Asier Aiestaran

Ezkurdia eta Galartza nabarmen nagusitu dira Adarragako neurketa garrantzitsuan (22-11)

Pilotari beste abiadura bat eman diote biek eta ez dute arazorik izan Artola eta Aranguren menderatzeko. Irabazleek urrats handia eman dute kanporaketetan sartzeko eta galtzaileei oso zail ipini zaie aurerra egitea.

Joseba Ezkurdia, pilota astintzeko unean (Idoia ZABALETA / FOKU)
Joseba Ezkurdia, pilota astintzeko unean (Idoia ZABALETA / FOKU)

Ezkurdiak eta Ladis Galartzak garrantzia handiko puntua eskuratu dute Logroñoko Adarraga pilotalekuan Artola eta Aranguren 22-11 menderatu ostean. Aspeko bikoteak bostgarren garaipena lortu du eta bizi-bizirik jarraitzen du kanporaketan sartzeko bidean. Baikoko bikoa, aldiz, hiru garaipenekin geldituko da sailkapeneko zuloan eta gauzak oso zail jarri zaizkio bi jardunaldiren faltan.

Markagailuan bakarrik ez, jokoan ere nabarmen nagusitu dira Ezkurdia eta Galartza. Pilotari beste abiadura bat sartu diote biek, eta aurkariak dantzan ipini dituzte behin eta berriro, etengabe defentsa lanean ibiltzera derrigortuz. Arbizuko aurrelariak bikain baliatu du egoera bere tantoekin neurketa erabakitzeko: 12 tanto egin ditu jokoan eta beste hiru sakez, hiru pilota bakarrik galduta.

Hasiera parekatua

Aurreneko tantoak, ordea, ez dira horrelakoak izan. Epailearen txapa urdin erori da eta lehen sakea urdinentzat izan da. Pilota motel bat atera dute kantxara eta pilota horrekin aldeak ez dira horrenbestekoak izan. Artola eta Aranguren eroso ikusten ziren defentsan eta berdinketak egon dira: 2-2, 3-3 eta 4-4.

Datu kurioso bat ere bai: urdinak 0-2 aurreratu dira Arangurenek txokotik zabalera egindako dejada eder batekin eta Artolak jotako gantxo bikain bati esker. Baina ia neurketaren amaierara arte, horiexek izan dira urdinek jokoan egindako tanto bakarrak.

Izan ere, gorriek beraien pilota biziagoa atera bezain laister, egoera erabat aldatu da. Pilota asko atzeratuz Aitor Aranguren lan zailetan ipini dute etengabe, eta Ezkurdiak tantoak askoz errazago amaitu ditu dizdira gehiagoko pilota horrekin.

Esan liteke urdinak 9-6kora arte egon direla partidan sartuta, Galartzak eramateko sake bat beheko koltxoira bota duen unea horixe, baina hurrengo partziala zazpi tantokoa izan da eta gorriak 16-6 joan dira markagailuan, neurketa apurtuz.

«Bazen garaia»

«Bazen garaia», aipatu du Joseba Ezkurdiak partida amaieran. «Hasieratik oso ongi jokatu dugu, argi geneukan bikote bezala zer egin behar genuen gaur. Partidari erritmoa sartu, abiadura eman, eta beraiei eroso jokatzen ez utzi. Uste dut oso ongi egin dugula eta oso pozik noa gaur etxera», gaineratu du arbizuarrak.

Sailkapenari begiratuz, Ezkurdiak esan du seguruenik azken jardunaldian Urrutikoetxea eta Imazen aurka jokatu beharreko dema irabaztea nahikoa izango dela kanporaketan sartzeko, nahiz eta lehenik Olaizola eta Rezustaren aurka jokatu behar duten. «Hurrengo astekoa irabazten badugu Olaizola eta Rezusta harrapatuko genituzke, baina egia da gakoa azken partidan egon daitekeela, aurkari zuzenak ditugulako».

Okerrago geratu zaizkie gauzak Artola eta Arangureni. Hiru puntu bakarrik dituzte, azken bi norgehiagokak irabaztera derrigortuta daude, eta hala ere beste emaitzen zain egon beharko lukete.