NAIZ

Maroko eta AEBen maniobra militarrak, aurrenekoz Mendebaldeko Saharan

Ekainaren 7tik 18ra bitarte egitekoak diren Maroko eta Estatu Batuen (AEB) arteko ‘African Lion’ izeneko maniobra militarrek Mendebaldeko Sahararen lurraldea hartuko dute lehen aldiz, Mahbes herria hain zuzen, lurraldearen ipar-ekialdean.

2019ko ‘African Lion’ maniobren une bat. (Lance Cpl. Joseph Atiyeh/DEFENSE.GOV)
2019ko ‘African Lion’ maniobren une bat. (Lance Cpl. Joseph Atiyeh/DEFENSE.GOV)

Marokoko eta Ameriketako Estatu Batuetako Armadetako arduradunak Agadirren bildu dira azken egunetan ekainean egingo dituzten maniobrak prestatzeko lanetan aurrera egiteko. Marokoko iturri ofizialak aipatuta Efe agentziak adierazi duenez, herrialde horretako Agadir eta Tantan eta Mendebaldeko Saharan dagoen Mahbes bezalako tokietan egingo dituzte ariketak.

Marokok eraikitako harresiaren ondoan eta Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetatik gertuen dagoen Saharako zatian antolatuko dituzten operazien inguruko informazio gehiagorik ez dute eman aipatu iturriek.

‘African Lion’ maniobrak urtero antolatu ohi dituzte Maroko hegoaldean, eta iaz baino ez zituzten bertan behera utzi, koronabirusak eragindako egoerarengatik. Aurtengoa izango da, baina, Mendebaldeko Sahararen lurraldea hartuko duten lehen aldia.

Hauxe da, beraz, AEBetako administrazio berriak Marokori adierazten dion lehen seinalea, iragan abenduaren 10ean Donald Trump presidente ohiak Rabati Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zionetik. Joe Bidenen Gobernuak ez du ezer esan orain arte afera honetaz.

‘African Lion’ ariketak diziplina anitzekoak dira eta, besteak beste, lur, aire eta itsaso bidezko operazio militarrak aintzat hartzen dituzte.

Martxoaren hasieran bi herrialdeetako Itsas Armadek ‘Lightning Handshake’ izeneko ariketak antolatu zituzten Atlantikoko uretan, Sidi Ifniko kostaldearen parean, Kanariar Uharteetatik ipar-ekialdera.