Hezkuntzako 2020ko Lan Eskaintza Publikoaren lehen proba ekainaren 19an eta 20an burutuko da, Barakaldoko BECen. Horrela jakinarazi die Lakuako Hezkuntza saileko arduradunek hezkuntza arloan ordezkaritza duten sindikatuei, astearte arratsaldean izan duten bileran.
Erabakiaren berri, halaber, Lan Eskaintza Publikorako izena emanda dauden izangaiei ere ematen ari zaie, SMS mezu bidez.
Hezkuntza sailak jakinarazi duenez, orotara 4.140 pertsonak dute hautaketa prozesu honetan parte hartzeko eskubidea, horretarako eskatzen zaien programazio didaktikoa aurkeztu ondoren.
Oposizio faseko lehen proba 2020ko ekainerako zegoen aurreikusia hasiera batean, baina covid-19k eragindako pandemiaren ondorioz atzeratu egin behar izan zen. Azkenean, Hezkuntzak joan zen azaroan jakinarazi zuen –artean data noiz zehaztuko zain- Lan Eskaintza Publikoa ez zela ekaina baino lehen burutuko, eta behin betiko data gutxienik bi hilabeteko aurrerapenez ezagutaraziko zitzaiela izena emandako hautagaiei.
Ahozko proba
Bestalde, ekaineko proba teorikoa gainditzen duten izangaiek ahozko azterketara pasatuko dira. Ahozko proba hau 2021eko irailaren 6tik aurrera burutuko da. Honetarako leku zein orduak zuzenean jakinaraziko dizkie epaimahaiek izangaiei.