Haritz Larrañaga

Oier Oaren egoera juridikoa konpontzeko eskaerak sustengu zabala jaso du

Oier Oak bere familiarekin bizitzeko duen eskubidea aldarikatu dute hainbat eragilek Larresoron. Donostiarraren egoera juridikoa konpontzeko eskaerak babes zabala jaso du eta pertsonaia esanguratsuek bat egin dute Larresoroko biztanleek kaleratu duten manifestuarekin.

Larresoron egin duten prentsaurrekoan bertako herritar anitz bildu da. (Bob EDME/FOKU)
Larresoron egin duten prentsaurrekoan bertako herritar anitz bildu da. (Bob EDME/FOKU)

«Oier Oak Larresoron bizitzeko eskubidea ukan dezan galdegiten dugu sinpleki, bere etxean, herrian, familiarekin, eta bere jarduera profesionala segitzeko parada ukan dezan», azaldu du Larresoroko herritar talde batek martxoaren 20an eskaini duten prentsaurrekoan. Besten artean, Alice Leizaguezaharrek, Bakebideako kideak, irakurri duen idatziak sustengu zabala jaso du. Eskaerarekin bat egin dute Ipar Euskal Herriko politikari eta pertsonaia esanguratsuek.

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko hautetsiek bilkura berezia zuten gaur goizean, beraz ezin izan dute prentsaurrekoan zuzenean parte hartu, baina beherago azaltzen den zerrendan ikus daitekeen moduan, zinez sustengu zabala jaso du Azaroan atxilotu eta Ipar Euskal Herritik kanporatu zuten Oier Oaren egoera juridikoa konpontzeko eskatzen duen manifestuak. Idatzia sarean sinatzeko aukera ere eskainiko dutela jakin arazi dute Larresoroko biztanleek.

Egun Dantxarineatik hurbil bizi den donostiarrak Ipar Euskal Herrian egoteko debekua du, baina martxoaren 26an Baionako epaitegian aurkeztu beharko du fiskaltzaren aurrean deklaratzera. Paradoxikoki lurralde debekua hautsi izanagatik aurkeztu beharko du Oak, legez egon ezin duen leku batera. Ordea, bere aldeko sustengu komiteko kideek argitu dutenez, «hitzoru horrek ez du bere egoera konponduko». Edonola ere, kanporatua zian zenetik ikusi ezin izan dituen Etxepare Lizeoko ikasleek haien irakaslea ikusteko aukera izango dute eta elkarretaratze baterako deia luzatu dute.

Oaren egoera konpontzeko Parisko Dei Auzitegian errekurtso berri bat ezarri du familiak, Pariseko zigor Auzitegiak ezarritako bizi osorako lurralde debekua ken dezan, baina erantzuna ezezkoa balitz, Europara jotzeko asmoa duela iragarri dute, «egoera jasangaitza baita sendiarendako».

Larresoron irakurri duten idatzia Emmanuel Macron presidenteari, Jean Castex lehen ministroari eta Éric Dupond-Moretti justizia ministroari zuzendua dago, baita Emily O’Reilly Europar Batasuneko arartekoari ere, Oierren sustengu komitiko kideen esanetan, «oinarrizko pertsona eskubideak, eta Europako zirkulazio askatasuna zangopilatuak direlako kasu honetan».

Amaitzeko egungo testuinguru politikoan euskal militanteen kontrako salbuespen neurriak mantentzea gizartearen gehinegoaren kontrako zentzuan doala salatu dute hizlariek: «Frantziak euskal presoak hurbildu ondoren aske geratzen direlarik heien etxetik urruntzen baditu, ez du gatazka konpontzen, arazo berri bat sortzen baizik», azpimarratu dute.

FIJAIT fitxategian

Osasun krisiaren ondorioz ezarritako neurriak betetzen direla ziurtatzeko Ipar Euskal Herrian polizia frantsesak ezarritako kontroletako batean atxilotu zuten Oier Oa iazko azaroaren 25ean. Espetxean izan diren beste hainbat euskal herritar bezala FIJAIT fitxategietan aurkitzen da donostiarra eta ondorioz Estatu frantsesean egoteko debekua du.

Hiru urte Frantziako espetxeetan egin ostean Espainiako polizaren esku utzi zuten Oa eta 2015eko uztailean aske geratu zen, baina Estatu frantsesean egoteko debekua ezarri zioten. Ordea, Larresoron bizi diren bere haurrekin eta emaztearekin egoteko erabakia hartu zuen, izan ere birritan egin zuen bere egoera juridikoa konpondu eta familiarekin bizi ahal izateko eskaera, baina ez zuen inoiz erantzunik ukan.

Ekimen ugari Oaren egoera salatzeko

Azken urteetan Baionako Bernat Etxepare Lizeoan lan egiten zuen. Hain zuzen ere, lanera bidean gelditu ostean atxilotu zuten Oa eta ordutik Dantxarieneatik hurbil bizi da donostiarra. Bere atxiloketak eta kanporatzeak egonezina sortu zuten bere ikasle eta lankideengan eta lehen unetik hainbat mobilizazio eta sustengu ekimen antolatu dituzte. «Egoera hau ulertezina da eta onartezina da, oinarrizko eskubideen aurkakoa eta Euskal Herrian ireki den bake bidearen kontrakoa», adierazi du berriki Etxepare Lizeoko sustengu komiteak.

Larresoron bertan ere ugariak izan dira Oari sustengua erakusteko eta bere egoera konpondu dadila eskatzeko egin diren ekimenak, baina orain dimentsio berri bat hartu du donostiarraren kasuak, izan ere gertukoen sustenguaz harago Ipar Euskal Herriko pertsonalitate eta eragile esanguratsuek bat egin dute Oaren egoera juridikoa konpondu dadila eskatzeko.

Sustengu zerrenda esanguratsua

Oari sustengua adierazteko argitaratu den testua, besten artean, honako pertsona ezagunek sinatu dute: Jean-René Etchegaray (Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza), Max Brisson eta Fréderiqur Espagnac (Pirinio Atlantikoetako senatariak), Vincent Bru (diputatua), Michel Veunac, Alice Leicaguecahar eta Emilie Dutoya (Eskualdeko kontseilariak), Michel Tubiana (Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea).

Hainbat herrietako auzapezek ere bat egin dute Oier Larresoron! Sustengu Komiteak argitaratu duen idatziarekin. Hona eskaera sinatu duten zenbait auzapez: Laurence Samanos (Larresoro) Bruno Carrere (Uztaritze), Kotte Ecenarro (Hendaia), Jean Pierre Harriet (Luhusoa), Jean-Marie Iputcha (Ezpeleta), Alai Iriart (Hiriburu), Isabelle Pargade (Hazparren)Mizel Iribarren (Itsasu), Marc Labeguerie (Jatsu), Philippe Masse (Haltsu).

Ez da kasu isolatua

Osasun neurriak direla eta, polizia frantsesak hainbat preso ohi atxilotu ditu azken hilabeteetan. Haietako batzuek komisarian ordu batzuek egin ostean kaleratuak izan dira, beste batzuei ordea, Ipar Euskal Herrian egoteko debekua berretsi diete, adibidez, Oier Oa eta Igor Uriarte gasteiztarrari. Egun Hego Euskal Herriko sei herritar aurkitzen dira Oier Oaren egoera berean, hau da, Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoan bizi dira espetxetik atera ostean Estatu frantsesean egoteko debekua ezarri zieten arren.