Xole ARAMENDI ALKORTA
BILBO

Pessoa, Sarrionandia eta Antza eszena gainean elkartu zirenekoa

«Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia» gaur eszenaratuko da lehen aldiz Bilboko Loraldia jaialdiaren eskutik. Urtebete berandu dator estreinaldia, izurriaren eraginez. Mikel Antzak sortu du antzezlana.

Gustura dago Antza Loraldiaren enkarguz egindako lanarekin eta emaitzarekin. Eta pozik azkenean argia ikusiko duelako. «Iazko Loraldia baino egun gutxi lehenago ezarri zuten itxialdia. Hain zuzen ere, entsegu baten erdian iritsi zitzaizkigun itxialdia zetorreneko lehen berriak. Alde horretatik, oso etsigarria izan zen, denbora aurrera zihoan heinean, jendaurrean estreinatu ahal izateko aukera zalantzan baitzegoen. Eskertuta gaude antolatzaileekin urtebete beranduago taularatzeko aukera eman izanagatik», adierazi du.

Lanaren izenburuak, ezinbestean, 1985. urtera garamatza, Sarrionandiak, Antzaren laguntzaz, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenekora.

Literaturak gugan duen pisuari jarri nahi izan dio fokua egileak. Pessoak eta Sarrionandiak, biek ala biek, berarengan izan duten eraginaren lekuko izango da ikuslea. Antzak ez du gehiegi aurreratu nahi izan. «Antzezlan horretan agertzen dut neurri batean eragin hori nolakoa izan zen. Ez hainbeste literarioa, baizik eta nire bizitzari dagokiona. Baina, noski, oinarri-oinarrian literatura dago, bi idazle horien literaturak nigan izandako eragina», esan du.

Pessoak eta Sarrionandiak beste hainbat gauzari buruz hitz egiteko aukera emango diote Antzari. «Loraldiak Fernando Pessoaren eta Joseba Sarrionandiaren arteko alegiazko elkarrizketa literario bat irudikatzea eskatu zidan. Halabeharraren eraginez azkenean irakurketa antzeztu baten forma hartu zuen idazlan bat egin nuen. Literaturaz gain, Euskal Herriaren historiaren zertzeladak agertuko dira, bi egile horien arteko harreman zehatz baten inguruan», kontatu du.

«Marinela»

Pessoa eta Sarrionandia elkarrekin Lisboako taberna batean irudikatzeko enkargua egin zion Loraldiak. Baina harago joan da. Bera ere agertokira “igo” da, “Marinela” antzezlanean sortutako hariari tiraka. Luar antzerki taldeak 1985ean Pessoaren “O Marineiro” (Marinela) taularatu zuen. Antzaren kanpo begiradapean izan zen eta, horretarako, urtebete lehenago Sarrionandiak egindako itzulpena hartu zuen oinarri. Donostian estreinatu zuten lana, lau aktorerekin eta Kaki Arkarazoren musikarekin. «Niri dagokidanez, bi idazle horiek ‘Marinela’ antzezlanean egin zuten bat», dio.

Oso muntaia berritzailea egin zuten, “koadro bakarreko drama estatikoa”. «Nahiko ausarta izan zen... Ordubetez hiru dontzeila aulki banatan eserita mintzo... Eskuak, buruak eta enborrak soilik mugitzen zituzten. Hitza eta isiltasuna ziren antzezpenaren oinarria, Pessoak emandako argipenei leialki jarraituz. Laugarren antzezleak hilkutxan etzanda ematen zuen denbora guztia», gogoratu du.

Eszenan bi dontzeila-beilari ikusiko ditugu, eta hirugarrenaren aulki hutsa. Luar taldeko hildako kidea gogoan. «Idazlanari forma ematen hasi nintzaionean, segituan etorri zitzaidan gogora bi antzezlek egingo zutela irakurraldia, eta aulki huts bat egongo zela, taularatze hartan beilarietako bat izan zen Helena Lezaren omenez, oso gazterik hil zen-eta», adierazi du.

Errealitatea eta ametsa. «Irakurraldiak bi plano nahasten ditu, batetik errealitatearena edo bizitza praktikoarena, eta bestetik ametsarena, edo Pessoaren hitzetan ‘benetako bizitzarena’. ‘Marinela’ obrako beilarien mintzaldiek irudikatzen dute bigarren plano hori. Eta lan horretan agertzen diren pasarte batzuk, gerora, bai Sarrionandiari eta bai niri gertatutakoaren iragarle izan zirela ulertzera ematen dut», argitu du.

«Drama estatikoa»

Idoia Beratarbidek hartu du kanpo begirada ematearen ardura, Antzak berak 1985ean egin bezala. «Hura ‘drama estatiko’ bat izan zen, jantziak, dekoratuak, argiztapena, musika eta antzezleen mugimendu ia ikusezinak zehaztea izan ziren gure lan handienak, antzezleen ahoskerarekin batera, hiru antzezleetatik bi ez baitziren euskal hiztunak eta lana euskaraz ere eskaini baikenuen orduan», gogoratu du.

Idoia Beratarbide, Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdirena izan da lanik handiena, Antzaren esanetan. «Niretzat gozagarria izan da paperetik taularako prozesu horren lekuko izatea. Antzerkiarekin oso aspalditik izandako lehen harremana izan da, eta beraien lan egiteko erarekin harrituta gelditu naiz».

Iazko egitarauan irakurraldi antzeztua Diana Vilharino fado kantariaren emankizunarekin batera iragarri zuten. Aurten, izurriak ez du horretarako aukerarik ematen. «Bai, pena da, egoerak ez du uzten Diana Vilharino gurekin batera aritzea. Baina antzezpenari berari ez dio eragingo, bere horretan fadorik gabe egiteko prestatua baitago», azaldu du Antzak.

Emanaldia gaur 19.30ean izango da Bilboko Alondegian. Sarrera guztiak agortuta daude.