena. Irungo Oreka Residuos ingurumen aholkularitza bulegoa da eta hondakin arriskutsuen kudeaketan dihardu. 1995etik pilatzen joan den eskarmentua jarriko du zeregin honetan, bilketaren logistikaz arduratuta. Getxoko Nantek start-up-ak, berriz, tenperatura eta presio altuan egindako degradazio kimiko prozesu bat patentatu du. Mota guztietako plastikoak birziklatzeko balio du eta horixe egingo du maskarekin.
Orka Residuoseko arduradun Jose Manuel Murielek argitu duenez, asmoa brainstorming edo “ideia-jasa” batean piztu zen, bi enpresek partekatzen duten laborategi industrial batean. «Batek arazo bat du, parean duenari kontatzen dio, eta lotzen-lotzen...». Maskarak erreaktorean sartu eta desagerrarazi zitzaketen galdetuta, proba egin zutela gogoratu du Nantekeko zuzendari Carlos Urangak. «Polipropileno purua» direla jabetu ziren, emaitza «ezin hobea» ematen dien materiala.
2020ko ekainerako nahiko zehaztuta zuten proiektua eta azkarrago martxan jarri nahi bazuten ere, «dezente» atzeratu zaie. Orka Residuoseko arduradunak aitortu duenez, «beldur pixka bat genuen, uste genuelako berandutzen ari zitzaigula, hilabeteak zeramatzalako mahai gainean...». Hala balitz ere, harrera ona izan du egitasmoak. Pasa den astean ezagutarazi zuten eta jada teknologia eskuratzeko eskaera eta proposamen ugari jaso dituzte hainbat txokotatik. «Mezu zaparrada jaso dut. Jende ugari jarri da gurekin harremanean: ospitaleak, enpresak... Ondo joan da. Ez badigu esku artetik ihes egiten», zehaztu du Urangak. Eurek dakitela uneotan beste inork ez du halakorik egiten eta beharra uste zutena baina handiagoa da.
Hondakin «garbia»
Birzikla ditzaketen maskarak FFP2 motakoak, kirurgikoak eta sanitarioak dira. Horiek jaso eta plastikozko poltsetan gordetzen dituzte, kutsatzea saihesteko. Jasotakoan ez dituzte manipulatuko eta, bestelako zaborrarekin nahasten ez direla ziurtatzeko, poltsa gardenak erabiliko dituzte. Bakterioek ez diete eragiten; Nantekeko arduradunak azaldu duenez, zentzu horretan, plastiko «garbia» da. «Arrasto organikoak edo janaria ez bezala, hondar biologikoak guretzat ez dira zikinkeria». Batutako labe pirolitikoetan sartu eta, lehenik, hondar biologikoak deuseztatuko dituzte. Prozesuan 450 eta 500 gradu artera heltzen dira erreaktoreak, bakterioak ezabatuz. Ondoren, bigarren prozesu kimiko baten bidez, eraldatu egingo dituzte produktu likido (hidrogenoa) edota hidrokarburo sintetiko (parafinak edo sufre gabeko erregaia) bihurtuz.
Reciclamascarilla.com webgunea abiarazi dute egitasmoaren berri eman eta halako hondakin sanitarioak dituzten norbanakoek, enpresek eta erakundeek beraien establezimenduetan jasotzeko aukera izan dezaten. Lantoki, eskola, merkataritza gune eta bestelakoetan «modu logiko eta merkeenean» bildu eta metatzeko protokoloak zehazten lagunduko die Orka Residuosek, besteak beste, esan bezala, maskarak bestelako zaborrekin nahasten ez direla bermatzeko, prozesua tokian-tokian norbaitek gainbegiratzea beharrezkoa baita. Zerbitzuak gutxieneko kostu bat izango du, bilketa lekuaren, maskara motaren, kopuruaren eta kontserbazio egoeraren arabera.
Gaur-gaurkoz laborategian duten azpiegituran egin dituzte probak, baina, martxan denean, Nantek Zamudion altxatzen ari den fabrikara eramango dituzte. Egitasmoa abenduan abiaraztea espero dute eta 500 tona plastiko tratatzera heltzea aurreikusten dute. Urangaren arabera, «guretzat erlatiboki erraza da gaitasuna handitzea, ekipo modularrak direlako, eta, horri esker, beharretara egokitzeko malguak eta arinak garelako». Hala ere, Murielen ustez, azpiegitura handi bakarra beharrean, proiektuaren arrakastaren arabera, hobe da planta gehiago izatea. «Hondakinen kasuan, osasunari eta ingurumenari dagokionez, garrantzitsua da sortzen den lekutik gertu kudeatzea. Inbertsioa ez denez oso handia, logikoa litzateke zenbait mila biztanleko tratamendu gune txiki bat egotea».