NAIZ

Fokua euskal sorkuntzan jarrita abiatu da Gutun Zuria

Bilboko letren nazioarteko jaialdia, Gutun Zuria, euskal sorkuntzaren gaineko gogoetekin abiatu da. Aixa de la Cruz, Itxaro Borda eta Katixa Agirre batu ditu Bertakoak solasaldiak.

Gutun Zuria astearte honetan abiatu da. (NAIZ)
Gutun Zuria astearte honetan abiatu da. (NAIZ)

Gutun Zuria, Bilboko letren nazioarteko jaialdia astearte honetan abiatu da eta martxoaren 27ra arte gogoeta eta gozamenerako parada eskainiko du. Hasiera ekitaldian Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hartu du hitza, euskal literatura garaikideak jaialdiaren barruan betetzen duen lekuari gorazarre egiteko.

«Beste urte batez idazketa, literatura eta pentsamenduaren nazioarteko erreferente bilakatuko da Bilbo», esan du, eta aurtengo edizioa orain arteko «anbiziotsuena» dela adierazi du, aurrez aurreko programa mantendu duelako eta kultura bere onenean ez dagoenean euskal sorkuntzari «begirada berezia» eskaini nahi zaiolako.

Izan ere, pandemiaren eraginez iaz ezin izan zen Gutun Zuria ospatu eta hin zuzen ‘Entsegua hemen hasten da’ (‘El ensayo empieza aquí’) liburu kolektiboaren bidez jaso dute iazko edizioaren funtsa.

Euskal autoreak erdigunean

Edizio hau irekitzeko Bertakoak topaketak egin dituzte, Alondegian, bertako zuzendari Fernando Perez eta jaialdiko aholkulari Beñat Sarasolaren eskutik. Autore gonbidatuak Aixa de la Cruz, Itxaro Borda eta Katixa Agirre idazleak izan dira eta, topaketan zehar, jaialdian izango dituzte partehartzeetan landuko dituzten zenbait gai aurreratu dituzte.

Sarasolaren hitzetan, Gutun Zuria nazioarteko jaialdia bada ere euskal literatura eta «puntako idazleak» jartzen ditu erdigunean, eta, beraz, jaialdian zehar «tokiko sorkuntza eta nazioarteko artisten arteko eztabaida» irekiko dela iritzi du.

Agirre, De la Cruz eta Borda ostiral honetan, hilak 26, igoko dira oholtzara. Lehen biak literatur generoen hibridazioa gaitzat duen mahainguruan eta Borda hizkuntza gutxituen eta hizkuntza aniztasunaren gainekoan.

«Urtebeteren ostean gure begirada nola aldatu den ikustea interesgarria izango da», esan du De la Cruz-ek, eta kultura bere testuingurutik atera eta «testuinguru zabalago batean» jartzearen beharraz mintzatu da. Bere aldetik, Bordak uste du Gutun Zuria urtebeteren ostean publikoarengana hurbildu eta ikasteko «aukera bikaina» izango dela.

Edizio honetan aurrez aurreko saioak mantentzea erabaki dute jaialdiko antolatzaileek, baina beste hiru formatu ere gehitu dituzte: batetik hainbat autorek aurrez grabatutako kapsulak osatu dituzte (Gutun Zuriaren webgunean daude ikusgai), bigarrenik Buenos Aires, La Habana eta Casablancan burutuko diren ekitaldiak online jarraitu ahalko dira eta, azkenik, Gutun Zuria Irratiren bidez ere jarraitu ahalko da.