Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Interview
Naiara Goia
Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiko zuzendaria

«Arantzazu eraldatzailea izan da, herriari lotua beti; izaten jarraitzea da erronka»

Seguran 1978an jaioa, Naiara Goia Imazek badaki kooperatiben sarean berrikuntza sustatzea eta enpresen eraldaketarako estrategiak zuzentzea zer den, Mondragon Korporazioan. Esperientzia dauka, eta etorri handia, pedagogia eta pasioa lepo.

Naiara Goia. (Andoni Canellada / FOKU)
Naiara Goia. (Andoni Canellada / FOKU)

Seguran 1978an jaioa, Naiara Goia Imazek badaki kooperatiben sarean berrikuntza sustatzea eta enpresen eraldaketarako estrategiak zuzentzea zer den, Mondragon Korporazioan. Esperientzia dauka, eta etorri handia, pedagogia eta pasioa lepo. Gizarte Berrikuntza Laborategiaren zuzendariak etorkizunean ere «Arantzazu gune eraldatzailea izatea» du amets.

Gaur du inaugurazioa Naiara Goiak zuzenduko duen egitasmoak. Arantzazulab du grazia eta Euskal Herriari ekarpen berritzaile eta humanista egitea xede. Tradizioaren ondarea egungo garaietara egokituz, lehen bezala gero ere Arantzazuk argia ematen jarrai dezan.

Arantzazulab egitasmoak ezeren aurretik, erroan, gure herriarentzat hain sinbolikoa eta espirituala den Arantzazu dauka. Memoria asko dago Arantzazun, historia kondentsatu handia, berrikuntza sozialerako laborategi batek berpizkunde baten ideia iradokitzen al du?

Biziberritu esango nuke nik. Hausnarketa prozesu bat sortu zen duela bi urte pasa, hain zuzen frantziskotarren komunitatearen kezka batetik abiatuta. «Zer gertatuko da Arantzazurekin gu hemen ez gaudenean?», hori zen kezka. Denok dakigu erreleborik aurreikusten ez zaion komunitatea dela, eta hemendik urte batzuetara ez dira egongo, ez da egongo hemengo tradizioa gorde eta bultzatu duen komunitatea. Arantzazuren geroaren eztabaidan, Fundazioak nagusiki, baina parte hartu dute unibertsitateek, Eusko Ikaskuntzak, Agirre Lehendakaria Centerrek, Telesforo Monzon eLab-ek... Eztabaida horretan, buelta eman zitzaion galderari: «zer gertatuko da?» baino, «nola jarraitu Arantzazutik baliozko ekarpena egiten Euskal Herriari?». Hausnarketa horren fruitu da Gizarte Berrikuntzarako Laborategia. Gizarte berrikuntza Arantzazun egoteak eta Arantzazutik egiteak zentzua duelako. Izan ere, beti izan da gune berritzaile eta eraldatzailea. Eta, orain, Gizarte Berrikuntza Laborategia izango da, balio sekularrei lotuta eta gaur egungo testuinguruari egokituta; horrek ematen dio zentzua. Arantzazu ikurra da, historia da, balioak, eta egungo erronka ere bada herriari lotuta egotea; egitasmo honen faroa da.

Arantzazu ezin da ulertu herririk gabe, komunitatetik aparte. Egitasmoak orube bat eta zutabe batzuk ditu, lau aipatu dituzue: herritarrak, adostasuna, ziurgabetasun testuingurua eta elkarkidetza. Plana eta planoak horiek, eraikuntza prozesua nola irudikatzen duzu?

Ziurgabetasun haizeek garaia astintzen dute, patroietan molde asko aldatu zaizkigu, baina egoera konplexuotan gizartea eraldatu nahi badugu, giza faktoreari begiratu behar diozu eta horregatik gizarte laborategia. Norbanakotik hasten da, gizakitik. Zertan ematen da aldaketa hori? Lehenengo ezagutza berriak behar ditugu, erronka eta aldaketa horiek ulertzeko, gure agenda publikoa interpretatzeko. Balioak ere aurkitu beharko ditugu. Eta egiteko modu berriak, harremantzeko modu berriak aktibatu behar dira, halako konplexutasuneko erronkei oso nekez eman baitiezaiokegu bakarrik erantzuna. Horren inguruan hausnartu eta esperimentatuko duten espazioak behar ditugu. Hori da Arantzazulab, gizarte berrikuntza laborategi garen aldetik, gure etorkizunaz, gure herriaz eta gizartearen etorkizunaz modu berritzailean hausnartzeko eta esperimentatzeko topagunea. Eta hori, herritarren inplikaziotik.

Hiru unibertsitate aritu dira prozesuan laguntzen: Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon eta Deustu. Elkarkidetza horrek, nolabait, zuen jardunak izango dituen oinarriak aurreratzen ditu, ezta?

