NAIZ

Saltoki handiei eta online merkataritzari zergak igotzea proposatu du EH Bilduk

Saltoki handien eta denda txikien arteko lehia orekatzea helburu, saltoki handien gaineko zerga berri bat sortzea eta online merkataritzaren gaineko fiskalitatea gehiago zergapetzea proposatu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean.

Arrasateko supermerkatu bat. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arrasateko supermerkatu bat. (Andoni CANELLADA/FOKU)

EH Bilduk bi proposamen aurkeztu ditu asteartean Gasteizko Legebiltzarrean, saltoki handien eta denda txikien arteko lehia orekatzeko xedearekin. Pasa den legealdian aurkeztu bai baina tramitatu gabe geratu zen lege proposamena erregistratu du, saltoki handien gaineko zerga berri bat sortzeko, agertu dutenez, «gune horiek ingurumenean duten inpaktua konpentsatzeko». Bestalde, online merkataritzaren gaineko fiskalitatea gehiago zergapetzea proposatu du.

«Fiskalitate arloan, saltoki handiek eta merkataritza elektronikoak denda txikiek ez dituzten abantailak dituzte, eta horrek merkataritza forma ezberdinen arteko lehia askea eta orekatua faltsutu egiten du, denda txikien kalterako», agertu du koalizioak.

Hori dela eta, koalizioak pasa den legealdian aurkeztu baina tramitatu gabe geratu zen lege proposamena berreskuratu du saltoki handien gaineko zerga berria sortzeko, gune horiek ingurumenean duten inpaktua konpentsatzeko.

Iker Casanova legebiltzarkideak «fiskalitate berdearen» kontzeptuaren baitan kokatu du ekimena, batetik, halako saltokiek espazio fisiko handia okupatzen dutelako eta, bestetik, auto pribatuaren erabilpena areagotzea dakartelako.

Saltoki handien gaineko zerga Nafarroan, Katalunian eta Asturiasen jada existitzen dela aipatu ostean, proposamenaren edukia azaldu du: «Saltoki handiek okupatzen duten superfiziearen arabera ordainduko lukete, 15 euro metro karratuko, hain justu. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 800.000 metro karratu okupatzen dituztenez, Administrazioak 12 milioi euro inguru jasoko lituzke urtean».

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, karga fiskal hori ez litzateke gehiegizkoa izango enpresa horientzat, 2020an salmentak %0,4 igo zirelako. Merkataritza txikian, aldiz, %4,9 jaitsi ziren eta enplegua ere galdu zen, lanpostuen %2,3, hain zuzen ere.

Online merkataritza

Bigarren proposamena online merkataritzaren gaineko fiskalitatea gehiago zergapetzean datza, EH Bilduren ustez, sektore horretako enpresen etekinen eta ordaintzen dituzten zergen artean desoreka handia dagoelako eta, saltoki handiek bezala, merkataritza elektronikoak ere inpaktua duelako ingurumenean: banaketa prozesuan garraio pribatuaren erabilpena sustatzen du eta gero kudeatu beharreko hiri-hondakinak sortzen ditu.

Hala, EH Bilduk Lakuari eta Aldundiei eskatu die online merkataritzari aplikatzen zaion eredu fiskala aztertu dezatela eta lau hilabeteko epean proposamen bat aurkeztu dezatela sisteman karga berriak txertatzeko.