NAIZ

Euskara haurren artean bultzatzeko kanpaina aurkeztu du Euskarabideak

Euskarabideak «Euskararekin, gora eta gora beti!» izeneko kanpaina aurkeztu du, familiei euskararen ikasi eta erabiltzearen balio positiboa helarazteko asmoz. Kanpainaren ardatz bat hizkuntza hezkuntza sistemaren bidez ikasten duten hiztun berriei zuzendua dago, haur eskolatik unibertsitatera.

Euskarabideak halako kartelak jarriko ditu, baita herri bakoitzera egokitutako bertze batzuk ere.
Euskarabideak halako kartelak jarriko ditu, baita herri bakoitzera egokitutako bertze batzuk ere.

Nafarroako Euskararen Institutuak, Euskarabideak, «motibazio kanpaina bat» aurkeztu du, ‘Regálales el euskera y llegarán muy alto / Euskararekin, gora eta gora beti!’ leloarekin. Euskara ikasi eta mintzatzeak duen balioa transmititu nahi die familiei.

Euskararen Plan Estrategikoaren baitan sortu da kanpaina eta bere ardatzetako bat euskarara hezkuntza sistemaren bidez heltzen diren hiztun berriekin lotuta dago, haur eskolatik unibertsitatera.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Ana Ollo Herritarren Harremanen sailburua eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria. Azaldu dutenez, kanpainaren helburu orokorra euskararen balio baikor eta integratzailea islatzea da, euskara familiek umeei eskain diezaieketen baliabide on bat dela nabarmentzea.

Sailburuaren arabera, «euskara oraingo eta geroko hizkuntza bat da. 30 urtetik beherako lau gaztetatik bat euskalduna da Nastat inkestaren arabera. Gurasoen %30ek aukeratzen dute D eredua 3 urteko seme-alaben hezkuntzarako eta %20k, A eredua. Eusko Ikaskuntzaren elkarbizitzari buruzko inkestak dioenez, gazteek gero eta gehiago ikusten dute euskara balio positibo bezala».

Hiru mintegi online formatuan

Joan den azaroan ‘Eskola, bihurtu aukera / era.eus, tu compañera’ jardunaldiak egin ziren. Tokian tokiko erakundeekin antolatu zituzten, euskarazko hezkuntzan ari diren umeen familientzat eta eskolatzean hizkuntza honekin harremana dutenentzat.

Hitzaldi horien arrakasta ikusita, bigarren ziklo bat prestatu dute, Nafarroan euskara ezagutu eta erabiltzeak duen balioaz ohartarazteko. Bereziki 3 urtetik beherako haurren gurasoei zuzendutako kanpaina da, euskara baliagarria dela azaltzeko eta hezkuntza sisteman hizkuntza hau ikasteko zein aukera dituzten jakinarazteko.

Hiru mintegi eginen dituzte hezkuntza arloko adituekin. Zuzenean emitituko dituzte internet bidez, 18.00etan, eta familiek galdetzeko aukera izanen dute.

Lehen saioa apirilaren 12an eginen da, Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnostiko Metodoen katedradunarekin. ‘Euskara eta eleaniztasuna eskolaren testuinguruan’ izenburua izanen du bere hitzaldiak.

Hurrengo egunean, 13an, Eduardo Aldasoro pedagogo eta Hezkuntza adituaren txanda izanen da. D ereduaz mintzatuko da.

Apirilaren 14an, Juan Pedro Urabayen A ereduan esperientzia handia duen irakasleak honako izenburudun hitzaldia emanen du: «Irekiezu euskararen leihoa, euskaraz ikastea aukera bat da».

Hitzaldi guztiek ikus-entzunezko sarrerak izanen dituzte. Horietan hainbat lagun azalduko dira euskararekin lotutako bizipen eta iritziak ematen: Begoña Lanz, Alloko irakaslea, Leire Echeverria eta Ainhoa Iriarte Gareseko irakasleak, Ainhoa Unanua, Mañeruko ama eta erizaina, Jorge Nagore, Iruñeko aita eta kazetaria, Maite Espinosa Buñueleko ama eta alkatea, Raquel Jimenez Cascanteko ama eta irakaslea, Pablo Hermoso de Mendoza, Lizarrako aita eta burtzikaria, Africa Baeta ama eta kazetaria eta Natalia Lacunza Iruñeko abeslaria.