Manex Altuna
Interview
Jose Angel Iribar
Athletic taldeko jokalari ohia

«Finaletan egotea garrantzitsua da Athleticen filosofiarentzat»

Futbolean jokatzeari aspaldi utzi zion arren, Athleticen ikur handiena izaten jarraitzen du Jose Angel Iribarrek (Zarautz, 1943). Horren erakusle, adin guztietako zale zuri-gorriek beren esker ona adierazten diote ikusten duten bakoitzean.

Jose Angel Iribar. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)
Jose Angel Iribar. (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Athleticekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da Iribar, 614 hain zuzen ere. San Mameseko zaindaria izan zen 60ko eta 70eko hamarkadetan.

Nola ikusten duzu finala?

Partidari dagokionez, nik uste joko aldetik berdintasuna izango dela nagusi. Lehia handia egongo dela pentsatzen dut, baita emaitza estua izango dela ere.

Zer eman dio Marcelinok Athletici taldera iritsi denetik?

Batez ere ilusioa berpiztu duela nabarmenduko nuke. Izan ere, iritsi eta egun gutxira titulu bat irabaztea lortu zuen Real Madril eta Bartzelona moduko bi talde handi gaindituz. Hala ere, gogora ekarri behar da Garitanok lortu zuela Superkopara sailkatzea, egindako lan onaren erakusle. Taldeak Marcelino oso ondo hartu du, emaitzak eskuratu ditu eta horrek aurrera egiteko konfiantza eman dio.

Nola ikusten duzu zalerik gabe jokatu behar izatea?

Ezin dugu ahaztu pandemia batean gaudela eta horrela jokatu behar dela. Harmailak hutsik ikustea tristea da, hori bai, eta final batean are gehiago.

Zure futbolari sasoiko derbietatik gaur egungoetara asko aldatu al da giroa?

Gertatzen dena da gure garaian jokalari guztiok euskaldunak ginela, bertakoak eta hurbilekoak. Athleticen mantentzen dugu gure sena, baina Realean berriz aspaldi atzerritarrekin jokatzeko hautua egin zuten eta aldaketa egon da. Hala ere, jokalariek zelaian oso lehiakorrak izaten jarraitzen dute eta irabazteko duten guztia ematen dute. Aldi berean, partida amaitutakoan lagun bezala ikusten ditut, harreman onarekin eta kiroltasun handiarekin. Hori garrantzitsua da: partidan dena eman behar duzu irabazteko, baina ondoren beharrezkoa da elkarri eskua ematea.

Ezberdin prestatzen eta bizitzen ziren finalak futbolari zinen garaian?

Lehengo egoerak ez dauka zerikusirik oraingoarekin. Gaur egun dena dago askoz landuago eta aztertuago. Arerioak nola jokatzen duen ere gehiago ezagutzen da. Horrek partidak hobeto prestatzeko aukera ematen dizu, baita gehiago entrenatzeko ere. Baldintzak asko aldatu dira. Orain egiten den futbol mota lehen egitea oso zaila zen, zelaiek ez baitzuten aukerarik ematen. Ez zeuden egun dauden bezain zainduak, neurri berdinarekin... Hala ere, harmailak betetzen ziren eta jendea gustura etortzen zen orduko ikuskizunaz gozatzera.

Lezamaren 50. urteurrena ospatzen da aurten. Zer esan nahi du hiru final jokatzeko aukerak bai harrobian egiten den lanarentzat bai Athleticen filosofiarentzat?

Zalantzarik gabe, finaletan egotea oso garrantzitsua da Athleticen filosofiarentzat. Azken urteotan hainbat finaletan sartzen ari gara [2009tik Athleticek bederatzi finaletarako sailkatzea lortu du] eta horretarako lan handia egiten da formakuntzan. Irakasleak eta azpiegitura egokiak izatea behar-beharrezkoa da harrobiarentzat, baina, aldi berean, beharrezkoa da ere lan horri zentsua ematen dioten lorpenak eskuratzea; konfiantza gehiago ematen dizu egiten ari zaren lan horretan. Etorkizunera begira bide horretatik jarraitu behar duzula ikusteko balio du.