Euskal Herria Baik «lorpen handitzat» jo du apirilak 8. honetan frantziar Asanblea Nazionalak hizkuntz gutxituei marko legala emanen dion Molac lege egitasmoa onartu izana.
Alderdi horrek oroitarazi duenez «urteak dira Frantses estatua edozein garapen oztopatzen duen eskema zentralizatzaile batean blokeatua dela». Hala, Parisek Europako Hizkuntz Gutxituen Xarta izenpetzeari uko egin diola behin eta berriro orotarazi du EH Baik. Ildo beretik azkeneko urteotan 50tik gora proposamen aurkeztu direla hizkuntz gutxituak babesteko eta horiek guztiak oztopatu dituela Parisek agerian utzi du.
EH Baik nabarmendu duenez, ez da oso urrutira joan behar hizkuntz aniztasunaren aurkako politika horren adibide praktikoak izateko. Ikasturte honetan bertan murgiltze eredua plantan emateko Hiriburuko herriak aitzineratu zuen egitasmoa blokatzeari jokatu zuen Hezkuntza Nazionalak.
Era berean, berdin murgiltze ereduan zein sare elebidunean baliabide eta irakasle postuen eskasiak aldi oro euskarazko hezkuntzaren garapenari traba jartzen diotela nabarmendu du alderdiak.
«Hizkuntz gutxituen lege proposamena berak hainbat oztopo, blokeo eta erresistentzia ezagutu ditu, gobernuak azken momentu arte hainbat emendakin aurkeztu baititu, baina Asanblea Nazionalak lege proposamenaren alde bozka eman du eta lorpen handia da», gaineratu du EH Baik.
Behin murgiltze sistema eskola publikoan txertatzea ahalbideratuko duen legea onartuta, «orain lanean segitzea besterik ez zaigu gelditzen gure hizkuntza garatu ahal izateko», adierazi du EH Baik.