Goialdera gerturatu eta behealdetik urrundu, euskal taldeen asteburuko helburuak

Athleticek Valentzia hartuko du larunbat honetan goranzko ibilbidea sendotzeko asmoz. Eibarrek inflexio puntua markatzea nahi du Unben Espayolen aurka. Eta Realak laugarren garaipena jarraian bilatuko du igandean Sevillaren kontra.

Realak laugarren garaipena jarraian ospatu nahi du. (Gorka Rubio/Foku)
Realak laugarren garaipena jarraian ospatu nahi du. (Gorka Rubio/Foku)

Euren egoera desberdina da eta, beraz, desberdina izango da asteburuko helburua Reala, Athletic eta Eibarrentzat, guztientzat lehen urratsa amankomuna bada ere: garaipena. Baina donostiarrek sailkapeneko goialdera gehiago gerturatzeko nahi dute eta beste biek, berriz, jeitsiera postuetatik urruntzeko.

Athleticek Valentzia hartuko du larunbat honetan Lezaman (11.30), azken asteotako goranzko ibilbidea sendotzeko asmoz. Asmoa eta beharra dute zuri-gorriek, oraindik oso apala baita ibilbide hori. Baina lau puntu eskuratu dituzte bi partidatan, bi aurkari zuzenen kontra, postu pare bat irabazi dute sailkapenean… Hilabete on bat edukitzeko aukera, gutxienez, badago. Eta hori aspaldian ez zaie gertatu bizkaitarrei.

Iraia Iturregi ez dago guztiz pozik azken jardunaldi hauetan ikusitakoarekin eta taldeak taktikoki eta, batez ere, mentalki, oraindik urrats asko eman behar dituela uste du. Baina, seguruenik, urrats horiek ematea errazagoa izango da postu hobe batean egotea lortuz gero eta garrantzia ematen dio entrenatzaileak biharko partidari zentzu horretan. «Huelvaren aurkako berdinketa ez dut positibotzat hartzen baina bihar irabazten badugu… zazpi puntu hiru partidatan aurretik sinatuko nukeen emaitza da, positiboagoa irudituko litzaiguke Sportingen aurkako berdinketa, beste aurkari zuzen bat harrapatuko genuke».

Harrapatu eta gainditu, izan ere, hiru puntu gehiago besterik ez baitauka Valentziak eta lehen itzuliko partida berdinduta amaitu zen. Aurkariari dagokionez, «gure antzeko dinamikan» dagoela uste du. Baina emaitzak oso onak ez izan arren, talde «ausarta» dela azpimarratu du entrenatzaile zuri-gorriak, «eta baloiarekin arrisku asko hartzen ditu bere gain. Horrek aukera argiak eman diezazkioke baina baita guri euren akatsak aprobetsatzeko aukera ere».

Marta Unzuek ezin izango du jokatu, aurreko partidan lesio txiki bat sufritu baitzuen eskuin hankako barne bikian. Erikak lesionatuta jarraitzen du baina Iturregik Jone Ibáñez berreskuratu du.

Eibarrek ere helburu bera

Zuri-gorrien helburu berarekin itzuliko da Eibar larunbat honetan Unbera (11.30). Eta bere hitzordua ez da nolanahikoa izango. Alde batetik, egutegiko zati gogorrenari amaiera eman diolako eta horrekin batera, denboraldiko bolada txarrenarekin ere amaitu nahi duelako. Eta, bestetik, Espanyolen bisita hartuko duelako. Hau da, une honetan jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea, Eibarrek (eta Athleticek) baino lau puntu gutxiagorekin.

Iker Dorronsorok bere taldea lasaitasunez aritzea espero du, dakiena ondo egin ahal izateko. «Azken bi hilabetetako dinamika ona izan ez den arren, taldeak denboraldi osoko lehiakortasuna erakutsi du. Esan genuen hau gertatu zitekeela –gogoratu du– eta gertatu da. Baina baikorrak gara, taldearen maila hobetzen ari dela ikusten dugulako».

Orain, azken asteotako irapaspenak aprobetxatzeko unea heldu dela uste du Igeldokoak. «Aurrerapauso bat emateko eta hurrengo urtean non egon nahi dugun erakusteko unea heldu zaigu», adierazi du Igeldokoak, batez ere bihar, «aurkari zuzen bat izango» baitute armaginek aurrean. «Gainera etxean jokatzen dugu, oso garrantzitsua da». Baina «oraindik beste hamaika partida geratzen» direla ere gogorarazi du, larregizko presioa ez ezartzeko bere jokalariengan.

Aurkariari dagokionez, «dinamika txar batetik» datorrela azpimarratu du Dorronsorok. «Jaitsiera postuetan sartu dira eta agian presio puntu hori guk baino gehiago izango dute», esan du. Nekea ere handiagoa izan daiteke Espanyolentzat, asteazkenean atzeratutako partida jokatu, eta galdu, baitzuen Granadillaren aurka.

Reala, gora begira

Igandean helduko da Realaren txanda. Sevillaren bisita hartuko du Zubietan (13.30, Gol), laugarren garaipena jarraian ospatzeko asmoarekin. Denboraldian lehen aldiz «hiru garaipenen muga gainditu» dute donostiarrek, Natalia Arroyok azpimarratu duen bezela, «eta oso pozik gaude. Gainera azkena partida zaila izan zen, aurkari gogor baten aurka, partida ona eginez, aukerekin, etxetik kanpo… Animikoki nabaritzen da».

Nolanahi ere, entrenatzaile zuri-urdinak gogoratu du lasterketa ez zela Tenerifen amaitu: «Orain hurrengo urratsa eman behar dugu, eta 12tik 12ra pasatu, denboraldian lehen aldiz. Erregulartasuna behar dugu, ibilbidea sendotu, hori baitan orain arte falta zaiguna. Emaitza on asko jarraian lortu, hor goian dauden taldeek denboraldiko beste une batzutan egin duten bezela, guk ere borroka horri antzeko egoeran egiteko».

«12tik 12» hori lortzeko, Realak aurkari gogorra gainditu beharko du. Sevillari erregulartasuna falta izan zaio donostiarren guda berberan parte hartu ahal izateko baina kalitatea eta gaitasuna ez zaizkio falta. «Kalitatea dauka, talentuta…, gainera neguko merkatuan indartu da. Eskarmentuko futbolariak eta kalitate eta gose handiko jokalariak bildu ditu, entrenatzaileak ere ondo ezagutzen du maila… Talde ona da. Baina guk gure armak erabili eta beranak makaldu beharko ditugu eta hiru puntuak eskuratzen saiatu».

Larunbatean osatuko du deialdia Arroyok. Printzipioz, Iraia Iparragirrek zerrendatik kanpo jarraituko du, orkatilan duen lesioaren ondorioz. Gainera, Barbara Latorreren zalantza dauka entrenatzaileak.