NAIZ

Polizien nagusitasuna aldarrikatzen duen kamiseta ultraeskuindarra ETBn

ETB1eko ‘Baserria’ saioan lehiakide den Gontzal izeneko ertzainak hautsak harrotu ditu sareetan. Izan ere, Blues Lives Matter eskuin muturreko AEBetako taldearen kamiseta batekin agertu zen programan, ETBk aurretik beste aldarrikapen batzuk isilarazi dituenean.

Gontzal izeneko ertzaina ETB1eko ‘Baserria’ saioan Blues Lives Matter talde ultraeskuindarraren kamisetarekin.
Gontzal izeneko ertzaina ETB1eko ‘Baserria’ saioan Blues Lives Matter talde ultraeskuindarraren kamisetarekin.

Blues Lives Matter. Urdinen bizitzak garrantzitsuak dira, ingelesez. Black Lives Matter, beltzen bizitzak garrantzitsuak dira aldarrikapenari AEBetan jarrera ultraeskuindarretik eman dioten erantzuna da. Urdin hori polizien uniformearen kolorea da, Guardia Zibilaren berdearen antzekoa. Polizien kontrako erasoak «gorroto delituak» bezala epaitzea eskatzen dute Blues Lives Matter mugimenduko kideek. New Yorken bi poliziaren hilketaren ondoren abitatu zen aldarrikapen hau 2014ko abenduan. 

Estatu Batuetako beltzek eta beste komunitate batzuek salatzen duten polizien arrazakeriaren aurrean, poliziak direla jazarpena pairatzen dutenak salatzen du Blues Lives Matter taldeak, munduan zehar aurkako irudiak zabaldu badira ere. Betiere, horretarako jarrera ultraeskuindarretan oinarritzen dira. Eskubide zibilen alde egiten duen ACLU talde historikoaren kontra egin du talde honek. Louisianan beraien jarrerarekin bat egiten duen lege bat onartzea ere lortu zuten.

AEBetatik Estatu espainolera salto eginez, Jusapol taldearen antzeko zerbait izango litzateke. Eta ezin da ahaztu ere antzeko jarrera oldarkorrak ikusi izan direla azkenaldian Ertzaintzaren sindikatu batzuetan, grebetan aritzen diren langileen kontra berriz gomazko pilotak jaurtitzeko «eskubidea» aldarrikatu dutelarik. Bide batez, horren berri eman duen komunikabidearen kontra ere egin dute.

Telebista publiko batean aldarrikapen ultraeskuindarrak hedatzen dituen kamiseta bat azaltzeak kritikak piztu ditu. Batez ere, ETBn bertan beste aldarrikapen batzuen aurrean izan duten jarrera askoz ere zorrotzagoa izan denean.