NAIZ

Metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak gelditzea baztertu dute EAJk eta PSEk

Donostialdeko Metroaren Mirakontxa-Easo zatian txosten geotekniko independente bat egin arte adjudizioa gelditzeko eskatzen zuen EH Bildu eta Elkarrekin Donostiak aurkeztutako mozioa atzera bota dute EAJk eta PSEk.

Satorralaia bizilagunen mugimenduaren elkarretaratzea udalbatzan metroaz eztabaidatzen zen bitartean. (Maialen ANDRES/FOKU)
Satorralaia bizilagunen mugimenduaren elkarretaratzea udalbatzan metroaz eztabaidatzen zen bitartean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Ostegun honetan Metroaren Mirakontxa-Easo zatian txosten geotekniko independente bat egin arte adjudizioa gelditzeko eskatzen zuen mozioa eztabaidatu da Donostiako Udalaren Osoko Bilkuran. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeek aurkeztu dute mozio hau, Satorralaiaren ekimenez, baina EAJk eta PSEk atzera bota dute.

Mozioan azaltzen zenez, «Eusko Jaurlaritzak esleitu duen Eraikuntza Proiektuak ohartarazten du oso baldintza geotekniko txarrak dituen eremu bat dela eta, ondorioz, tunela egiteak desegonkortzeak eragin ditzakeela gainazalean, ehundaka metrotako distantzian, eta eraikinen osotasunari eragin diezaiokeela, baita trazadutik oso urrun daudenei ere».

«Donostiako alkatearen jarrera onartezina da. Lakuako Gobernuaren obra izan arren, Udalak baduelako ardura bere hiriaren erdigunean eta eraikinei zuzenean eragiten dien obra batean. Berandu baino lehen esku hartu. Ez da eskumen falta, borondate politiko falta baino ez da» adierazi du Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak.

Mobilizazioak

Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzea egin du udaletxearen aurrean eta Metroa gelditzeko aldarria Udalbatzarren aretoan ere egin du.

Satorralaiaren ustez, «onartezina» da Donostiako udal Gobernuak Mirakontxa-Easo tartearen eraikuntza-proiektu berrian «azpiegitura lan handi hori egiteak dituen arriskuei buruz egiten diren iragarpen izugarriak jendaurrean isilpean gordetzea».

Satorralaiak datozen egunetan manifestu bat zabalduko duela iragarri du, era guztietako elkarte, talde eta erakunde sozialen atxikimenduak bilduko dituelarik, hain zuzen ere Metroaren obrak gelditzeko eskakizunarekin bat egin eta Mirakontxa-Easo zatia egiteak dakartzan «ingurumen erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza arrisku oso larriak kontuan hartuta», Lakuako Gobernuari obra esleitzeko eta lanei berrekiteko asmoa «bertan behera utz dezala» eskatzeko.

Bestalde, EH Bilduk elkarretaratzea deitu du datorren igandean, hilak 28, eguerdiko 12.30etan Kontxako Erlojuetan, Metroaren pasantearen «desastrea» geldi dadin aldarrikatzeko.