Epaitegien zuzenketa aire-konpainiei: hegaldia ezeztatu pandemiagatik edo euren interesagatik?

2020ko martxoan Bilbotik Pragara joteko bi hegaldi zituen bikote batek, baina hegazkin-konpainiak bertan behera utzi zituen covid-19arengatik. Agentziak, ordea, ez zien arrazoi bera eman. Erreklamatu ondoren, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak arrazoia eman die bezeroei.

Loiuko aireportua alarma egoera ezarri ondoren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Loiuko aireportua alarma egoera ezarri ondoren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bilboko bikote batek bi hegaldi zituen Bilbotik Pragara joateko 2020ko martxoan. Aire-konpainiak, Brussels Airlinesek, bertan behera utzi zituen, ohiz kanpoko arrazoiak aipatuz: covid-19aren pandemia. Baina Edreams-ek, erreserbaz arduratu zen agentziak, bidali zien jakinarazpen-oharrean ez zen inon ere aipatzen osasun egoera zenik hegaldi hura bertan behera uzteko arrazoia.

Gainera, aire-konpainiak aukera eskaini zien bidaiariei hegaldien ordutegia aldatzeko, eta hori ez dator bat covid-19ak eragindako gorabehera batekin. Eta zergatik da garrantzitsua hegaldiak bertan behera uzteko arrazoia? Aire-konpainiak konpondu ezin ditzakeen ohiz kanpoko inguruabarrengatik gertatu baldin bada, covid-19ak sortutako egoera, adibidez, erabiltzaileek eskubidea dute txartelaren dirua itzultzeko, eta ez, ordea, kalte-ordaina jasotzeko, bertan behera uzteko arrazoiak konpainiari egotzi ahal zaizkionean ordaindu behar duen kalte-ordaina, hain zuzen ere.

Horrenbestez, bi bidaiariek Erreklamatura jo zuten, hegaldia bertan behera utzi izanaren benetako arrazoiak jakin nahian, zerbitzu hori dohainik ematen baitute abokatu hauek. Informazioa lortu ondoren, hegaldia erreklamatzea erabaki zuten.

Berriki, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak arrazoia dutela ebatzi du, esanez ezin dela frogatutzat eman hegaldia bertan behera uzteak lotura zuenik pandemiarekin. Hortaz, konpainia zigortu du eta 2.124,92 euro ordaintzera behartu, hau da, txartelen diruaren itzulketa gehi 800 euroko kalte-ordaina bidaiari bakoitzarentzat.