«Bidegurutzean», euskal musikaren bluesa
BECeko Bizkaia Arenan (zein deserosoa egiten den areto erraldoia hutsik ikustea!), bidegurutze bat eraiki dute. Telebistako set bat da eta, bertan bai, bertan jendetza bildu da; 46 musikari, teknikoak, kazetariak... «Bidegurutzean» saioaren aurkezpenean gaude.
Robert Johnsonen kondairak dio bluesman mitikoak deabruarekin paktu bat egin zuela, Clarksdaleko (Mississippi) bidegurutze batean topo egin zutenean. Arima saldu ei zion Johnsonek deabruari munduko gitarra jotzaile onena izatearen truke. Oso gazte joan zen Johnson, 1938an, 27 urte besterik ez zituela; eta gitarra jotzaile ona zen ordurako, onena. Baita misteriotsua oso ere. Baina misterio horrek, hain justu, musikariak bluesean eta, oro har, estatubatuar musika herrikoian izandako eragin itzela estali izan du. Bada, orain, Robert Johsonen espiritua, nolabait, gurean berpiztu da... edo, hobe esanda, berpitzarazi egin dute, gure geografiako bidegurutzeetan “agertu” baita. Istorioz betetako txoko horietan, noski, musikaren eskutik agertu da.
Txokoetako bat Barakaldoko BEC izan liteke. Bitxia egiten da bizi ditugun garai pandemiko nahasiotan horrenbeste musikari elkartuta ikustea. Bat-batean, entseatzen hasi dira: bateriak lehenengo, gitarrak gero, ahotsak jarraian... Ikusten gaudenontzat, gozamen hutsa. Baita musikarientzat ere; aspaldi bizi gabeko sentsazioa da gehienentzat. Hori bai, publikoa falta da, osasun neurriek horrela behartuta. Ekitaldia, hala ere, irrati, telebista eta Internet bidez jarraitzeko aukera egon badago.
Platoan Dupla, Sua, Willis Drummond, Eneritz Furyak, Petti, Liher, Niko Etxart, Oki Moki, Ezpalak, Grises, Gatibu, McOnak, Cobra, Kokein, Mursego, Lorea Tea Party, Amorante, Sara Sozaya, Skakeitan eta Afrika Bibang daude. Datorren apirilaren 7an ETB1 telebista katean bidea egiten hasiko den saioan ikusi eta entzun ahal izango ditugun musikarietako batzuk dira. Saioaren izena, “Bidegurutzean”. Guztira hamabi programa izango dira, asteazkenetan eskainiko direnak, helburu argi batekin: euskal musikari erakustoki bat zabaltzea.
Saioaren zuzendaria eta ideiaren sortzailea Galder Izagirre da, argazkilaria eta Berri Txarrak taldeko bateria izandakoa. Eragileak NAIZ eta EITB, eta, ekoizlea, Foku argazkilaritza eta ikus-entzunezko enpresa. «Hastapena irrati saio bat izan zen. Euskadi Gaztea irratirako egin nuen, orain 25 urte. Hiru bat urtez aritu nintzen irratsaioa egiten. Fokutik deitu zidatenean, ideia hura berreskuratu eta telebistarako egokitu nuen», azaldu du Galder Izagirrek. Ikus-entzunezkoen arloan bere lehen saiakera da: «Berez argazkilaria naiz eta, beraz, bi mundu horiek nolabait uztartu ditut. Pixka bat intuizioz aritu naiz, baina oso argi nuen zer kontatu nahi nuen, baita bisualki zein motako estetika bilatzen nuen ere: nolabait argazkilaritza mugimenduan egitea izan da asmoa. Nire pentsatzeko modua izan da argazkilaritzaren bitartez ea horri nola mugimendua eman».
