NAIZ

Lurralde poloetako ordezkariekin bilerak eginen dituzte bakegileek

Bake Bideak eta bakegileek ohar baten bidez jakitera eman dutenez Euskal Elkargoa sortu zenetik horren oinarri izan diren hamar lurralde poloetako ordezkariekin bilerak eginen dituzte konponbide auziari buruzko informazioa konpartitzeko eta aurrera begirako erronkak aipatzeko.

Jean Rene-Etchegaray, Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko burua, eta Isabelle Pargade, Hazparneko auzapeza, urtarrileko giza katean, Baionan. (Bob EDME)
Jean Rene-Etchegaray, Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko burua, eta Isabelle Pargade, Hazparneko auzapeza, urtarrileko giza katean, Baionan. (Bob EDME)

Iragan ekainean bururatu zen udal hauteskundeen prozesua Ipar Euskal Herrian eta horren ondotik Euskal Elkargoaren egitura ezberdinak berrituak izan ziren.

Pandemiak hala aginduta hamabost eguneko aldearekin baino hiru hilabete pasa ziren lehenengo eta bigarren itzulien artean.

Konfinamenduaren atarian, 2020ko martxoaren 15ean, herri bozen lehenengo itzulia egin zen eta ekainaren 28an bururatu zen bozketa. Horren ondotik udal bozetako emaitzetan oinarritzen diren Euskal Elkargoko instantzien berritzeko prozesua heldu zen.

Gaur Bake Bideak eta bakegileek ohar baten bidez jakitera eman dutenez, Euskal Elkargoaren sorreran oinarri izan ziren hamar lurralde poloetako ordezkariekin bilerak eginen dituzte konponbide prozesuaren bilakaera eta aurrera begirako erronkak marrazteko.

Hasieratik konponbidearen auziari begira ezinbesteko bidelagun izan dira Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko hautetsiak.

2017. urtean Euskal Elkargoa sortu zenetik erakunde horrek Parisen interlokuzio lana burutzen duen euskal delegazioak sustaturiko lana babestu eta bakegileen eskutik karriketan egin diren ekimenak sostengatu ditu.

Elkarlan horren jarraipena emateko xede herri eta elkargoko ordezkari berriekin informazio lana abian eman dute bakegileek eta Bake Bideak.

Orain arte hiru bilera gauzatu dituzte, Bidaxuneko Lurraldea, Errobi-Aturri eta Euskal Kostaldea-Aturri poloen ordezkariekin. Azkeneko hori da biztanle gehien ordezkatzen duen eskualde egitura, Baiona, Angelu, Biarritz, Bidarte etta Bokale barne dituelako.

Lan hori segitzeko xede gainerako poloetako ordezkariekin ondoko asteetan bilerak egiteko asmoa baieztatu dute bake eragileek.

Aipaturiko bilkurek helburu bikoitza dute. Lehenik eta behin 2011ko urriaren 17an Aieten eginiko Nazioarteko Bake Konferentziaren eskutik garatu den konponbide prozesuak utzitako bilana aipatzea, bereziki hautetsi berriek orain arte garatutako lanaren berri ukan dezaten.

Bigarrenik, presoen auziari irtenbidea emateko prozesuaren inguruan aurrez aurre diren erronkak aipatzea. Egun 28 euskal herritar preso daude frantziar espetxeetan eta beste 188 espainiar Estatuko kartzeletan.

Bizikidetza eraikitzeko bidean presoen zein biktimen auziei irtenbide «justua eta iraunkorra» ematea ezinbestekotzat jotzen dute Bake Bideak eta bakegileek.