Asier Robles

Serantesera igoera eta beste hainbat ekimen antolatu ditu Ernaik udaberrirako Bilboaldean

Udaberrirako hainbat ekimen antolatu ditu Ernaik Bilbo Handian. Eskaintza politiko eta kulturala izango da hainbat kontzertu eta hitzaldiekin. Apirilaren 2an egun osoko egitaraua egongo da Bilbon eta 3an Serantes mendira martxa.

Ernaiko mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Ernaiko mobilizazio baten artxiboko argazkia. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Ohi denez, Ernaik bere komunitatea eta euskal gazteria biltzeko ekimena antolatuko du aurten ere Euskal Herria osoan. Covid-19aren pandemia dela eta, ezin izango da ekimen bateratu bat egin eta herrialde eta udalerri bakoitzak bere egitarau propioa izango du.

Bizkaiko ekimen nagusia Sarantes mendira igoera izango da apirilaren 3an. Santurtziko Kabizes plazatik irtengo da martxa goizeko 9.30ean ‘EH! Ez gaude inoren zain. Gazteok independentzia’ lelopean.

Aste honetan egingo dira Bilbo Handiko ekimenen aurkezpenak. Ostegun honetan Bilbon egin da eta martxoaren 28an Portugaleten izango da.

Igande honetan, martxoak28, Bilbo Zaharreko auzoan ‘Gazte Pintxada’ antolatu dute Ziztada & Rlantz eta Ukhi selektah-rekin 13.00etatik aurrera giroa berotzen hasteko.Apirilaren 1ean ‘No future edo utopia’ hitzaldia izango da Karmelan (Santutxu) Iratxe Delgado eta Eneko Compainsen eskutik. Gaur egungo testuingurua, ezker independentismoaren aurrera begirako errokak, gazteriaren egoera izango dira mintzagai.

Apirilaren 2an, larunbata, egun osoko egitaraua antolatu dute Bilboko Santutxu auzoan. Hitzaldiak, bazkaria, maratoi ekintzailea, ekitaldia eta kontzertuak egongo dira.

 Barakaldon hitzaldia egongo da apirilaren 7an.

Ekimen nazionala

Euskal Herri osoan izango dira ekimenak. Apirilaren 3an Urbia eta Bianditz mendiak igoko dira eta Erriberritik Tafallara martxa egongo da. Horretaz gain, apirilean zehar, kontzertuak egongo dira Añorgan, Gasteizen, Iruñean, Gernikan, Tolosan, Amurrion eta Lakuntzan. Hurrengo egunetan emango ditu Ernai gazte antolakundeak ekimenen zehaztasun gehiago.