NAIZ

Hendaian eta Urruñan bezala, etxebizitzaren arazoa salatzeko pintaketak Getarian

Azkeneko asteotan Urruñan eta Hendaian gertatu bezala, Getariako hainbat hormetan leloak margotu dituzte Lapurdiko kostako herri horretan etxebizitzen erdia bigarren egoitzak direla salatuz.

Getarian hainbat pintaketa agertu dira bigarren etxebizitzen kopuru handiak sortzen duen arazoa salatuz. (Guillaume FAUVEAU)
Getarian hainbat pintaketa agertu dira bigarren etxebizitzen kopuru handiak sortzen duen arazoa salatuz. (Guillaume FAUVEAU)

Pazkoko asteburuan zehar hainbat pintaketa egin dituzte Getarian. Gauzak horrela, lehenik Urruñan eta ondoren Hendaian bere isla ukan zuen kanpainak segida izan du Lapurdiko kostako herrian.

Hainbat etxetan, pasabide handiko murruetan eta baita higiezin-bulego batean ere Getarian dagoen bigarren etxebizitza kupuru handiak sortzen duen arazoa agerian utzi dute ekintza horren bidez.

‘Etxe hutsa = etxe libre’ edo ‘Guk ere hemen bizi nahi dugu’ bezalako mezuak idatzi dituzte. Era berean ‘Stop turismoa’ leloa euskaraz eta ingelesez agertu da hainbat seinaletan.

Getariako auzapez den Marie-Pierre Burre-Cassouk azaldu duenez pintaketak ezabatzarekin batera salaketa ezarri dute komisaldegian.

«Maleruski ohitura dugu, urtean behin bederen gertatzen da, udaberri garaian», gaineratu du auzapezak aipaturiko protesta ekimenari buruz.

Getariako herrian dauden etxebizitzen %50a bigarren egoitzak dira.

Joan zen astean etxebizitzen prezioa salatuz hainbat pintaketa azaldu ziren erdiguneko karriketan zein frontoian, Hendaian.

Txingudiko herrian metro karratuak egiten duen prezio altua salatu zuten, «Euskal Herria ez da salgai» lelo historikoa baliatuz.

Urruñan, ordea, pandemia garaian higiezin-bulegoetako bezero pribilegiatu bilakatu diren paristarrei berriz ere etxera itzultzeko gomita luzatu zieten banderola batzuen bitartez.

Heldu den larunbatean Euskal Elkargoak ondoko sei urtetako Tokiko Etxebizitza Plana eztabaidatuko du.

Egitasmoak urtero 2.500 etxebiziza berri eraikitzea aurreikusten du. Horietako batzuk bigarren egoitza gisa saltzeko eginak izanen direla salatu zuen iragan astean Euskal Herria Baik.

Ipar Euskal Herrian etxebizitzen %21a bigarren egoitzak dira eta bertze %7a, hutsik diren etxeak.