NAIZ

Gure Zirkua bueltan da, laugarren birarekin

Gure Zirkuak euskal lurraldeak zeharkatzeari ekingo dio berriro ere, txoko guztietara irriak eta arte eszenikoen magia gerturatzeko. Apirilaren 8an ekingo dio jada laugarrena izango den birari, Errenterian. Sarrerak salgai daude.

Gure Zirkuak Errenterian hasiko du ibilbidea, apirilaren 8an. (Jon URBE I FOKU)
Gure Zirkuak Errenterian hasiko du ibilbidea, apirilaren 8an. (Jon URBE I FOKU)

Badira lau urte Iker Galartza eta, hark bezala, zirkuaren munduarekiko pasioa sentitzen duten hainbat lagunek Luxenburgon karpa bat erosi eta Gure Zirkua sortu zutenetik. Geroztik, urtez urte irriak eta arte eszenikoen magia gerturatu dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetara eta aurten ere hasteko puntua da euren bira berria, jada laugarrena izango dena.

Gure Zirkuko kideek gogora ekarri dute aurreko hiru biretan 100.000 ikusle erakarri dituztela eta 2020an pandemiaren eraginez erabat moldatu behar izan zituztela aurreikusitako ibilbide eta helburuak. Hori horrela, bira berrian orduan bete ezin izan zituzten xede eta konpromisoei helduko dietela iragarri dute.

«Pandemia tarteko, zirku ibiltaria ez zen hain ibiltari izan, eta karpa ez zen Gipuzkoako mugetatik atera. Asko izan zirenez ikuskizunaz gozatu gabe geratu zirenak, taldea sekula baino lehenago hasiko da aurten emanaldiak eskaintzen, urtean zehar Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara iristeko asmotan», jakinarazi dute.

Bigarren karpa bat

Osasun neurriak betetzeko, Gure Zirkuak bigarren karpa bat erabiliko du aurten, «lehen urteetan erabilitakoaren ‘ahizpa handia’, lehenbiziko hark eskaintzen zuen goxotasuna galdu gabe» ikusleen artean metro eta erdiko gutxieneko distantzia errespetatzeko baliagarri izango dena.

Ibilbidea apirilaren 8an hasiko dute Errenterian, eta bertan egongo dira hilaren 18ra arte. Sarrerak jada salgai daude interneten, Gure Zirkuaren webgunean.

Errenteriako Udalarekin elkarlanean, gainera, herriko ikastetxeetako ikasleek zirkua bisitatzeko aukera izango dute, apirilaren 12ko astean, «zirkuaren atzean dagoen erantzukizuna eta lana» gertutik ezagutzeko.