Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Interview
Lutxo Iturrino
Futbolari ohia

«Realak ondo jokatu behar du partida irabazteko eta Athleticek, aldiz, ez du zertan»

Realean eta Athleticen jokatutakoa da Lutxo Iturrino eta 1987ko Kopa irabazi zuen talde txuri-urdinarekin, finala jokatu ez bazuen ere. Bi kluben harrobietan ere aritu da lanean eta egungo zenbait jokalari (Illarra, Yuri, Nuñez, Yeray, Villalibre...) bere agindupean egonak dira.

Lutxo Iturrino, Mutrikuko futbol zelaian. (Maialen ANDRES / FOKU)
Lutxo Iturrino, Mutrikuko futbol zelaian. (Maialen ANDRES / FOKU)

Finalerako ordu gutxi falta diren honetan, Lutxo Iturrinok (Mutriku, 1963) ez du faborito argirik ikusten eta hori ona izan daitekeelakoan dago. Mutrikuarra izatez, Ondarroan bizi da. Asier Illarramendiren eta Iñigo Martinezen jaioterriak, hurrenez hurren. Harrobiko jokalari asko erabiltzen dituzten bi talde izaki, herrietan ere giro berezia egongo dela uste du. Luzeak izango dira azken orduak.

Nolakoa aurreikusten duzu finala?

Erdi eta erdi ikusten dut, zeren Marcelino Athleticera iritsi denetik nahiko emaitza onak ateratzen dabil eta Reala ere ondo ikusten dut. Nahiz eta azkenengo partidan 6-1 galdu, bi aste eduki dituzte neurketa hori ahazteko eta ez dut uste horrek eraginik edukiko duenik.

Final hau joan den urtean jokatu behar zen. Orduan Reala ikusten zen faboritoago. Hala uste duzu?

Bai, baina finaletan faborito izateak edo ez izateak ez dauka garrantzi handirik. Finalera oso motibatuta joaten zara eta batzuetan hobeto izaten da ezkutatuago joatea. Dena dela, ez dut uste hainbesteko garrantzia duenik horrek. Egoera normal batean zaleak ere egongo lirateke eta horrek ere laguntzen du. Aurtengo finala oso ezberdina da, baina jokatu egin behar da. Pena da, zeren agian ez dugu berriro horrelako zerbait biziko.

Oso era ezberdinean jokatzen duten bi talde izango dira aurrez aurre.

Oso antagonikoak dira. Realak baloiaren jabetza nahi du eta Athletici ez zaio axola. Oso ondo presionatzen du eta baloia berreskuratzen duenean oso azkar ateratzen da. Bakoitzak bere jokoa egiten baldin badu, ate aurrean ondoen dabilenak irabaziko du.

Bi final jokatu dituzu. Futbolari batek nola bizitzen du azken astea?

Ni gogoratzen naiz guztiok nahi genuela jokatu eta kontu handiagoarekin ibiltzen ginen, min ez hartzen saiatzen, min hartuz gero ezin izango zenuelako jokatu. Egunak oso luzeak izaten ziren.

Urtebete honetan zenbait aldaketa izan dira. Garitano ez da Athleticen aulkian egongo. Entrenatzailea aldatzeak hainbeste alda dezake taldea?

Entrenatzaile berri bat etortzen denean “txip” aldaketa egoten da. Jokalari guztiak hutsetik hasten dira. Marcelinorekin guztiek izan dute aukera minimo bat joka dezaketela erakusteko. Olatu ona hartu dute eta azkenengo partidetan zortea ere lagun izan dute.

Athleticen ondoen ikusten dena Raul Garcia da.

Bera eta Munian dira ondoen daudenak baina, dena dela, Athleticen indargunea atzean dago. Atzealdeko jokalariak begiratzen hasiz gero, Unai Simon Espainiako selekzioko atezaina da, hiru erdiko atzelariak (Nuñez, I. Martinez eta Yeray) Espainiako selekzioaren deialdietan egon izan dira, Yuri taldeko onenetarikoa da eta eskuinaldean Capa eta De Marcos daude, azken hau momentu onean. Erdialdean jokalariak aldatzen joaten da eta aurrean argi dago nortzuk jokatuko duten: Williams, Muniain eta Raul Garcia. Misterio handirik ez dago.

«Nire ikuspegitik, talde hobea dauka Realak, baina batzuetan askoz gehiago behar da final bat irabazteko»

Eta Realaren indargunea?

Zelai erdi ona dauka, baina Realean nik uste dut indibidualki baino joko kolektibo hori ondo egitea dela garrantzitsua. Badirudi Realak ondo jokatu behar duela partida irabazteko eta Athleticek, aldiz, ez du zertan. Bere jokoa da defentsan ondo egon eta azkar ateratzea, baita estrategia jokaldiak ere. Eta Realak ondo jokatzen ez badu ez du aukera handirik izaten. Esaterako, Levanteren aurkako partidan 10-0 irabazteko aukerak izan zituen, baina horretarako ondo jokatu behar du.

Neurketa horretan ondo jokatu zuen baina, hala ere, 1-0 irabazi zuen...

Bai, eta azken minutuetan kasik berdindu egin zuen. Horregatik, Realak ondo jokatu behar du eta ate aurrean asmatzen jakin behar du. Nik uste dut final honetan ez dela gol asko egongo. Ja derbietan ere kostatzen da, bada final batean zer esanik ez... Partida ona izango da, zeren interes handia dauka eta zaleek beste modu batera bizitzen dute.

Beldurra nabarituko da? Askotan aipatzen da final batean ahalik eta akats gutxien egitea dela garrantzitsuena.

Bai, eta entrenatzaileek ere askotan esaten dute hasieran gauzak ondo egiteko eta gero poliki-poliki joan behar dela jokoa garatzen. Baina hasierako planteamendu hori pikutara joaten zaizu, bost minutura aurkariak gol bat sartzen badu. Hasi eta berehala gol bat egoten denean egin duzun guztia alferrik da.

Pozgarria da final batean harrobia hain ondo zaintzen duten bi talde ikustea, ezta?

Bai, zeren Realak atzerritarrak izan arren, harrobiko jokalari asko ditu. Jokalari batzuk, gainera, elkarrekin jokatu izan dute eta pike berezi hori egongo da.

Zure herrikide Illarra ondo egoteak asko emango dio Realari?

Bai, ez dakidana da nola dagoen baina, nire ustez, jokalari garrantzitsuenetarikoa da, Silva eta Merinorekin batera. Eta aurrean ere jokalari onak ditu. Nire ikuspegitik, talde hobea dauka Realak, baina batzuetan askoz gehiago behar da final bat irabazteko.

Eta hor entrenatzailearen erabakiak ere garrantzitsuak izango dira.

Entrenatzaile ezberdinak dira. Imanolek ez du aldatzen bere jokatzeko modua aurkariaren arabera. Finalean kontu handiagoarekin arituko dira, gutxiago arriskatuz. Marcelinok badaki Realak nola jokatzen duen eta moldatu egin daiteke.

Emaitza bat.

Oso zaila da... Berdintasun handiko neurketa izango dela aurreikusten dut eta, nire ustez, penalti jaurtiketetara iritsiko dira (barrez). Uste dut partida luzea izango dela.