Jose Javier Zabaletarekin batera, Beñat Rezusta izan da, ezbairik gabe, Binakakoaren pilotaririk erregularrena. Berak eta etxarrendarrak jarritako erritmora banatu dira, gehienetan, txapelketa honetako txapelak eta lehiaketa ia bi urteren buruan Donostiara itzuli den honetan, argi geratu da, beste behin ere, Bergararraren ezkerrak dir-dir egiten duenean, zaila dela oso hari aurre egitea. Astelehenean oso partida gogorra jokatu izanagatik, aspaldiko Rezustarik freskoena ikusi dugu, ziur aski aurtengo bere partidarik onena jokatu du gipuzkoarrak eta gauza ezinezko jarri dizkio etxean txapelketako lehen partida jokatu duen Iñigo Bikuñari. Gaurko garaipen eroso honekin Baikoko bikoteak eten egin du azken aldiko bolada txarra, jokatutako azken bost partidetatik lau galduak zituzten, eta play offetara sartzea ziurtatzeaz gain, etorkizunera begira esperantzak berpiztu ditu, batez ere Rezusta gaurko jokoa errepikatzeko gai bada.
Luze baino, azkar ibili du pilota Bergarakoak, Iñigo Bikuñari jartzeko ia astirik eman gabe eta, batez ere, Jokin Altunari jokoan sartzeko aukerarik eman gabe. Logistika arazoren batengatik –pilotariei elastiko bakarra ematen omen diete eta hura aurkitu ezinik aritu omen da–, kide baten kamiseta soinean zuela –izena esparatrapuz estalita– aritu da amezketarra eta beste pilotari bat eman du kantxaren gainean. Apenas izan du jokoan sartzeko aukerarik eta izan dituen apurretan ere, Aimar Olaizolak jotzerako igarri dizkio intentzioak. Goizuetakoak ez du emaitzak irudika dezakeena bezalako partida distiratsurik jokatu, baina «akademiko» egon da; defentsan zorrotz eta aurreko koadroetan nahastu gabe, bere aukeraren zain egoten asmatuz, bere atzelariak sortuko ziola erabat sinetsita.
Aukerarik gabe
Iñigo Bikuñaren inguruan ezin esan partida txar-txarrik jokatu duenik, baina egia da baita ere, apenas dagoela halako Beñat Rezustari kontra egiteko gaitasuna duen atzelaririk. Izan dituen bi aukeretan, Zumaian eta Donostian, zorterik ere ez du batere izan, baina halakoek ikasteko balio behako lukete.
Eta panorama honekin, asteburuko joerari jarraipena eman dio Atano III.eko partidak. Hamaikagarren jardunaldiko hiru partidak batuta, galtzaileen artean 16 tanto baino ez dituzte batu. Gaur ere partida aitaren batean hautsi da, Olaizola-Rezusta 13-1 aurreratu baitira, tartean sakez jarraian hiru tanto lortuta. Hortik aurrera erantzuteko modurik apenas izan dute Aspeko gipuzkoarrek.
FITXA TEKNIKOA:
Olaizola II.a-Rezusta: 22
Altuna III.a-Bikuña: 6
Pilotakadak: 420. Iraupena: 47,29 minutu. Markagailua: 2-0, 2-1, 13-1, 13-5, 18-5, 18-6, 22-6. Sakeak: 4 Olaizola II.ak eta 0 Altuna III.ak. Tantoak: 5 Olaizola II.ak, 4 Rezustak, 2 Altuna III.ak eta 2 Bikuñak. Hutsak: 1 Olaizola II.ak, 1 Rezustak, 2 Altuna III.ak eta 7 Bikuñak. Gorabeherak: Binakakoaren hamaikagarren jardunaldiko hirugarren jaialdia Donostiako Atano III.ean jokatu da.