naiz

Kontakizun bakarra gainditzeko beharra: Foro Sozialak martxoko solasaldietako ideiak aletu ditu

Foro Sozial Iraunkorrak martxoan egindako "Bizikidetza landuz. Tejiendo compromiso" solasaldi sortatik ondorioztatu du, besteak beste, komunikabideek zein kulturak berebiziko garrantzia dutela iritzi publikoaren konfigurazioan eta imajinarioen aldaketan.

Albín, Soto eta Landaburu kazetariak, komunikazioari buzuko solasaldian. (Maialen ANDRES/FOKU)
Albín, Soto eta Landaburu kazetariak, komunikazioari buzuko solasaldian. (Maialen ANDRES/FOKU)

Foro Sozial Iraunkorrak martxoan egindako "Bizikidetza landuz. Tejiendo compromiso" solasaldi sortatik ondorioztatu du, besteak beste, komunikabideek zein kulturak berebiziko garrantzia daukatela iritzi publikoaren konfigurazioan eta imajinarioen aldaketan, eta ahalmen horrek kontakizuna berrikustearekin eta bandoen logika baztertzearekin batera joan behar duela.

Martxoko lau astearteetan bizikidetza demokratikoaren bueltan elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioak sortu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, askotariko gaiak ekarriz «bakean biziko den gizartea eraikitzea» helburu: kazetaritza, komunikazioa, eliza, kultura eta gizarte-mugimenduak.

Solasaldi bakoitzetik ideia bana aletu du Foro Sozial Iraunkorrak: batetik, «komunikabideek gure imajinario kolektiboen edo iritzi publikoaren konfigurazioan jokatzen duten rola eta hitza desarmatzeko erronka, gaur egungo egoera berrian, zer, nola eta norentzat kontatzen dugun berrikustearekin batera joan behar duena, gure historia belaunaldi berriei kontatzen saiatuz».

Bestetik, «kultura ere, imajinarioak aldatzeko eta eraldatzeko eragile gisa, esparru garrantzitsua da bizikidetza demokratikoari ekarpenak egiteko, kontakizunen, istorioen eta egien aniztasuna txertatuz eta, aldi berean, bandoen logikak edo kontakizun bakarraren inposaketa gaindituz».

Bizi garen lurralde-aniztasuna eta konplexutasun soziala aitortzeko beharra ondorioztatu du elizaren bueltan egindako solasalditik, «tokian tokiko bizikidetza eraikitzeko ekimenak bultzatuz. Ildo horretan, Nafarroan, gaur egun, sektore negazionistak garrantzi handia du oraindik ere, eta eliz eremuko ekarpenek hausnarketarako esparru berriak eraikitzen laguntzen digute».

Eta, azkenik: «Gizarte gisa antolatzearen eta jasaten ditugun zapalkuntza- eta indarkeria-modu ugarien aurka borrokatzearen garrantzia, egungo testuinguru honetan, gainera, krisi ugari baitaude (osasuna, lana, ekonomia, klima, energia, etab.). Horretarako, garrantzitsua da subjektu eta eragile sozialen aniztasuna aitortzea, beren nortasunetik agenda emantzipatzaileak antola baititzakete gure gorputzak eta lurraldeak bortxatzen dituen egungo eredu kapitalista, kolonial eta heteropatriarkala eraldatzeko».

Prentsara igorritako ohar batean gogorarazi dute solasaldien zikloa iazko urriaren 17an aurkeztu zuten asmo handiagoko prozesu baten zati dela: "Bizikidetza eraikitzeko konpromiso soziala". Aurreratu dute apirilean eta maiatzaren lehen hamabostaldian bultzada berri bat emango diotela prozesu horri, eta ekarpenak hainbat formatutan jasotzen jarraituko dutela.