NAIZ

Gobernuburu diren emakume gehiago dago 2021an, baina mantsoago igo da kopurua

NBEren Emakumeak eta Parlamentuarteko Batasunaren datuen arabera, munduko gobernuetan dauden emakumeen kopurua maximo historikora iritsi da 2021ean. Hala ere, bi erakundeek nabarmendu dute aurten aurrerapenak moteldu egin direla eta proportzioa oso txikia dela oraindik.

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa. (Jens DRESLING/AFP)
Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroa. (Jens DRESLING/AFP)

Munduko herrialdetako gobernuburu diren emakumeen kopurua maximo historikora iritsi da 2021ean, baina politikagintzan genero berdintasunerako aurrerapenen erritmoa moteldu egin da, asteazken honetan Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Emakumeak eta Parlamentuarteko Batasunak ohartarazi dutenez. Bi erakundeek «Emakumeak politikan» maparen beste edizio bat aurkeztu dute, munduko botere betearazle eta legegileetan emakumeen presentzia erakusten duena.

2021eko urtarrilaren 1ean, emakumeak estatuburu edo gobernuburu ziren 22 herrialdetan, urtebete lehenago baino bi gehiago eta maximo berri bat, neurri handi batean Europako egoerari esker. Eskualde horretan, bost estatu-buruzagi daude eta zazpi gobernuburu. Eskandinaviako lau herrialde (Danimarka, Finlandia, Islandia eta Norvegia) emakumeek zuzentzen dituzte gaur egun.

Nolanahi ere, munduko proportzioa oso txikia da oraindik ere, emakumeak estatuburu guztien %5,9 eta gobernuburuen %6,7 baino ez baitira.

Emakume ministroen proportzioa ere hazten ari da, eta gaur egun %21,9koa da, aurreko urtean baino %21,3 handiagoa, baina gobernuan emakumerik ez duten herrialdeen kopurua ere handitu egin da.

Hain zuzen, NBEk eta Emakumeak eta Parlamentuarteko Batasuna erakundeek ohartarazi dute arlo horretako aurrerapenak moteldu egin direla, nahiz eta exekutibo aldaketak dituzten zenbait herrialdek emakume gehiago izan dituzten ministerioen buru, hala nola Lituaniak edo Belgikak.

Nikaragua da, gaur egun, Gobernuan emakume kopuru handiena duen herrialdea (%58,8), eta atzetik ditu Austria, Belgika eta Suedia (%57,1). Guztira, hamahiru estatu daude gobernu parekideak edo gizonezkoak baino emakume gehiago dituztenak, besteak beste, Estatu espaniola eta frantsesa, Kanada eta Costa Rica.

Martin Chungong-ek, Parlamentuarteko Batasunako idazkari nagusiak, prentsaurreko batean nabarmendu du Estatu Batuetan izan den aldaketaren garrantzia; izan ere, Joe Bidenen Gobernua da herrialdearen historiako orekatuena, %46 baitira emakumeak ministerio postuetan; aurreko Administrazioan %17 besterik ez ziren.