NAIZ

Merkatari guztientzat txertaketa eskatu du Euskaldendak konfederazioak

Euskaldendak konfederazioak merkatari guztientzat txertaketa eskatu dio Lakuako Gobernuaren Osasun Sailari. Horretaz gain, prozesuan gardentasun eta argitasun gehiago eskatu dute.

Merkataritza eta ostalaritza Barakaldon. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Merkataritza eta ostalaritza Barakaldon. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Euskaldendak (EAEko merkatari, ostalaritza eta zerbitzu enpresen elkarteen konfederazioa) merkataritzako sektoreko langile guztientzako txertoa eskatu dio Lakuako Gobernuaren Osasun Sailari.

Ohar batean azaldu dutenez, eskaera hau otsailean merkatari taldeak EAEko txertaketa irizpideei buruzko informazioa erreklamatu ondoren dator. Lehen erreklamazio hura martxoaren 9an argitu zen, Lakuak supermerkatuetako langileek ehentasuna izango zutela adierazi zuenean. Ondoren Osakidetzako iturriek lehentasun hori ukatu egin zuten.

Konfederaziotik erabakiak hartzean «gardentasuna eta argitasuna» aldarrikatzeaz gain, gogorarazi dute supermerkatuetako lehentasunezko txertaketa baieztatuz gero, «bidegabea izango litzatekeela pandemian funtsezkotzat kontsideratu ziren eta arrisku-baldintza berberak izan zituzten gainontzeko sektoreentzat».

Hori dela eta, Euskaldendak elkarteak txertoa jartzeko baldintzak berriro argitzeko eskatu dio Osasun Sailari.

Konfederazioari atxikitako 6.000 merkatarik baino gehiagok eskatu dute Lakuako Gobernuak «espresuki» aplika ditzala Lurralde arteko Kontseiluaren dokumentazioan jasotako arrisku- eta elkarrekikotasun-irizpideak, «funtsezko merkataritza guztia lehentasunez txertatua izan dadin, formatuen arteko desberdintasunik gabe».

«Sektore honetako langileek alarma egoeretan funtsezko zeregina bete behar izan dute covid-19ari erantzuteko, baldintza gogor eta desafiatzaileetan lan eginez, eta arrisku handian jarri behar izan dira beraiek eta beraien familiak, hori guztia gainontzekoen mesedetan. Printzipio hori, esposizio eta transmisio handiagoko arriskuekin eta eragin sozial eta ekonomiko negatiboko arriskuekin batera kontsideratuz, funtsezko lanak dituzten pertsona hauei lehentasuna eman behar zaie txertaketa estrategiaren lehen faseetan», azpimarratu du Euskaldendak-ek.

Konfederazioak gizarte osoari txertoa jartzeko prozesua bizkortzea ere eskatu du, «gizartearen konfiantzaz baliatzen diren azpisektore ugariri lagunduko baitie txertaketak».