“Zoriontsuak izatea aukeratu genuen” (Elkar) liburuak iaz ikusi zuen argia, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria eskuratu ondoren. Hasieratik ikusi zuen Ayllonek “Elkar ezagutu genuen eguna” idazlanak eskaintzen zituen aukera dramaturgikoak.
Piszifaktoria Ideien Laborategiko kidea da Ayllon eta bertan landu dute antzerkirako bertsioa. Gidoia Ayllonek berak egokitu du eta, behin hori eginda, ekoizle lanetara mugatu da, lagunen esku utziz taularatzea. «Oparia izan da niretzat. Zuk bi dimentsiotan sortutako pertsonaiek, bat-batean, hiru dimentsio dituzte eta oso potentea da. Gorputza, ahotsa, tonua, mugitzeko modu jakina dute bat-batean. Liburua irakurri duenarentzat polita da berak irudikatu duena betetzen den ala ez ikustea eta, irakurri ez duenarentzat, berriz, amu polita da antzeztokian ikusitakoa nola kontatzen den paperean», azaldu du.
Laburra da antzezlana, hogei minutuko iraupena du. Irati Onaindia eta Aritz Bengoa igoko dira eszenara Pablo Ibarluzearen zuzendaritzapean. Igor Arzuagak sortu du musika. «Antzezlanean musikak pisu berezia du, audioa oso modu berezian dago landuta», kontatu du. Ayllonen esanetan, «oso lagungarria da hain denbora gutxian istorio dramatikoan sartzeko. Iaz Gasteizko Antzerki Jaialdian estreinatu zen lana. Ikusleak gustura geratu ziren; ondo funtzionatzen du», dio.
Anja eta Iker. Norvegiarra bata, euskalduna bestea. Anja dena utzi eta beste herrialde batera doa, Internet bidez ezagutu duen bikotearengana. Ikerrek ez du Internet bidez hasitako harremanarekin jarraitu nahi. Biak elkartuko dira aireportuan. Hizketan ari dira agertoki gainean, baina ez elkarrekin. «Ez da elkarrizketa, elkar eragiten duten bi bakarrizketa dira», argitu du.
Zoriontasuna nahi
Zoriontasunaren bila dabiltza Ayllonek sortutako pertsonaiak. Zirt ala zart. Erabakia hartu behar dute. «Zoriontasuna aurkitzeko jendarteak ezarritako arauak betez, onena erdiko errail zabal horretatik joatea dela esaten digute, beste guztiek egiten dutena eginez. Inguruan beste zerbait ikusten dugu, zoriontsu izateko normala izateari utzi behar diogula. Dena den, zoriontsu izatea erabakitzea ez da nahikoa; bideak ekarriko du zoriontasuna ala ez».
Ayllon pozik da liburuak izan duen harrerarekin, salduenen artean dago azken asteotan. «Oso erraz irakurtzen da, kontakizunak ez dira luzeak eta aldi berean badu sakontasuna. Oso muturreko egoerak bizi dituzte pertsonaiek baina jendea identifikatuta sentitzen da», esan du.
Itzultzailea lanbidez, idaztea bere egunerokoan presente dago. «Ez dakit bizitzen idatzi gabe, kondena hori daukat», aitortu du irribarrez.
Arte eszenikoan munduak gero eta interes handiagoa pizten dio. «Ez naiz izan antzerkia irakurri zalea, baina azkenaldian gero eta gehiago ari naiz. Beharbada ez da irakurle guztientzat, baina oso ederra da gidoiak irakurtzea. Nobela baten kasuan ere zure buruan sortzen duzu irakurtzen ari zarenaren antzezlana eta antzezlana irakurtzea da hori errazen jartzen digun generoa».
«Idaztea oso bakartia da eta, ni ekintzazalea naizenez, gustukoa dut horri bigarren bizitza bat eman eta taldean lanean aritzea, beste fruitu bat ematea, gainera, harreman zuzena izango duena publikoarekin. Eta hark ere parte hartzea izatea proiektuan», gaineratu du.
Gaurko emanaldia Bilboko Itsasmuseumen izango da, 19.00etatik aurrera. Beste emanaldi bat ere izango da etzi, Donostian, Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, 19.30ean hasita. Sarrerak agortuta daude dagoeneko bi saioetarako.