Grabaketa ez da erraza izan, pandemiak bete-betean harrapatu dituelako. «Ideia pandemia baino lehenago sortu zen, baina, pentsa, lehen harremanak Skype bidez egin genituen», gogoratu du Mikel Garaiondo Foku enpresako ekoizleak. «Konfinamendua altxatu zen momentuan hasi ginen lanean, lantaldea sortzen. Egoerak behartuta hamabi saioak oso denbora gutxian egin ditugu, egoera oso zailean. Artista batzuek ezin izan dute egoeragatik parte hartu».
Deabruaren galderak
Zerbait berria egin nahi zutela esan digu Galder Izagirrek. «Asko tematu naiz edukian. Buelta asko eman dizkiogu. Eduki potente bat nahi genuen, euskal musika ahaztuari erakustoki bat ematea xede». Horretarako belaunaldi desberdinak batu dituzte, musikari ezagunak eta ez hain ezagunak, aitortza bikoitza egiteko: «Aitortza artista aitzindari eta totemikoei, baina baita energia berriei ere, datozen gazteei».
Guztiak telefono kabina batean sartuko dituzte, «ez-leku» antzeko batean. Bertan, elkarrizketa bitxiak, sakonak, egingo dizkiete. Ondoren, saioa Euskal Herriko geografian barna hedatuko da bigarren zatian. Saio bakoitza leku ezberdin batean grabatu dute, esaterako, Ordiziako azokan edo nazien kontzentrazio eremu izandako Baionako Polo Beyris parkean.
Apirilaren 7an eskainiko den lehen saioan, Gari, Izaro eta Skakeitan elkartu dituzte; lehenengo telefono kabinan, noski –deabruaren galderei erantzuteko–, eta, gero, Kobetamendin jarritako agertokian. Oso ibilbide desberdineko artistak dira hirurak, baina ba al dute zerbait komunean? «Skakeitan taldeko Pello kantariak kristoren energia du, eta nire gazte garaiko Gari gogorarazten dit. Antzeko bi energia dira niretzat, baina garai desberdinetakoak. Izaro, berriz, gaztea da, baina nolabait bere bidea egiten ari da; errealitate bat da dagoeneko. Interesatzen zitzaidan euskal musikaren irakurketa egitea baina ‘galoirik’ gabe, piramidala izan gabe. Chapeau dakizun guztiagatik, egin dituzun kilometro guztiengatik, baina ez zara musikari hasiberri bat baino inportanteagoa. Hemen elkarrekin piztu daitekeen sormena, batak besteari ekarriko diona da garrantzitsuena. Dena gauzatu dadila musikaren inguruan. Sentsazioa daukat gure musika entzuteko modua nostalgiari oso lotuta egon dela. 90eko hamarkadatik gaur egunera nolabaiteko salto bat egin dugu, eta azken hogei urteotako musika, ez dakit gutxietsi egin dugun, baina ez zaio behintzat jaramon handirik egin. Gaur egun euskal musikak erakustoki oso gutxi ditu, oso azaletik tratatzen da oro har. Guk hori irauli nahi dugu», nabarmendu digu Izagirrek.
Erreferente kultural eta musikal ugarirekin josi dute saio bakoitza, ikusleek bilatu beharko dituzten ertzekin betez. Nolabaiteko estetika vintage-a dario saioari, blues garaiko nostalgia agian. Gaiei dagokienez, aldiz, musikak ukitzen dituen gai asko jorratu dituzte, ikusleek araka ditzaten: gorputza, desioa, kaosa, herri kultura... «Saio bakoitzak dauka gai bat, nahiz eta ez den oso argi erakusten. Nahiko poliedrikoa da proiektua», zuzendariaren hitzetan.
Edu Barinaga ETBko zuzendariak, mota honetako proiektuen arriskua aipatu du aurkezpenean, musika saioek ez baitute aurreko hamarkadetako interesa pizten egun. Baina konfinamenduaren eta pandemiaren eraginez gauzak aldatu direla dirudi, musika gosea dagoela. Horren erakusle da streaming bidezko kontzertuek izandako harrera ona. «Eskertuta gaude EITBrekin arrisku hau hartu izanagatik, egindako apustuagatik, musikariei erakustoki bat emateagatik», nabarmendu du Izagirrek amaitzeko.