Eguzkik eskatuta, Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoa artean joan den otsailaren 20an eta 21ean izan ziren baso-suteak ikertzeko eginbideak hasi ditu Gipuzkoako Fiskaltzak, delitu baten ondorio izan daitezkeelakoan.
Talde ekologistak azaldu duenez, Eguzkik aurkeztutako salaketa bati eta Aldundiak eginiko txosten bati erreparatuta hartu du Fiskaltzak erabakia.
Hainbat alkatek eta kargu publikok adierazi izan duten bezala, nahiko zantzu daude Bidasoko parajeetan ia 2.000 hektarea kiskali zituzten sute haiek nahita piztutakoak izan zirela pentsatzeko. Are gehiago, udalerri lapurtarrek dagoeneko bide penalari ekin diote.
Hiru Kontserbazio Bereziko Eremu, kalteturik
«Kiskalitako eremu gehienek bi ezaugarri komun dituzte: publikotasuna eta abeltzaintza. Horra ikerketa-bide bat. Nolanahi ere, XXI. mendeko Euskal Herrian, mendiari su emateko praktika neolitikoak ohikoa izaten jarraitzen du», adierazi du Eguzkik.
Honelako suteek sekulako kaltea egiten diote bioaniztasunari. Adierazgarria da otsailekoetan gehien sufritu zuten lekuen artean Natura 2000 sareko hiru Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) egotea, zehatz-mehatz, Larrun eta Xoldokogaina, Bidasoa ibaia eta Aiako Harria.