Gure jardunak hiru oinarri izango ditu. Bata, ikerketa eta ezagutzaren garapena. Bigarrena, esperimentazioa, bestela ez ginateke laborategia izango; eta hirugarrena da dibulgazioa, hemen sortzen den jakintza hori herrira, komunitatera itzultzea, eta horretarako kanalak artikulatu behar dira. Jakina, gizartea eraldatzea, patroi berriak inkorporatzea, balio berriak geureganatzea… ez da egun batetik bestera egiten; hortaz, hauspo luzeko proiektua da.

Arantzazulab «aliantza publiko-pribatu-soziala» dela diozue. Hirutasun hori nola josi duzue?

Publiko-pribatu hori ezaguna eta aspaldikoa da, soziala ere gehitu diogu, gizarte antolatua ez ezik, herritarrak ere inplikatu nahi ditugulako lankidetza horretan. Zer egiten saiatuko garen? Deliberazio prozesuak modu berritzailean sustatzen, ezberdinen arteko kosorkuntza prozesuak laguntzen, gizarte antolatuaren eta administrazioaren artean egun dagoen eten hori txikiagotzen, herritarrak gure agenda publikoen eragile aktibo egiten...

Trantsizio ekologikoa, adibidez, itzela eta existentziala den erronka, nola astindu Arantzazutik? Zein da Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiaren ekarpenaren plusa?

Ondo diozunez, gure lau erronka horiek oso globalak dira eta edonoren agendan daudenak dira. Zerk dauka zentzua Arantzazutik egitea eremu hauetan? Oso lotuta dago bultzatu nahi dugun gizarte berrikuntzaren ideiarekin, herrigintza eta lankidetzazko gobernantza txertatu nahi dugu, herritarren inplikaziotik, garapen komunitariorako molde berriak aztertuz, ezberdinen arteko gobernantza eredu berriak praktikara eramanez. Gure berezitasuna da ikuspegi sistemikoarekin egingo dugula, baina guztia herritarren inplikaziotik eta harremantzeko modu ezberdinak sustatuz. Trantsizio ekologikoan egingo dugun jarduna, hemen egingo den ikerketa, herritarren parte hartzearekin uztartu nahi dugu, beren kezkak eta ahotsak ezagutu, erronkari aurre egiteko inteligentzia kolektiboa landu. Ze ongizate sistema nahi dugu izan herri bezala? Horrek ikerketa eskatzen digu, gure ongizate sistemaren azken urteetako bilakaera kontuan hartuz, horrek dakartzan faktore eraldatzaileak, baina baita ze erantzun eskatzen dituen herri bezala ere.

Bokazio globala ere badu egitasmoak. Nazioartetik datozen ekarpenak biltzeko bideak, esaterako, New Yorken edo Australian diharduten beste laborategiekin harremanetan zaudete. Arantzazu mundura begira dago, korronte berritzaileei irekita eta hemendik mundura fruitua zabalduz.

Kanpoko ezagutzarekin konektatu nahi dugu, gizarte erronka hauei erantzunak bilatzeko esperientzia aurreratuak badaude, eta hori Arantzazutik egitea ere garrantzitsua da, zeren Arantzazuk ja munduan kokatzen gaitu; hau ez da gizarte berrikuntza edonon egitea, hemen urteetako tradizio bati eman nahi diogu jarraipena. Horrek balio eta ondare baten jabe egiten gaitu, eta hor posizionatu nahi dugu, Euskal Herria munduko plazan, eta gure herrian egiten ari diren ekimen aitzindariekin. Baina garrantzitsua da nazioarteko sareekin konektatzea ere, hasteko gauzak bigarren aldi batez ez egiteko; leku askotan ari dira ikerketa eta esperimentu sozial aurreratuak egiten, horietatik ere ikasi egin behar da, batzuk gurera ekarri eta gure testuingurura egokitu.

Eta bukatzeko, Arantzazulab-en bisioaren eta misioaren zure ametsak, non hartzen du erliebea eta forma?

Bisiotik hasiko naiz lehendabizi. Zein den gure helburua? Hasteko, gizarte justuago eta gizatiarrago bat lortzeko, Arantzazu izatea berriz ere berritasun nodo eta herritarren topagune, Euskal Herrian eragile orok izan dezan Arantzazu etorkizun hobea amesteko eta eraikitzeko espazio eta elkargune bezala. Hemen egingo diren ikerketek eta esperimentuek izan dezatela balioa, egin dezaten ekarpen bat gure herriarentzat. Eta gure misioa da orain horren katalizatzaile, dinamizatzaile, lotune izateko ekimenak eta konfiantzazko harremanak sortu eta artikulatzea. Baita egiteko ikuspegi berritzaile hori inkorporatzea ere. «Zer gertatzen ari da Arantzazun?» galdera hori, zabaldu dadin, Arantzazun zerbait ari dela gertatzen uste zabaldua izan dadin.