NAIZ

Pasaiako badiako sarraskiaren biktimak gogoan 37 urte geroago

Dozenaka lagun bildu dira Pasaiako Badian Pedro Mari Isart «Pelitxo», Rafael Dalas «Txapas», Dionisio Aizpuru «Kurro» eta Jose Mari Izura «Pelu» Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA) erakundeko kideak oroitzeko. Polizia espainiarrak hil zituen 1984ko martxoaren 22an, duela 37 urte.

1984ko martxoaren 22an Pedro Mari Isart «Pelitxo», Rafael Dalas «Txapas», Dionisio Aizpuru «Kurro» eta Jose Mari Izura «Pelu» Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA) erakundeko kideak hil zituen Polizia espainiarrak Pasaiako badian.

Igande honetan dozenaka lagun bertan bildu dira sarraski horren biktimak gogorateko eta gaur egun indarrean dagoen inpunitatea salatzeko. Izan ere, bide judizial guztiak agortu ostean, ez da hilketaren arduradunik epaitu.

Kizkitza Gil San Vicente Sortuko kideak ekitaldian azaldu duenez, Euskal Herria aintzindari izan da borroka sozial eta politikoetan, baina baita ere espainiar Estatuaren errepresioa pairatzeko orduan.

Gogoratu duenez, «Espainiako ezkerreko sektore esanguratsuek onartu egin zuten frankismoaren erreforma, eta Estatuak Euskal Herrira begiratu eta Euskal Herriaren kontrako estrategia errepresibo guztia aktibatu zuen».

«Eta Plan ZEN etorri zen, eta GAL etorri zen», nabarmendu du Gil San Vicentek gaurko ekitaldian parte hartu dutenen aurrean.

Gaurkoa ez da izango Pasaiako Badian izandako sarraskia oroitzeko ekitaldi bakarra. Bihar, XXXVII. urteurrenaren egunean, Egiari Zor Fundazioak antolatuko dituen ekimenen berri emango du. Ekitaldi nagusia Azpeitiako Berdura Plazan izango da, martxoaren 27an, ostiralean, arratsaldeko 18.00etan.