Arrazoi ugari dituzte Zubileta Evolution Zuazoko jokalari zein teknikariek motibazioz gainezka egoteko. Asteazken honetan Kopako itzuleko neurketa jokatuko dute bizkaitarrek Atletico Guardesen etxean (A Sangriña, 20.15, galiziarren Youtubeko kanalean) eta bertan hiru goleko errenta mantentzen saiatuko dira txapelketa honetako azken fasean egon ahal izateko (joanekoan 27-24 irabazi zuten Barakaldokoek).
Klubak egun bizi duen egoera ekonomiko txarra alde batera utzi eta partidan bakarrik zentratu beharko dira zuazotarrak Kanaria uharteetan jokatuko den fasean egon ahal izateko. Bertan jokatzeko txartela eskuratu du jada Bera Berak, eta Zuazok bide bera jarraitu nahiko du.
Horretarako, 60 minutuko beste partida berri bat bezala aurre egin behar diote biharko partidari. Hala adierazi du, behintzat, Joseba Rodriguez Zuazoko entrenatzaileak. «Akats handia litzateke joaneko partidan eta hiru goleko errentan pentsatuko bagenu. Partida berri bat dela eta markagailua 0-0 dagoela pentsatu behar dugu, eta horrela azken fasera iritsiko gara. Ez badugu hori egiten, aurkariak gure gainetik pasatzeko arriskua dugu, bihar izango dugun aurkariaren kontra ehuneko ehunean jokatu behar baitugu», azaldu du "Haito"-k partidaren atarikoan.
Kopako partida honek aparteko motibazioa eman diezaioke Ligan gaizki pasatzen ari den Zuazori. Izan ere, bigarren faseko lehen bi partidetan porrota jaso baitute bizkaitarrek, Cordobaren kontra Lasesarren (22-28) eta Morvedreren aurka (23-22) kanpoan.
«Kanporaketa zaila da gure taldeak azken bi partidetan daraman dinamika negatiboarengatik. Itxura, gainera, ez da oso ona izan. Taldeak konfiantza falta du eta preolinpikorako geldialdia oso gaizki etorri zaigu. Geldialdia aurretik oso partida onak jokatu genituen eta hortik aurrera desagertzen joan gara. Lehen ginenaren itzala besterik ez gara. Hala ere, beregan konfiantza duen talde gerrazalea eta dinamikoa berreskura dezakegula uste dut», amaitu du Rodriguezek.
Irabaziz gero, edota hiru goleko errenta mantenduz gero, hasiera batean Gipuzkoan jokatzekoa zen baina azkenean Kanarietan jokatuko den azken faserako txartela eskuratuko lukete bizkaitarrek.