Haritz Larrañaga

Fiskaltzak espetxe zigor eskaera egiten badu ez duela onartuko ohartarazi du Oier Oak

Lurralde debekua hausteagatik ostiralean Baionako epaitegian aurkeztu behar duen Oier Oari bete beharrik gabeko 12 hilabeteko espetxe zigorra eska diezaioke Fiskaltzak. Donostiarrak ez duela espetxe zigorra onartuko adierazi du.

Oier Oaren egoera juridikoa konpondu dadila eskatzeko prentsaurrekoa Larresoron. © Bob Edme
Oier Oaren egoera juridikoa konpondu dadila eskatzeko prentsaurrekoa Larresoron. © Bob Edme

Oier Oa preso eta iheslari ohiak ostiralean aurkeztu behar du Baionako Epaitegian Estatu frantsesean egoteko duen lurralde debekua hautsi izanagatik. Fisklatzak donostiarrari jakinarazi dionez, bete beharrik gabeko 12 hilabeteko espetxe zigorra eskatzeko asmoa du, baina geroago prokuradorearen idazkariak jakinarazi duenez zigor eskaera jaistea berrikusten ari dira. Edonola ere, Oak aditzera eman duenez, Fiskaltzaren zigor eskaera mantentzen bada ez du onartuko.

Datorren ostiralean Baionako epaitegian aurkezteko deia du Oak, eta hasiera batean  epailearen aitzinean aurkeztu eta Fiskaltzak zer zigor eskaera egiten duen jakin beharko luke bertan. Isun batetik hasi eta espetxe zigorra bitarteko eskaera egin zezakeen prokuradoreak, baina espetxe zigor eskaeraren aldeko hautua egin duela jakinarazi dio asteazken goizean donostiarrari. 

Prokuradoreak bete beharrik gabeko 12 hilabeteko kartzela zigorra eskatzeko asmoa azaldu dio goizeko lehen orduan donostiarrari eta honek Fiskaltzaren zigorra ez duela onartuko adierazi du. Ordu batzuk geroago fiskalaren idazkaria Oaren abokatuarekin harremanetan jarri da eta zigor eskaera apaltzea berrikusten ari direla informatu dio.

Abokatuak azaldu duenez, «ez da inoiz gertatzen» prokuradoreak zigor eskaera jakinarazi ostean atzera berriro eskaera berrikustea, baina Oaren kasuan horrela izan da. Ondorioz, oraindik zigor eskaera alda daiteke eta Baionako epaitegian aurkeztu ostean epaileak Oaren kontrako epaiketa noiz egino den erabaki beharko du.

Iazko azaroan atxilotu zuen Polizia frantsesak Oier Oa errepide kontrol batean Lapurdin eta ordutik ezin izan du bere familiarekin Larresoron bizitzen jarraitu, Estatu frantsesean preso egon diren dozenaka euskal herritarren antzera lurralde debekua baitu. 

Oaren egoera salatzeko hainbat mobilizazio egin dira eta sekulako babesa jaso du. Martxoaren 20an Larresoron egin zen prentsaurreko batean aurkeztu zen sostengu idatzi batek, esaterako, Ipar Euskal Herriko politikari esanguratsuen babesa jaso du.