Martxoaren 27an Gasteizko Europa Jauregian ‘Segregaziotik inklusiora’ izenburuko jardunaldia antolatuko du LABek, azken hilabeteotan eskola sisteman ematen diren segregazio anitzen inguruko gogoeta prozesu bat bultzatzeko ekimenen baitan. Egun horretan publikoa egingo den txostenak jaso ditu prozesu horren ondorioak.
«Jatorria, hizkuntza, kultura, erlijioa, aniztasun funtzionala, generoa edo klasearen arabera ikasleak segregatzea arrazista eta klasista dela deritzogu. Gure ustez, hezkuntzak ezin ditzake berak bakarrik segregazioak gainditu, baina hezkuntzatik badago zer egin», ohartarazi dute ostiral honetan sindikatuko ordezkariek.
Horri buruz eztabaidatuko dute Gasteizen Hernaniko Hezkuntza Plataformak, Aranbizkarra Ikas komunitateak edota AMUGE emakume ijito feministen ordezkariek. «Segregazioa gainditzeko egiten ari diren lana azalduko dute», gaineratu dute sindikatuko kideek.
Beste alde batetik, EHUko Onintza Odriozola eta Huheziko Eneritz Garro irakasleek ‘Segregazioa gaindituz herri, hizkuntza eta kultura zapaldutik’ izenburuko mahai-inguruan parte hartuko dute. Ondoren, Intersindical-CSC sindikatuko Antoni Casserresek Catalunyan dagoen harrera protokoloaz hitz egingo digu, eta Diana Urrea politikari eta aktibista feministak Kolonbiatik Euskal Herriratu zeneko esperientzia azalduko du.