Larunbata egun garrantzitsua izango da Bilboko kirolarentzat, baina ez futbolari dagokionez bakarrik. RETAbet Bilbao Basketek, elastiko zurigorria soinean, ACB Ligako partida oso garrantzitsua jokatuko du 18.00etan Miribillan Baxi Manresa arriskutsuaren aurka. Hasiera batean talde biak maila ez galtzeko borrokan egon behar lukete, baina aurtengo denboraldian gauzak ez dira horrela. Bilbotarrak jaitsiera postuetatik atera ezinik dabiltzan artean, katalanak lehiaketako bederatzigarren postuan dira, dagoeneko 12 garaipen pilatuta eta Unicaja zortzigarrenarengandik garaipen bakarrera.
Pedro Martinez entrenatzaile historikoaren aginduetara, Manresak bere ohiko talde jokoa ezarri du hainbat neurketetan eta Dani Perez antolatzailea, min hartuta dagoelako, falta izango badu ere, Bilbao Basketek izango du nahikoa zeregin aurkariaren jokoa gelditzen, nahiz eta talde katalanak bere azken bi partidak jarraian galdu.
Joaneko lehian Manresa erraz nagusitu zen, 94-78, Jonathan Tabu Bilbao Basketeko jokalari ohiak sartu zituen 23 puntuei esker eta Miribillan jokatzerik izango ez duen Dani Perezen 11 asistentzien eskutik. «Taldea da Manresako MVPa», esan du, hala ere Alex Mumbruk asteroko prentsaurrekoan.
«Dani Perez gabe ezberdin jokatuko dute, baina jakina da Pedro Martinezek zuzentzen dituen taldeek baloia bikain mugitzen dutela batetik, eta bestetik, beren punturik indartsuena taldearen sendotasuna da, bat edo beste falta arren», bota du Mumbruk.
«‘Feeling’ hobea»
UCAM Murtziari luzapenean irabazi zion talde bilbotarrak joan zen igandean eta hala denboraldiko zazpigarren garaipena erdietsi zuen, Betis eta Fuenlabradarekin bat eginez, Gipuzkoa Basket garaipen bat gutxiagorekin lagatzea lortuz eta Obradoirorengandik partida bakarrera mantenduz.
Alabaina, oraindik ere memento txarrak nozitzen dituzte beltzezko gizonek. Hala, Murtzian jokatu zuten partidan 57-69 irabazten egotetik 74na berdintzera pasa ziren –eta gaitzerdi, bidean Augusto Limak jaurtiketa libre garrantzitsu bat hutsegin zuelako–. Ondorioz, eskuan zuen neurketa birritan irabazi behar izan zuen talde bizkaitarrak azkenean 82-90 irabazteko.
«Azken bi hilabeteetan ‘feeling’ hobea dugu, baina oraindik hutsuneak ditugu. Egia da garai baten hutsune horien erruz galdu egiten genuela eta azken partidan, berriz, ez zela hala izan. Hala ere, gure aldetik egin dezakeguna lanean jarraitzea da, joko ona egiten dugun minutu kopurua ahalik eta zabalena izan dadin eta hutsuneak, berriz, ahalik eta txikienak», onartu du Badalonako entrenatzaileak.
«Harmailak hutsik dauden honetan, partzial onak izatea baino errazagoa da partzial txarrak jasotzea. Zorionez, taldea ez zen desegin eta horri esker irabazi genuen, geure jokoarengan kontrol handiagoa daukagulako», adierazi du, bestalde, Mumbruk.
Horrez gain, Arnoldas Kulboka hegal-pibot lituaniarra deialditik at laga zuen Mumbruk Murtziaren aurka, aurreko asteetan Zyskowski hegaleko poloniarrari gertatu zitzaion bezala. «Saskibaloian ez da hain gauza ohikoa, eta hargatik kanpoan geratzen diren jokalariek entrenamenduetan are eta ahalegin handiagoa egiten dute; txarra litzateke halakorik ez balego. Zyskowski partidan oso sartuta aritu zen Murtzian eta Kulbokarengan ere ikusten da lehen ongi entrenatzen bazuen, asteon are eta gehiago ematen saiatzen ari dela», gaineratu du Mumbruk, talde barruko lehiakortasunaren aldeko aldarria eginez.
«Salbatuko dira, nik uste»
Saskibaloiko entrenatzaileek aurpegi txarra ipini ohi dute aurkariari buruz berba egiteko eskatuz gero. Hala ere, Pedro Martinezek ere loreak izan ditu Bilbao Basketi buruz.
«Dinamika txarrarekin ekin zioten Ligari eta hortik atera ezinik dabiltzan arren, nik ez ditut bilbotarrak bi talde eskasenen artean ikusten», bota du entrenatzaile beteranoak. Nik uste salbatuko direla eta hargatik errespetu handia diot Bilbao Basket lako talde bati», gaineratu du.
Bizkaitarren beharrak azpimarratu ordez, talde bien beharrak azpimarratu ditu Saski Baskoniako entrenatzaile ohiak. Biek ala biek behar dugu garaipena, eta erritmoa ezartzeko borroka horen haritik joango da. Erritmoa ezartzen duen taldeak irabazita gauza asko izango ditu. Gainera, Bilbao Basketek talde oso fisikoa dauka eta fisiko hori gehiatuko dio bere garaipen beharrari. Oso arriskutsua izango da», ohartarazi du.